INFO

Hupi, Errigora eta Sorland saritu dituzte Bai Euskarari 2023 ekitaldian

«Egunerokoan euskara txertatzea» nabarmenduta, Hupi, Errigora eta Sorland entitateak saritu dituzte asteazken honetan Donostian egindako Bai Euskarari 2023 ekitaldian.

Hupi izan da Bai Euskarari 2023 ekitaldian sarituetako bat. (Gorka Rubio | FOKU)

«Euskararen erabilera areagotzeko lan handia egiten dutelako», Hupi, Errigora eta Sorland entitateak saritu dituzte Bai Euskarari 2023 ekitaldian. «Askotan haizea kontra izanda ere, beldurrik gabe eta ausardiaz, beraien egunerokoan euskara txertatzen ari diren hiru entitate saritu ditugu; inguruan eragiten dutenak, kontra egon litekeen haizea, aldeko haize bihurtzeraino», adierazi dute.

Azaldu dutenez, «Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratzen duten entitateek apustu bat egiten dute; haien lanaren bidez, haratago joatea erabaki dute, euskaraz lan egin eta eroso bizi ahal izateko. Urtez urte urratsak egitera engaiatzen dira, euskarari espazio berriak irekitzeko gogoarekin eta beharbada ohituraz erdaldunagoak diren eremuetan euskarari merezi duen tokia ere ematen diote, ausardiaz».

Hupiren kasuan, «guztiz erdalduna den sektore batean» euskarari «leku egiten ari direla» nabarmendu dute. «Euskara beraien DNA-n dagoela diote, harrotasunez. Orain hain bogan dagoen adimen artifizialarekin lanean dihardute aspalditik, Ipar Euskal Herrian eta baita Hego Euskal Herrian ere». Irati Rodriguezek eta Romain Roquefèrek jaso dute saria.

Errigora izan da sarituetako beste bat eta Xanti Kirogak jaso du saria. «Euskarari bultzada emateko lanean ari dira, bai Nafarroa hegoaldeko euskalgintzari zuzeneko diru-ekarpena eginez, bai zonaldean euskarak espazio berriak irabaz ditzan lan eginez», adierazi dute Bai Euskarari taldeko kideek.

Hirugarren saritua Sorland izan da. «Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zenetik, hasiera-hasieratik, dute ‘Zerbitzua eta Lana euskaraz’ ziurtagiria. Zerbitzua euskaraz eskaintzen dute, lan euskaraz egiten dute eta, gainera, euskara ikusarazteko hainbat kanpaina egin izan dituzte urte hauetan guztietan. Leloak euskaraz ere sortu daitezkeela erakutsi dute eta, gainera, produktu edo marka bati Euskal Herrian ikusgarritasuna emateko ezinbestekoa dela euskara erabiltzea». Gorka Barruetabeñak jaso du saria.