Solway enpresak ‘Argia’ri elkarrizketa bat ezabatu eta 15.000 euro ordaintzeko exijitu dio
Guatemalako Paolina Albani kazetariari egindako elkarrizketa dela eta, difamazioaren akusaziopean elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko mehatxua jaso du ‘Argia’ astekariak Solway multinazionalaren eskutik. Ez ezabatu eta ez ordaintzea erabaki dute, «kazetaritza ez delako delitua».
«Kazetaritza ez da delitua» lelopean, prentsaurrekoa eman dute ‘Argia’ astekariko lan taldeak, Mugarik Gabe GKEk eta Euskal Herriko Emakume migratu eta Arrazializatuen elkarteko kideek astarte honetan. Paolina Albani Guatemalako kazetariari egindako elkarrizketaren harira, Solway multinazionalak elkarrizketa ezabatzeko eta 15.000 euro ordaintzeko mehatxua egin dio astekariari, bestela, kasua epaitegira eramango dutela esanez, difamazioaren akusaziopean. ‘Argia’k ez ezabatzea eta ez ordaintzea erabaki du. Mehatxu horrek «kazetaritzaren independentzia» urratzen duela mahaigaineratu dute eta gaiaren inguruan informatzen jarraituko dutela berretsi.
Albani Guatemalako kazetariak ‘Mining Secrets’ ikerketaren inguruan hitz egin zuen ‘Argia’rekin. Nazioarteko 65 kazetarik hartu zuten parte ikerketan, tartean, ‘The Guardian’, ‘Le Monde’ eta ‘El Pais’ egunkarietakoek. Ikerketan zortzi milioi dokumentuko filtrazio bat jasotzen da, eta ondorioztatu zuten Suitzan egoitza duen Solway meatzaritza multinazionalak Guatemalan dituen bi filialek egindako kutsadura txostenak ezkutatu dituela. Gainera, zonaldean bizi diren komunitateen biziraupen laboreei su emateko planak zituela enpresak, tokiko liderrak erosteko diru-funtsak edota Guatemalako Polizia Nazionalari dirua bidaltzen ziola azaldu du Leire Artolak, elkarrizketa egin zuen kazetariak: «Hau da, Sloway taldeak haren baliabide finantzario eta politikoak erabli dituela Guatemalan haren interesen aldeko erabakiak har ditzan».
Ikerketan jasotakoak aipatu zituen Albanik elkarrizketan, eta hori dela eta burofax bidez multinazionalak Madrilen duen abokatu bulegotik iritsi zaio mehatxua ‘Argia’ri. Adierazi dute ez dutela ezabatuko elkarrizketa, ez dutela ordainduko, eta gaiaz informatzen jarraituko dutela; «kontrakoa lortu duzue» ohartarazi du Artolak. Aste honetako astekarian, abokatuek bidalitako testua bera eta kasua sakonago azaltzeko erreportaia argitaratu dituzte. Mugarik Gabeko elkartearen ordezkari Ainitze Zabalak multinazionalaren helburua «segurtasun eza, eta beldurra zabaltzea» dela azaldu du, eta «autozentsura inposatzeko modu bat» dela gaineratu.
«Guatemalan lurraren defentsan ari diren herrientzat eta jazarri dituzten kazetari guztientzat» elkartasuna eta babesa adierazi dute, ‘Prensa Comunitaria’ hedabideari batez ere. Izan ere, bertako hedabideak lehenago mehatxatuak izan dira, eta adierazi dute ‘Le Monde’k ere salaketa jaso duela. Artolak gaineratu du mehatxu horiek egiaztatzen dituztela ikerketaren datuak: «Solway gugana heldu eta mehatxu egiteko gai izateak sinesgarritasuna ematen die hango kazetarien salaketei».
Ustelkeria eta dokumentuen filtrazioak
Mugarik Gabe Elkarteko Zabalak azaldu du El Estorri herrian ari direla kutsadura horren ondorioak jasaten. «El Estorreko komunitateek eta herri komunikatzaileek urtetan salatu dute meategiaren jarduna eta horren eragina; hain zuzen, meategiaren ingurune inpaktua eta honek bertan bizi diren komunitateetan duen inpaktu kaltegarria. Salaketei erantzuna errepresio gordina izan da: atxiloketa arbitrarioak, frogarik gabeko sumarioak irekitzea, kriminalizazioa, etxebizitzak bortxatzea, jazarpenak, setio egoerak eta hilketak».
Hego Amerikan, eredu horretako meatze enpresa multinazionalen jarduna «nahiko arrunta» dela adierazi du Zabalak, baina kasu honetan badagoela alde nabarmen bat: 8 milioi dokumentu eta barne mezuren filtrazioa. Eta horrek, enpresaren jarduera ustela agerian utzi duela salatu dute.