INFO

Lesbosetik korridore humanitarioa sortzeko eskatu dute: «Borondatea badago, aukerak daude»

Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak Lebosetik korridore humanitarioa sortzeko eskatu diete EAEko agintariei. «Borondate politikoa baldin badago, aukerak daude», azpimarratu dute Ukrainako inbasioaren ondoren hartutako neurriak gogoratuz.

Asteazken honetan Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Grezian dagoen Lesbos uhartetik igarobide humanitario bat sortzeko eskatu die Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteak EAEko agintariei, «bisatu humanitarioak jaulkiz, korridore italiarren ereduari jarraituz». Halaber, aldi baterako babes araubidea eta bizileku baimenak aldarrikatu ditu, Ukrainako inbasioaren ondoren erakundeek egin zuten bezala.

«Borondate politikoa baldin badago, aukerak daude», nabarmendu dute Rosabel Argote eta Ainhoa Galagarza Ongi Etorri Errefuxiatuak elkarteko kideek Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egindako agerraldian.

Bertan Lesbosen dauden errefuxiatuen egoera salatu dute, eta honi aurre egiteko neurri «koherente eta humanitarioak» eskatu dituzte, «Frontex eta Dublingo Erregelamendua bezalako tresnetara jo behar izan gabe».

«Aktibatu, mesedez, baliabide eta mekanismo horiek Lesboseko errefuxiatuentzat, ez baitira bigarren mailako errefuxiatuak, eta ez baitute merezi sasi-kartzelatuak izatea. Ez dezagun ahaztu asiloa eskatzea ez dela delitua. Nolanahi ere, delitua da nazioarteko babesa izateko giza eskubidea dutenei ez laguntzea», ohartarazi dute.

Behaketa Misioa

Izan ere, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba elkarteko kideek ondo ezagutzen dute Lesboseko egoera. Zazpi kide bertatik itzuli berri dira, eta ikusi dutena azaldu dute komunikabideen aurrean.

Esan dutenez, «Grezia legez kanpoko praktikekin blokeatzen ari da errefuxiatuak uharteetara iristea» eta «legez kanpoko itzulketak egiten dira egunero, patruila kamuflatuek eskutik». Salatu dutenez, «azken urtean Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak ezin izan ditu aurkitu uhartera iritsitako 940 pertsona».

Haien esanetan, «itzulketen testuinguru honetan, pertsona pribilegiatuak dira errefuxiatuen kanpamentura iristea lortzen dutenak»; hala ere bertan «taktika krudelak» erabiltzen direla diote. «Elikadura eta mugitzeko askatasuna murrizten diete, asiloa eskatzen dutenak delitugileak balira bezala».

Era berean, eraiki dituzten eremu berriak «espetxe eta atxikipen zentro logikoari erantzuten» diola azaldu dute. «Bastrian dago, urrutiko leku batean, baso handi baten erdian, eta horrek espetxe naturala bihurtzen du, sarbide zolatuko errepiderik gabe eta suteetarako ebakuazio biderik gabe», esan dute. «Laburbilduz, zentroa urrun egongo da, inork ez dezan ikusi han zer gartzen den».

Azkenik, Lesbosen sustatzen ari den «xenofobia eta etsaitasun giroa» kritikatu dute. «Errefuxiatuak hartzeagatik edo itsasoan jitoan dauden pertsonak erreskatatzeko lanetan parte hartzeagatik erasoak jasan dituzten aktibisten eta kazetariek testigantzak bildu ditugu», gaineratu dute. Urtarrilean 22 aktibistaren aurkako epaia hasi zela ere gogoratu dute.

«Epaiketa gehiago daude ebazteke, eta migratutako pertsona asko atxilotu egiten dituzte pertsonen trafikoagatik eta partaide izateagatik itsasontziak geldiarazten dituztenean», azpimarratu dute.