INFO

Ondarearen Europako Saria jaso du Debako zubiaren birgaitzeak

Europako Batzordeak eta Europa Nostra erakundeak Debako zubiaren birgaitzea «ingeniaritza zibilaren adibide bikaina» dela iritzi eta ondarearen arloko saria eskaini diote. Irailaren 28an banatuko dituzte sariak, Venezian.

Deba eta Mutriku lotzen ditu zubiak. (DIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA)

Europako Batzordeak eta Europa Nostrak Ondarearen Europako Sariaren eta Europa Nostra Sariaren irabazleak iragarri dituzte astearte honetan. Sari hauek Europako Batzordeak sortu zituen 2002an, ondarean arloko proiektu, ekimen eta pertsona adierazgarrien lana balioan jartzeko.

Aurten ondarean arloan saritutako proiektuen artean dago Debako zubia. Epaimahaiak nabarmendu du «ingeniaritza zibilaren adibide zoragarri bat den XIX. mendeko harrizko zubi hori» birgaitzeko «ahaztutako materialei eta teknikei buruzko ikerketa historiko zabala» jarri zela abian eta balioan jarri du zeregin horretarako «diziplinarteko lankidetza teknikoaz baliatu» izana.

Debako zubia 1866an eraiki zen eta Donejakue Bideko monumentu multzoaren barruan babestuta dago. 2018an izandako arazo baten ondotik egonkortasuna galdu zuen eta zubiko zirkulazioa ixtea erabaki zen, Deba eta Mutrikuko biztanleei eragozpen nabarmenak sortuz. Gipuzkoako Aldunditik azaldu dutenez, zubiaren «garrantzi kulturala eta jarduketaren konplexutasun teknikoa» zirela eta zubia birgaitzeko proiektua beren gain hartu zuten: «Oso garrantzitsua zen gure kultura ondarearen kontserbazioa bermatzea, bai eta pasabidea lehenbailehen zabaltzea ere, bizilagunen egunerokotasuna eta Donejakue bidearen jarraitutasuna ziurtatuz», nabarmendu dute.

Hala, lehen fasean zubiari eustea eta oinezkoen pasabidea bermatzea izan zen helburua, eta horretarako egitura bat ezarri zen. Egonkortasuna bermatu ondoren, birgaitze proiektua abiatu zuten eta horretarako XIX. mendeko zubien eraikuntzako teknikak aztertu zituzten. Azkenik, gangak desmuntatu, erdiko pila berreskuratu eta bi gangak berreraiki ziren.

Irabazleak Ondarearen Europako Sarien Ekitaldian omenduko dituzte, datorren irailaren 28an, Veneziako Palazzo del Cinema jauregian. Ekitaldian Grand Prix-en irabazleak eta Publikoaren Sariaren irabazleak ere iragarriko dira, aurtengo irabazleen artean aukeratuak. Herritarrek parte hartu eta erabaki ahal izango dute zer proiektuk irabazten duen 2023ko Publikoaren Saria (10.000 euro), esteka honetan sartuta.