Rote Zora Alemaniako emakumezkoen hiri-gerrillaren antologia bat, euskarara ekarria
Rote Zora 1974ean sortu eta 1995ean desagertu zen. Emakumezkoek sortutako hiri-gerrilla izan zen eta patriarkatuaren, inperialismoaren eta militarismoaren aurka borrokatu zuten, oraindik nazismoaren zantzuak zeuden Alemanian. Katakrakek euskarara ekarri ditu beraien hausnarketa eta elkarrizketak.
«Emakumeok beti ibili izan gara borrokan talde armatuetan, baina gure ekarpena isilpean gorde izan dute gehienetan». 1981eko urtarrileko Rote Zoraren hausnarketa testu batek jasotakoa da esaldia, eta isilpetik argira ekartzeko argitaratu du Katakrak argitaletxeak ‘Rote Zora. Hiri-gerrilla feminista piztiaren bihotzean (1974-1995)’ liburua, David Lindemannek euskaratuta.
Donostiako liburutegian egin dute aurkezpena astearte goizean Hedoi Etxarte editoreak eta David Lindemann itzultzaileak. Mendebaldeko Alemanian osatutako emakume feminista autonomoen hiri-gerrilla izan zen Rota Zora taldea. Bigarren mundu gerraren ondorenean, nazismoa militarki gainditu bai, baina nazismoaren zutabe garrantzitsuenak zutik zeuden garaian sortu zen emakumezkoen hiri-gerrilla hau. Guztira 45 ekintza egin zituen, patriarkatuaren, inperialismoaren eta militarismoaren aurka hein handi batean. Liburuan, beraien 20 urte pasatxoren kronologia bat egiten da. Ez da aurrez idatzitako liburu baten aurkezpena, taldearen komunikatu eta dokumentuen, zein alemanez egindako elkarrizketa baten bilduma bat baizik.
Lindemannek aitortu du itzultzeko eskaria iritsi zitzaionean ez zuela pozik hartu: «Bi kezka nagusi nituen, batetik mutila naizela, eta bestetik, euskaldun berria». Liburua ontzeko izan dituen bidelagunen laguntza eskertu du aurkezpenean eta prozesuan bere beldurrak gainditu dituela kontatu.
Uste baino lehenagotik izan zuen itzultzaileak hiri-gerrillarekin harremana: «1996an Berlingo Unibertsitatera iritsi nintzen, Politika Zientziak ikastera, eta iritsi bezala irakurri nuen pankarta batean: Ingritz Trouble askatu!». Rote Zorako militantea zen Trouble, anonimoak ez ziren bi militanteetako bat, preso hartu zituzten bakarren izenak jakin izan dira. Eta liburuaren aitzakian, gehiago jakiten joan da alemaniarra, «interesgarria eta aktuala iruditzen zait», aitortu du hiri-gerrillek plazaratzen dituzten hausnarketei erreferentzia eginez.
Idazten joan ahala, aldatu da liburuaren egituraketa. Hasieran, Katakrakek egin ohi duenez, argitaletxearen oharra dago. Ondoren, ‘Emma’ aldizkarian egindako elkarrizketa bat jasotzen da. ‘Emma’ aldizkaria Alemaniako mugimendu feministaren erreferentziazko aldizkaria da, eta 1984koa da elkarrizketa. Etxartek kontatu du momentu interesgarrian egindakoa dela elkarrizketa: «Gerrillaren ibilbidearen erdialdean gutxi gorabehera, esperientzia badu, baina aldi berean ez da amaiera elkarrizketa bat. Gainera, Berlingo harresia oraindik erori gabea zegoen». Hurrengo lau kapituluetan, Rote Zoraren beraren komunikatuak jasotzen dira, egindako ekintza ezberdinenak. Hizkera «zuzen eta bortitza» erabiltzen dute komunikatu horietan itzultzailearen arabera. Editoreak berriz, estilo horri «xamurtasuna eta amorru handi bat» ere sumatzen zaizkiola mahaigaineratu du.
Komunikatuen ondoren, taldearen beraren hausnarketa testu bi jasotzen dira. Garaiko emakumezkoen kongresuren batean aurkeztuak izan zirela uste da. Bata presoen inguruko gogoeta, eta bestea garaian egiten ari ziren borroka ezberdinen, hauen uztarketen, lehentasunen eta emakumeen paperari zein alderdiari kritika egiten dion hausnarketa. Amaitzeko, taldearen kronologia labur bat jasotzen da.
«Borroka orokorra» emakume gorputzetatik
Emakumeek osatutako taldea bazen ere, ez zuten «emakumeen problematiken» aurrean soilik egin nahi borroka, itzultzaileak azaldu duenez. «Borroka orokorrari» ekarpena egin nahi zioten emakume gorputzetik. Horregatik, gai ezberdin asko landu zituzten, talde mistoetan lantzen ziren berak, eta Etxarteren iritziz «gatazken kronologia materialak egiten zituzten, analisi zorrotzak, posizio etikoetan geratu beharrean». Kontraesanak argi azaltzeko zuten doaia azpimarratu dute aurkezpenean, analisi zorrotz zein hausnarketa sakonez gain.
Abortuaren gaia determinantea izan zen Rote Zoraren ibilbidean, eta horren aurrean, baita antzutze programa eta enpresen aurka egindako ekintzak ere. Beste ekintza interesgarri bat ere kontatu du Lindenmannek: «Nazien ikerketa emaitzak gordeta zeuden artxibategi bati ere egin zioten eraso. Han ezkutatuta zeuden naziek egindako sarraskien emaitza eta gene-ikerketak, eta horiek lapurtu eta argitaratu zituzten».
Militantzia ereduari dagokionean, «gizonezko militante armatuari kritika» egiten zietela azaldu dute. Eta horregatik, talde armatuko kide izatea beraien «bizitza legalarekin» uztartzen zuten; hau da, ez ziren %100ean taldeko militante izatera mugatzen. Horri lotutako zenbait hausnarketa ere ageri dira liburuan.
Hizkera eta terminologiari lotutakoa izan da Lindemannen arabera prozesuan zehar izandako beste kezketako bat. Taldearen ibilbidean zehar terminologia aldatzen joan da, eta horiek euskarara ongi ekartzea kostatu zaiola aitortu du. «Batez ere dekodifikatzea izan da nire lana, alemanez esan nahi duen hori ongi ekartzea, horretarako laguntza izan dut», kontatu du, egindakoarekin pozik dagoela azalduz.
Testu guztiak modu berean amaitzen zituzten Rota Zorako kideek, eta aurkezpenean ere hori nabarmendu dute, borrokaren aldarria eginez: «Zuen herrietan sortu borrokarako beste talde bat».