INFO
Interview
Aitor Galdos
Laboral Kutxako managerra

«Erreferenteak izateko sortu dugu taldea, eta onenekin profesional bezala korritzeko»

Laboral Kutxak historiako lehen UCI garaipena lortu du Andaluziako Vueltan. Aitor Galdosen (Ermua, 1979) ustez, maiatzean egindakoaren «lorpena» da, taldeak «klik bat» egin baitzuen. Egutegiagatik Giroa ez dute korrituko; ez eta Frantziako Tourra ere, gonbidapena bidali zuten arren.

Aitor Galdos Laboral Kutxako managerra, taldeko maillota eskuan duela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Laboral Kutxak orain arte ereindako fruitua jaso zuen duela bi aste, Andaluziako Vueltan, Marta Romeuk taldearen lehen UCI garaipena lortu zuenean. Segidan etorri zen Usoa Ostolazaren garaipena ere Lizarran. Luze eta zabal erantzun ditu NAIZen galderak Aitor Galdos Laboral Kutxako managerrak Elgoibarren duen lantokian.

Denboraldiko lehen erdiko balorazioa egin du; tartean, lesioengatik zenbait ezbehar izan dituztela esan du, eta korritzeko «estilo propioa» sortu nahi dutela, eta «bide horretan» daudela. UCI puntuei dagokienez, helburu dute lehen 25 sailkatuen artean egotea, eta «zorrotzagoak» izanda, lehen hogei sailkatuetatik «gertu» egotea.

Pozik egongo zarete lortu dituzuen bi garaipenekin, ezta?

Oso pozik gaude. Orain dela bi aste bi lasterketa irabazi genituen, eta urtean hiru garaipen lortu ditugu. Romeurena da garrantzitsuena, taldearen lehen UCI garaipena delako. Andaluziako Vueltan taldekako sailkapena irabazi genuen, etapa guztietan txirrindulari bat edo bi egon dira lehen hamar sailkatuen artean, eta sailkapen nagusian Silvestrik bosgarren egin du eta Romeuk zortzigarren.

Espainiako Kopan, Lizarran, lasterketa menperatu genuen, bost txirrindularirekin korrituta. Lehen postua –Usoa Ostolaza–, hirugarrena –Eneritz Vadillo– eta laugarrena –Mireia Trias– lortu genituen, eta taldekako eta mendiko sailkapenak irabazi. Gauzak ateratzen ari dira. Aurretik ere ondo gindoazen, baina emaitzekin berresten ari gara orain arte egin dugun lana.

Romeuk irabazi ostean, poztasuna, negar malkoak... ikusi ziren, eta denak batuta.

Beheragotik datorren talde bat gara, askoz ere maila baxuagoan egon dena, eta beti izan gara oso talde batua. Mailaz igotzen duzunean taldea hausteko arriskua dago: zenbait herrialdetako txirrindulariak daudelako eta talde barruan lehiakortasun handiagoa egon daitekeelako. Taldea batuta dago, giro ona dago, eta azkenean egon ziren emozio eta negar malko horiek ez ziren bakarrik txirrindularienak izan, baita talde teknikoarenak ere. Hori da egin dugun lan guztiaren ilusioarengatik eta honaino iristeko egin dugun ahaleginarengatik. Garaipen batek ia dena justifikatzen du.

Emaitzak orain iritsi diren arren, aurretik ere ondo aritu dira txirrindulariak. Lehenagotik ere ondo ibili izanaren saria da?

Bai, maiatzean egin genuena lorpena da. Maiatz aurretik taldeak klik egin zuen korritzeko moduari dagokionez, eta automatikoki emaitzak iritsi ziren. Espainiako Vueltan Teruel bi aldiz sailkatu zen etapa batean lehen hamarrenen artean; bi aldiz igo ginen podiumera, saiatuarenaren maillota jasota, Blancorekin eta Teruelekin; txirrindulari bat sartu genuen sailkapen orokorreko lehen hogeita hamarren artean; eta, bereziki, lasterketako azken kilometroetan presentzia izan genuen aurrean.

Gainera, uste dut Andaluziako garaipena berandu iritsi dela. Eibarren azken kilometroetan zorte txarra izan genuen: San Migeleko mendatea igota, etapa amaitzeko hamar kilometroren faltan, hamar txirrindulariko talde batean Laboral Kutxako hiru egotea... Jaitsiera txarra izan zen; zorte txarra izan genuen Usoaren [Ostolaza] erorikoarekin. Gero, Yurani [Blanco] moztuta geratu zen eta, Deborak [Silvestri] jaitsieran hamabost segundoko errenta lortu zuen arren, azken kilometroan tropelak harrapatu egin zuen. Andaluziako garaipena aste bat berandutu zen, Eibarren lortu genuena baino sari handiagoa merezi genuelako, txirrindularien aldarteagatik, jarreragatik eta kalitateagatik.

«Andaluziako garaipena aste bat berandutu zen, Eibarren lortu genuena baino sari handiagoa merezi genuelako»

«World Tour taldeetatik, ez gara hain urruti ikusten», adierazi zion NAIZi Usoa Ostolazak. Denboraldi hasieran uste zenutena baino gertuago zaudete?

Uste dut oraindik salto handia dagoela, eta horretan lan egin behar dugula. Argi dago bi abiadura daudela bai taldeen barruan, bai World Tourrean ere, eta gu oraindik onenak diren taldeetatik oso urrun gaudela. Oraindik ez dugu aurrekonturik onenen mailan egoteko. Oraindik ez dugu mentalitate aldaketa bat egin World Tour talde bat izateko. Prestatzeko denbora behar dugu, bai talde teknikoko kideek, bai txirrindulariek, baita nik neuk ere. Txirrindulariek kalitatea badute, baina mentalitate aldaketa bat behar dute, eta konfiantza hartu. World Tourreko txirrindularietatik gertu egonda lortzen da hori.

Itzulian ikusi zen; Ostolaza onenekin egon zen azken etapan, eta azken-aurrekoan helmugarako lau kilometro baino lehen, Yurani lehen taldean zihoan. Vollering eta Van Vleutenen mailan egotea oso zaila da, baina haien atzetik esan dezakegu beste talde bat dagoela, eta lasterketa gure intereserako badoa, hor gaudela erakutsi dugu. Bide onetik goaz, eta txirrindulariak ulertzen ari dira protagonistak izan behar dugula korritzen ditugun lasterketa guztietan. Talde moduan tropelaren batez besteko erdiko maila hartu dugu, eta hortik ez dugu jaitsi nahi.

UCI puntuei dagokienez, zein da taldearen helburua?

Helburua da lehen 25 sailkatuen artean egotea, eta zorrotzagoak izanda, lehen hogei sailkatuetatik gertu egotea. Lesioei dagokionez, denboraldi hasiera oso zaila izan da. Iazko lesio batengatik Mireia Trias orain arte bizikletan ibili gabe egon da, ia bost hilabete izan dira eta orain berriro ere hasi da pixkanaka. Naia Amondarain hasieratik min hartuta egon da [aldakan izan duen lesio baten eraginez], eta oraindik ez da osatu. Izan ere, sendatzeko zer egin behar dugun baloratzen ari gara. Aileen [Schweikart] Strade Bianche ostean, birus batekin ia bi hilabete egon da entrenatu gabe, eta Ines Canterak txirrindularitzatik aldentzeko erabakia hartu zuen. Azkenik, Eider Merinok ere aurreko besoaren haustura izan zuen.

Talde guztiek izango dituzte horrelako ezbeharrak, baina lesioak gurekin oso krudelak izan dira. Gainera, funtsezkoak diren txirrindulariekin: Aileen, Eider... Naia Amondarain ere esango nizuke. Konfiantza handia genuen harengan beste pauso bat eman zezan; baita Mireia Triasengan ere.

Eider Merino aipatu duzula, Euskal Herriko Itzulian erorikoa izan zuen Ertzainako auto baten ondorioz. Zer gertatu zen eta nola dago?

Oso azkar pasatu zen dena. Ez dugu harago joan nahi. Ukondoan haustura bat du, eta hori osatzen ari da, jada zelularekin dago. Ekainean geratzen diren lasterketetan ezingo du parte hartu, gero uztailean geldialdi bat egingo dugu, eta abuztuaren lehenean sasoiko bigarren erdiari ekingo diogu; espero dugu data horretan lehiatzeko moduan egotea. Ea Arabiar Emirerri Batuetako Tourrean zuen maila hartzen duen.

Haren hutsunea faltan botako duzue. Taldeko liderretako bat da...

Bai, liderretako bat da duen eskarmentu eta gaitasunarengatik. Baina taldean badaude beste txirrindulari batzuk ere ondo ari direnak, eta erreferentziazkoak ere badirenak. Schweikart txirrindulari oso garrantzitsua da, eta beste batzuek pauso oso handiak eman dituzte; Ostolazak, esaterako. Silvestriren etorrerak ere bultzada eman dio taldeari. Blanco maila onean dabil eta Romeuk ere salto handia eman du sasoi honetan.

Aurten 11 txirrindulari etorri ziren taldera. Gaztetasuna eta esperientzia uztartuz, Euskal Herriko txirrindulariekin eta kanpokoekin osatu duzue multzoa. Asmatu duzuela uste duzu?

Talde apala gara. Txirrindulari sorta bat aukeratzerako garaian, aukera txikiagoa zen. Mugak izan ditugu zenbait arlotan. Lehenik, talde bezala nola korrituko genuen ziurgabetasuna zen nagusi; bigarrenik, Torneo Euskaldun lasterketa eta Espainiako Kopa korritzetik nazioarteko egutegi batera begira jarri gara, egutegi hori ziurtatuta ez genuenean. Hori handicap bat izan da izen handiak fitxatzeko. Azkenik, alderdi ekonomikoa. Aurrekontua handitzen ari da, baina oraindik ez gaude beste talde batzuen mailan. Saiatu gara genituen baliabide ekonomikoekin talde ahalik onena egiten eta proiektu honengatik benetan apustua egin duten txirrindulariak ekartzen.

Uste dut txirrindulariekin asmatu dugula, eta irizpide jakin batekin fitxatu dugula: potentzial handia zutenak, eta Euskal Herriko etorkizunera begirako txirrindulariak zirenak, Idoia, Naia eta Mireia bezala [azken hori kataluniarra da]. Guk haien alde egin dugu, eta haiek proiektu honen aldeko apustua egin dute. Oro har, pozik gaude zenbait txirrindularik gurekin maila hobetzea lortu dutelako. Usoaren kasua adibide garbia da hemen nola hazi den ikusteko, baita Yurani eta Alba Teruel ere.

Denboraldi hasieran txirrindulariei esango zenieten nolako taldea nahi zenuten ikustea lasterketetan.

Gure ideia da maila guztietan talde bat izatea. Irudi ona ematea lehiaketaren barruan zein kanpoan, txirrindulariek behar duten guztia izan dezatela jarduera baldintza onenetan egiteko, lasterketan zer helbururekin korritzen dugun argi egotea; talde antolatua eta helburu argiekin, eta hortik aurrera, emaitzak horren guztiaren ondorio izango dira. Txirrindularitza, beste kirol batzuk bezala, ez da matematika. Argi dagoena da estilo propioa sortu nahi dugula, eta bide horretan gaude.

Lehen aurreratu duzu uztailean geldialdia egingo duzuela. Beraz, Giroa ez duzue korrituko?

Ez, ez dugu korrituko. Egutegiagatik gaizki zetorkigun. Baina datorren urteko xedeetako bat izango da. Gainera, gure lehentasun handiena beti Tourra izan da, are gehiago jakinda urte honetan gizonezkoena etxean hasten dela, eta emakumezkoena Pauen bukatzen dela. Oso polita izango zen emakumezkoen Tourra korritzea. Ahalegindu gara ahal genuen guztia egiten lasterketa korritzeko, baina ez da posible izan. Borrokan jarraituko dugu datozen urteetan aukera hori izateko. Alde positiboari begiratu behar zaio: datozen urteotan korritzen badugu, taldea helduagoa izango da eta maila handiagokoa. Beraz, lehiakorragoak izango gara. Frantziako Tourrera ez gonbidatzea izan da pixka bat sumindu gaituena.

«Txirrindulariek kalitatea badute, baina mentalitate aldaketa bat behar dute [...] Eta hori lortzen da World Tourreko txirrindularietatik gertu egonda»

Iragan astean iragarri zenuten Joane Somarriba batuko zela taldera. Berri ona da emakumezko txirrindulari erreferenteak zuzendaritzako taldeetan sartzea, ezta?

Joane [Somarriba] gure proiektura batzea oso garrantzitsua da txirrindularientzat, baina bereziki talde osoarentzat. Eskarmentu handia du: Giroa, Tourra eta Vuelta irabazi ditu. Horrelako palmaresa duen txirrindulari bat izatea, eta erreferente bat izan zela eta dela jakinda, uste dut garrantzitsua dela bere eskarmentua eta laguntza ematea taldeari. Ekarpen handia egingo dio proiektuari, eta hazten lagunduko digu. Beste harri bat jarriko dugu proiektu honetan. Erronka anbiziotsuak ditugu. Joaneren figurak asko emango digu txirrindularitzaren munduan izan denagatik.

Etorkizunera begira, nola aurreikusten duzu emakumezkoen txirrindularitza?

Emakumezkoen txirrindularitzak profesionalizazioa behar du, haien arteko maila parekatzeko. Txirrindularitza ogibide izango duten lasterkariak behar dira, eta ez bakarrik World Tour taldeetan, maila Kontinentalean ere, eta hemendik gutxira sortuko den tarteko kategorian. Hortik aurrera, emakumezkoen txirrindularitzan hazkuntza aro bat egongo da, dena berdinduko da. Espero dut, halaber, emakumezko txirrindulariek ulertzea kirolak erakargarria izan behar duela. Hemen hitz egiten dugun zerbait da, orain emakumezkoen txirrindularitza eklosio betean dago, eta askotan esan ohi diegu ez dezatela galdu aukera lasterketak erakargarriak egiteko. Azkenean, ikusleak mugiarazten dituena da lasterketak ikusi ahal izatea eta haiekin gozatzea.

Pentsamolde aldaketa ere egon dela uste dut, ahalik eta modu apalenean esanda, guk aldaketa horren parte izan nahi dugu. Espero dugu urte batzuk barru, gizonezkoek dituzten audientzien mailan egotea, eta jardunari dagokionez, bizikletan aritzen diren neskak lasterketara etortzea. Prozesu bat da, eta oraintxe bertan gorakada betean dago. Neskek olatu hau aprobetxatu behar dute profesionalizatzeko, eta gu ere profesionalizatu behar gara haiei aukerak emateko eta emakumezkoen txirrindularitzan erreferente diren beste herrialde batzuen mailan egoteko.

Euskal Herrian badago harrobia?

Badago harrobia, baina gehiago behar da. Duela bost-zortzi urte Euskal Herrian inork ez zuen uste txirrindularitzatik bizi zitekeenik, mundu mailan erreferentea ez bazinen. Orain posible da eta espero dut datozen urteotan aukera hori handitzea. Guk sortu dugun taldea horretarako da: talde erreferentea izateko, helburutzat duena profesional bezala korritzea, munduko lasterketarik onenetan eta munduko txirrindulari onenekin. Eneritz Vadilloren kasua da. Sekulako potentziala du, 18 urterekin World Tour mailako lasterketan parte hartu eta lehen 60 sailkatuen artean sartu zen Italian. Vadillo da nahi dugunaren adibide argia. Oxala etorkizunean Eneritz Vadillo bezalako txirrindulari gehiago egotea.

Eta ez bakarrik Euskal Herriko txirrindulariak, bestelako kulturen beharra ere badugu. Proiektua aberasgarriagoa izateko, modu egokian hazteko eta mundu mailan erreferente izateko, beste kultura, hizkuntza era bizipen batzuk behar ditugu. Hemengoak hazteko eta kanpokoek ikus dezaten hemen txirrindularitza nola bizitzen den, nolakoak garen eta nola lan egiten dugun.