INFO

Jean-Rene Etchegaray ez da frantziar Senatuko bozetara aurkeztuko

Jean-Rene Etchegarayk bere hautua egin du. ‘Mediabask’-ek argitaratu duen albistearen arabera, finean Euskal Elkargoan eta Baionako Herriko Etxean betetzen dituen bere ardurak alboratzera behartuko lukeen senatari postua lortzeko lehian ez du parte hartuko agintari zentristak.

Jean-Rene Etchegaray, Euskal Elkargoko lehendakaria eta Baionako auzapeza. (Patxi BELTZAIZ)

«Jende anitzek galdetu dit urratsa emateko», adierazi zuen Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko buruak badira hamar bat egun heldu den irailaren 24an iraganen diren frantses Senaturako bozetan parte hartzeko asmoa ote zuen galdetuta. «Erabaki bat hartzeke daukat», aitortu zion ‘Sud-Ouest kazetari’.

Handik egun batzuetara «deliberoa hartua zuela» jakitera eman zion ‘Mediabask’-i, xehetasunetan sartu gabe.

Gaur, ordea, aipaturiko hedabideak plazaratu duen albistearen arabera Baionako auzapezak uko egin dio Pirinio Atlantikoen Departamenduan hautatzen diren hiru senatari postuetako bat lortzeko lehian partehartzeari.

UDI alderdi txikia baztertu ondoren badira zenbait hilabete Emmmanuel Macronen Renaissance alderdiaren karta hartu zuen buruzagi zentrista ez dela, ondorioz, senatari izanen.

Jakin behar da senatari gisara hautatua izanez gero bai Euskal Elkargoko lehendakari baita Lapurdi hiriburuko auzapez izaten jarraitzeari uko egin beharko liokeela Etchegarayk.

Finean Ipar Euskal Herrian hautagaitza horrek sortu zezakeen lurrikara ez da gertatuko.

Bere erabakiarekin gauzak argiagoak izanen dira gainerako hautagaientzat baina bereziki bere eremu beretik datorren Denide Saint-Pe jarduneko senatariarentzat.

Badira hiru bat egun baieztaturiko erabakia

Hain zuzen Goizeder Taberna kazetariak ‘Mediabask’-en sinatzen duen informazioak senatari lapurtarraren hitzak jasotzen ditu.

«Iazko abenduan Jean-Rene Etchegarayekin bilera ukan nuen eta berriz ere departamendu mailako zerrenda zentristaren gidaritza eramateko asmoa nuela jakinarazi nion, era berean berak hautagai izateko asmoa orte zuen galdetu niola», zehaztu dio Saint-Pek Ipar Euskal Herriko hedabideari.

Jarduneko senatari bearnesaren arabera badira hiru bat egun Etchegarayk baieztatu zion, telefono dei baten bidez, ez zela hautagai izango.

Saint-Pek gehitu duenez Etchegarayk «hautu pertsonala» egin du.

Izan ere, Renaissance alderdiaren karneta hartu zuenetik alderdi horren ordezkariek ez dute inoiz ezkutatu 2017an Euskal Elkargoa eratu zenetik Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herriak bere baitan hartzen dituen erakundearen lehendakari izan den agintariaren itzala hauspotzeko.

Irailaren 24an iraganen dira bozak

Iragan ekainaren 9an hiru lurraldeetako udalbatzek irailaren 24an iraganen diren Senaturako hauteskundeetan botoa emango duten «hautesle handiak» hautatu zituzten.

Senaturako ordezkariak ez dira boto herritarraren bidez hautatzen. Hain zuzen diputatuek, senatariek, eskualde eta departamendu kontseilariek zein udaletako hainbat ordezkarik parte hartzen dute aipaturiko boz horietan.

Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko herriko etxeetan iragan zen bozketa horren atarian Euskal Herria Baik Senaturako hauteskundeei begira harturiko erabakiaren berri eman zuen.

Ekainaren 2an Saran eginiko biltzar bereziaren ostean Frederique Espagnac jarduneko senatari sozialistak ezkerreko zerrenda osatzeko eginiko eskaintza esploratzearen alde azaldu ziren EH Baiko militanteak.

Espagnacek ez du oraindik ere bere hautagaitza ofiziala egin. Edonola ere, bai berak baita Max Brisson Biarritzeko senatari kontserbadoreak ere azken hilabeteetan hautesien sostengua lortzeko desmartxak abian eman dituzte, zalaparta handirik egin gabe, hori bai.

Ezker hexagonala eta ekologistak

Anartean, iaz egin ziren frantses Presidentetzarako eta Legebiltzarrerako bozetan Jean-Luc Melenchonek Euskal Herria eta Bearno batzen dituen departamenduan lortu zituen emaitza onak goraipatu ondoren Frantzia Intsumituaren kide den Sandra Pereira Ostanek bere hautagaitza iragarri zuen joan zen astean.

Angeluko zinegotziak Didier Bayens hautetsi bearnesarekin partekatuko du zerrenda.

Finean, Europe Ecologie-Berdeak alderdiak ere aipaturiko bozetan parte hartzeko asmoa baieztatu du. Emmanuel Camelot eta Julien Brunel hautatu dituzte hautagai bezala departamenduko ekologistek.

Baionan ekainaren 12an egin zuten agerraldian, ordea, ezkerreko aliantza eratzeari ez zioten muzin egin hautagai ekologistek.

Gauzak horrela, eta are gehiago Etchegarayk bere hautua jakinarazi ondoren, alderdien arteko negoziaketak –eta agian hautagaitzen iragarpenak ere– azkartuko direla pentsa daiteke.

Prefekturan zerrendak erregistratzeko epea irailaren lehenengo astean finkatua bada ere, hautagaiek asmoak argitu beharko lituzkete uda bete betean sartu aitzin.