Denzel Andersson hegal-pibot suediarrak beste urtebetez jokatuko du Bilbao Basketen
ACB Ligan debuta egin duen urtean zenbaki ikusgarririk pilatu ez badu ere, 5 puntu eta 2,9 errebote batez beste, Anderssonen lana ezinbestekoa izanda beltzezko gizonen defentsako lanari sendotasuna emateko. Bera da datorren denboraldira begirako hirugarren kontratu berritzea.
Denzel Andersson hegal-pibot suediarrak beste denboraldi baterako berritu du kontratua; hau da, 2024ko ekainaren 30era arte, Surne Bilbao Basketekin. Anderssonek Jaume Ponsarnau entrenatzaileak ezarritako rola bete ederki du taldean ACB Ligako bere debuteko urtean, erasoan baino gehiago atzean nabarmendu delarik, beltzezko gizonen defentsa zutabeetako bat bihurtuta.
Horrez gain, tarteka erasoan ere ekarpen txukuna eman du. Esaterako, funtsezkoa izan zen Basket Zaragozaren aurka etxetik kanpo lortutako garaipenetan –10 puntu eta 6 errebote– edo UCAM Murtziaren aurka etxean lortutako garaipenean –10 puntu, 4 errebote eta 17ko balorazioa–. Aldiz, Ligako 31. jardunaldian, Betisen aurka, jo zuen goia Denzel Anderssonek, 18 puntu erdietsi baitzituen.
Oro har, itxura ona eman du Bilbon jokatu duen aurreneko denboraldi honetan, nahiz eta bere estatistikak ez diren beste mundukoak; batez beste 5 puntu eta 2,9 errebote lortu dituen 19 minututan. Hala, 2023/(24 denboraldian aurreneko urte honetan egindako lana berretsiko ote duen espero dute klub bilbotarrean.
Anderssonena datorren denboraldirako hirugarren kontratu berritzea da, Xavi Rabaseda kapitaina eta Adam Smith eskoltaren ostean.