INFO

Laura Aliaga hegalekoak Kutxabank Araskiren kanpoko eta barruko jokoa lotuko ditu

Azken bost denboraldiak Lugoko Ensinon aritzetik dator 29 urte eta 1,86 metroko jokalari hau. Talde-lanerako jokalari aproposa da Alacantekoa, eta orotara, 2023/24 denboraldiari begira, Made Urietak zuzentzen duen multzora atxikitzen den zazpigarren jokalaria izango da.

Laura Aliaga, Kutxabank Araskiren zazpigarren jokalaria. (@ARASKI)

Kutxabank Araskik Laura Aliaga hegaleko espainiarra fitxatu du 2023/24 denboraldira begira. Alacanteko jokalariak 29 urte ditu eta 1,86 metro neurtzen ditu eta azken bost denboraldietan Lugoko Ensino taldean aritu da, aurrez beste bi urte Benbibre taldean aritu eta gero. Alegia, oraindik 30 urte bete ez baditu ere, badu nahikoa eskarmentu gasteiztarren fitxaketa berriak, zazpi denboraldi bete baititu gorengo mailan.

Kanpotik jaurtitzaile fina bada ere, talde-lana da bere armarik nagusiena. Pasa den denboraldian 4,6 puntu, 2 errebote eta 0,7 asistentzia lortu ditu batez beste; ez dira txunditzeko moduko zenbakiak, baina beste taldekide batzuek zenbakiak gizenduko badituzte, lanerako prest dauden kideak behar dituzte, eta horrelakoa da Laura Aliaga.

Madelen Urietak mugikortasuna, abiadura eta espazio irekiak maite dituelarik, Aliagak barruko eta kanpoko jokoa uztartu beharko lituzke. Izan ere, ez da harritzekoa Urietak hainbat alditan bi antolatzailerekin jokatzea edo hegal-pibot postua betetzen hegaleko bat ipintzea ere, baldin eta errebotea zaintzeko eta bere jaurtiketari esker kantxa zabalago egiteko trebetasuna badu. Gasteizen Natalie van den Adelekin bat egingo du berriro. Alacanteko jokalariak eta ez litzateke harritzekoa izango biak ala biak elkarrekin hainbat minutuz ikustea.

Laura Aliaga fitxatu ostean, datorren denboraldiari begirako zazpigarren baliabidea pilatu du Kutxabank Araskik dagoeneko. Aurrez Txell Alarcon, Agostina Burani eta Natalie Van den Adelek kontratua berritu zuten eta azken asteetan, berriz, Tamara Seda, Marta Hermida eta Melisa Gretter iritsi dira.