INFO

Txonbo!, Ibilaldiaren 46. edizioa Getxoko San Nikolas ikastolaren eskutik

Getxoko San Nikolas ikastolak 2024ko Ibilaldia antolatzeko konpromisoa hartu du. 2024ko maiatzaren 26an izango da 46. edizi hau eta ‘Txonbo!’ izango du lelotzat.

2024ko Ibilaldia aurkeztu dute. (Ibilaldia elkartea)

‘Txonbo!’ lelotzat izango du 2024ko Ibilaldiak. Bizkaiko ikastolen festaren 46. edizioa Algortako San Nikolas ikastolak antolatuko du, 2024ko maiatzaren 26an. Laugarren aldia da Getxon antolatzen dela; jada 1978an, 1984an eta 2002an ere bertan ospatu baitzen. Asteazken honetan jakinarazi dute hurrengo urteko data eta lekua, Euskaltzaindiko egoitzan egindako aurkezpenean.

1978. urtean izan zen Ibilaldiko lehen edizioa, Getxon orduan ere. Bide luzea egin dute geroztik euskarazko hezkuntza baten alde. Oraingoan San Nikolas Ikastolak txanda hartu du eta hurrengo jaialdirako zenbait erronka zehaztu dituzte; horien artean, euskalduntasuna, ikastolak eta euskal kultura ardatz bilakatzea, hezkuntza komunitatea indartzea edo ikastolak burujabetasuna izateko baliabide ekonomikoak eskuratzea.

Horretaz gain, aurkezpenean hainbat lerroren inguruan lan egingo dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Zehar lerro nagusia euskara izango da, horren sustapena bultzatzea baita Ibilaldiaren helburu nagusia. Gainera, parekidetasuna, jasangarritasuna, partaidetza, inklusioa eta publikotasun izaera bezalako balioak beti kontuan hartuko dituztela adierazi dute.

46. edizioaren leloa ‘Txonbo!’ izango da. Hitz hau Uribe Kostan eta Txorierri mendebaldeko zenbait herritan erabiltzen da eta norbaitek bere burua buruz uretara botatzea esan nahi du. Leloa Unai Elorriaga idazleari bururatu zaio. Elorriagaren seme-alabek San Nikolas ikastolan ikasten dute. Hortik abiaturik, kanta ere osatu dute, euskaldunek Ibilaldira gerturatzeko. Logoa ere ‘Txonbo’ leloan oinarrituta dago ere, uraren zipriztin bat irudikatzen saiatu baitira.

Urte berezia da San Nikolas Ikastolarentzat, 60 urte baitarama euskararen aldeko hezkuntza defendatuz. 1963an bederatzi familiek era klandestinoan sortu zuten ikastola, haurrek euskaraz ikasteko aukera izateko. Hortik aurrera, erronkei aurre egin handitzen eta handitzen joan eta asko garatu da Getxoko ikastola.

Aurten 1.100 ikasle batzen ditu San Nikolasek. Hurrengo urterako erronka berri batean «txonbo» egingo du, Getxo eta Euskal Herri osoa euskaraz zipriztintzeko asmoz.