INFO

Nico Williamsen «maitasun» keinua Athleticen kamiseta berriaren aurrerapenean?

Castore marka ingelesaren elastiko berria laster kaleratuko du Athleticek eta, aurrerapen bezala, «txoria dut maite» leloarekin bideo bat zabaldu du sare sozialetan. Bertan, Nico Williams ageri da talde zuri-gorriaren ikur diren Unai Simon atezainarekin eta Ane Azkonarekin batera.

Nico Williams Athleticekin Real Madrilen zelaian jokatutako azken partidan. (@AthleticClub)

Nico Williamsek Ingalaterrara jokatzen joateko proposamenak jaso izan ditu azken hilabeteetan. Unai Emeryren West Ham taldea bere etete klausulako 50 miloi euroak ordaintzeko prest agertu da eta 7 miloi eurotako soldata eskaini ziotela zabaldu da komunikabideetan. 2024an amaitzen zaio kontratua eta, Oihan Sancetekin egin duen bezala, Athleticek berritzeko asmoa dauka. 21 urte egingo ditu uztailaren 12an eta hegaleko jokalaria taldearen ikurretako bat izatea nahi du.

Klubak Iñigo Martinezekin gertatutakoa ekidin beharra dauka eta badirudi baikorrak izateko susmoak daudela. Bere anaia den Iñaki Williamsek 2028rarte dauka kontratua eta bere ama den Maria Arthuer klubeko ekaineko enbaxadore izendatu dute. Williams familiaren ibilbideari buruzko dokumental bat ere egingo dutela jakin da azken egunetan.

Castore marka ingelesak kaleratuko duen kamiseta berrian ere ageri da Nico Williamsen irudia. New Balance ordezkatuko du hurrengo denboraldian eta laster aterako dute. Unai Simonekin eta Ane Azkonarekin batera ageri da klubak zabaldutako bideoan. Atezainak aukera izan duen guztietan Athleticen jarraitu nahi duela azpimarratu du eta Ane Azkonak 2026rarte luzatu zuen kontratua emakumezkoen taldearekin.

Jokalariekin batera «txoria dut maite» leloa ikus daiteke eta mezu subliminal bat dela ematen du. San Mamesen partidak amaitzean jokalariek Iñigo Cabacas Herri Harmailako zaleekin abesten baitute Mikel Laboaren kanta esanguratsua. Aldi berean, Castore markaren logoak ere hegoak dauzka eta ideia horrekin ere jokatzen da.

Raul Garciaren zain

Athleticek beste urte bat jarraitzeko proposamena helarazi zion Raul Garciari denboraldia amaitzerakoan. Ekainaren 30ean amaitzen zaio kontratua eta klubak ez jokalariak ez dute oraindik erabakia ezagutarazi. 2015eko udan iritsi zen nafarra Atletico Madriletik 10 miloi euro ordainduta eta 37 urte egingo ditu uztail hasieran. Azken denboraldian inoiz baino minutu gutxiago jokatu ditu, nahiz eta partida gehienetan parte hartu duen aulkitik aterata.

Bestalde, Julen Agirrezabalak min hartu zuen 21 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin Ukraniaren kontra jokatutako partidan. Atsedenaldian aldatu zuten belaunean jasotako kolpe baten ondorioz eta ezin izan zuen atzo taldekideekin entrenatu. Gaur goizean, aldiz, badirudi arazoak gainditu dituela eta guztiekin batera entrenatu du. Larunbatean jokatuko dute Europako txapelketako final laurdenetako partida. Oihan Sancet eta Aitor Paredes ere bertan daude.