INFO

Hutsean dagoen «hotsa eta hautsa» azaleratu dituzte Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak

‘aHUTSAK HARTUa’ bilduma osatu dute Maialen Lujanbiok eta Xabier Erkiziak. Hiru urte luzetan zehar Bilboko Arte Ederren museoan 30 orduko hotsen grabazioak hartu dituzte bi artistek eta horiekin sortutako instalazioa ikusgai dago museoan. Liburu bat eta multimedia edukiak ere sortu dituzte.

Bilboko Arte Ederren museoak ‘aHUTSAK HARTUa’ aurkeztu du. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Xabier Erkizia soinu-artistak eta Maialen Lujanbio bertsolariak Bilboko Arte Ederren «hutsa eta hautsa» hartu dituzte abiapuntu, soinua, irudia eta letrak barnebiltzen dituen bilduma osatzeko. Duela hiru urte abiatu zuten proiektua, 2020ko ekainean, eta oraingoan proiektuaren alor guztiak ezagutzera emateko aukera izan dute.

Izan ere, hiru urteren ostean proiektua «amaieran» kokatu dute artistek, alegia, 2020ean haiengan piztu zen jankin-minak sortu zuena eta hortik aurrera egindakoa aurkezteko momentua iritsi dela uste dute. Astearte honetan, Bilboko Arte Ederren Museoan aurkeztu dute proiektua Miguel Zugaza, Arte Ederren Bilboko Museoaren zuzendariak; Cesar Ochoa, Hezkuntza Saileko teknikariak; Koldo Bilbao, BBKren Kultura Arloko arduradunak (babeslea); eta Xabier Erkizia eta Maialen Lujanbiok.

‘aHUTSAK HARTUa’ instalazioa asteazken honetatik aurrera egongo da entzungai Bilboko Arte Ederren Museoaren 21. aretoan. Espazioa hutsa, zuria eta minimalista da; bertan, teknologia ultrasonikoaren bitartez, bisitariak museoko espazio ezberdinetara garraiatu ahalko dira eta «entzuten ikasteko» aukera izango dute. Hotsak proiektatzen dituzten pantailak aretoaren txoko ezberdinetan kokatuta daudenez, publikoak bertatik mugitzean esperientzia akustiko ezberdinak biziko ditu.

Maialen Lujanbiorentzat, «geruzak» dira proiektuaren abiapuntua. Bi artistak museoaren azpiko geruzetan barneratzen aritu dira; pareten atzeko geruzatan edo solairu nagusiko azpiko geruzatan, besteak beste. Hortik abiatuta, proiektua hautsaren kontzeptuarekin lotu du Lujanbiok: «Hautsa distiraren atzean dagoena da, eta atzeko hautsa beharrezkoa da gainekoak distira egiteko».

Hutsetik abiatuz

2020ko ekainean, COVIDak eragin zuen «hutsetik» abiatzen da proiektua. Museoak hutsik zeuden momentuan, Erkizia eta Lujanbio Bilboko Arte Ederren Museoan «bizitzen» hasi ziren. Erkiziak adierazi du momentu horretan ikasi zuela bertako «margolanak entzuten». Bertan grabatzean ohartu ziren artelanen zaintzaz arduratzen diren pertsonen lanaz, eta hori ere nabarmendu nahi izan dute artistek.

Instalazioaz gain, bestelako sorlanak ere eman ditu proiektuak; ‘aHUTSAK HARTUa’ «buru askoko piztia» baita. Abiapuntua izenburu bereko liburua da; hotsak entzuteko 33 trackeko USB bat eta artistek idatzitako entseguak eta poesiak biltzen dituzten 33 kapituluz osatutako argitalpena da. Horretaz gain, multimediara ere salto egin dute. Astearte honetan, arratsaldeko 19:00tan Lujanbiok eta Erkiziak performance bat argitaratuko dute webguneko micrositean, ikus-entzunezko beste elementu batzurekin batera.

Aurkezpenean gaineratu dutenez, bildumaren abiapuntuak museoaren egungo egoerarekin ere lotura handia du. Bilboko Arte Ederren museoan espazio huts ugari daude, gehien bat museoaren handitze lanak direla eta artelan ugari lekualdatu behar izan dituztelako. Horregatik, ‘aHUTSAK HARTUa’ espazioa inbaditzera dator.

Bilboko Arte Ederren museoa irekita egongo da astelehenetik larunbatera 10:00tik 20:00tara eta igandeetan 10:00tik 15:00tara. Sarrerak bertan edo online har daitezke.