INFO

Duela lau urte baino 21 alkatetza gehiago du EH Bilduk: «Lehen indar gisa sendotu gara»

«Lehen indar munizipalista gisa sendotu da EH Bildu». Oztopoak oztopo, pozik ageri dira ezkerreko independentistak udalen osaketak utzitakoarekin. Izan ere, duela lau urte baino 21 alkatetza gehiago bildu dituzte, 1.402 hautetsi batuz.

Maddalen Iriarte eta Andu Martinez de Rituerto, Tolosako alkate berria. (Jon Urbe | Foku)

Astelehenean balorazio sakonagoa egingo du EH Bilduren Mahai Politikoak, baina larunbat honetan aurreratu duenez, «sendotuta» ikusten du bere burua udal mailan udalen osaketaren jardunaldi honetan ostean.

Bi datu adierazgarri nabarmendu ditu. Bata jada jakina zen: 1.402 hautetsi lortu ditu lau herrialdeetan maiatzaren 28ko emaitzei esker. Bestea larunbat honetan gauzatu da: 145 alkatetza eskuratu ditu EH Bilduk, duela lau urte baino 21 gehiago.

Herrialdeka honela banatzen dira alkatetza horiek: 15 Araban lortu ditu, 41 Bizkaian, 51 Gipuzkoan eta 38 (gehi batzar bat) Nafarroan.

«Hauek dira ezker subiranistaren alkatetza berriak: Aiara, Laudio, Oion, Agurain, Iruraitz-Gauna, Lagran, Dima, Zeanuri, Bermeo, Abadiño, Atxondo, Alonsotegi, Sopuerta, Zeberio, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Fruiz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Andoain, Mendaro, Soraluze, Aretxabaleta, Arrasate, Eskoriatza, Zegama, Lezo, Pasaia, Tolosa, Zaraitzuko batzarra, Berriobeiti, Burlata, Cabredo eta Lekunberri», zerrendatu ditu.

Astelehen honetan Mahai Politikoak bilera egingo du udalen eraketan gertatutakoa baloratzeko, eta horren ostean Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia agertuko da hedabideen aurrean.