INFO

Alemaniako hiru gazte hil dira ‘Blue Punisher’ izeneko droga mota berri bat hartu ondoren

Alemaniar jatorriko hiru gazte hil dira aste honetan ‘Blue Punisher’ deituriko estasi mota berria kontsumitu ondoren. Europako txoko ugarietan azaldu da jada droga berri mota hau eta adituek oso arriskutsua dela jakinarazi dute, dosi bakarrak duen anfetamina kopuru altuagatik.

Alemaniar jatorriko hiru gazte hil dira azkenengo astean ‘Blue Punisher’ estasi mota berria kontsumitu ondoren (Hans Verburg | Gettyimages)

Hiru gazte alemaniar hil dira azkenengo astean ‘Blue Punisher’ droga hartzeagatik. Horietatik bi adingabekoak ziren. Estasi mota hau oso arriskutsua dela ohartarazi dute adituek eta Europako leku askotan gehiago kontsumitzen hasi da. Besteak beste, Ingalaterra edo Italia pilula horiek aurkitu dituzte zenbait diskoteka eta jaialdietan.

‘Blue Punsiher’ estasi mota bat da, pilula urdin baten itxura duena, triangelu formarekin eta Marveleko ‘The Punisher’ pertsonaiaren logoa azaltzen da. Droga mota hau oso arriskutsua da, dosi bakarrak duen MDMA kopurua oso altua delako; hain zuzen ere, mota horretako drogak izan ohi dutena baino lau edo bost aldiz gehiago. Hainbeste anfetamina izateak ez du drogak dakarren efektua handitzen, baizik eta heriotza-arriskua nabarmenki igotzen du.

Ekainak 24an, Sajonia-Anhalt izeneko ipar Alemaniako hirian, 18 urteko neska bat hil zen droga urdin hau hartzeagatik. Bere bikotearekin kontsumitu zuen eta ondoren honek aitortu zuen droga hau hartu izana. Horretaz gain, Alemaniako iparraldeko beste hiri batean, 13 urteko neska bat hil zen hiru egun ondoren. Poliziak autopsia eskatu du, jakiteko ea estasi mota hau kontsumitzea izan zen heriotzaren ondorioa.

Gainera, geroz eta kasu gehiago azaltzen ari dira Alemanian droga honen kontsumoarekin lotura dutenak. 15 urteko neska bat Brandemburgon hil zen eta kasu honetan ere, txosten toxikologikoaren zain daude ‘Blue Punisher’ hartu zuen baieztatzeko. Horretaz gain, 14 eta 15 urteko neska batzuk osasun egoera larrian egon dira, drogak eragindako gaindosia dela eta.

Telesail baten bultzadaz zabaldua

Alemaniako gertakariak ez dira kasu isolatuak. ‘Blue Punisher’ geroz eta ezagunagoa bilakatzen ari da Europako zenbait herrialdeetan. Horren adibide da Erresuma Batua; bertan ere jada zenbait pertsona hil dira droga hau hartzeagatik. Gainera, bertako hedabideek adierazi dute, ‘The Punisher’ telesaila Netflix streaming plataforman argitaratu zenetik, geroz eta gazte gehiago kontsumitzen hasi direla.

Horretaz gain, poliziak zenbait jaialdi eta diskoteketan ere droga hau salerosten zeuden pertsonak ere harrapatu ditu. Alemaniaren kasuan Lärz izeneko hiri batean zegoen Fusion-Festival jaialdian ‘Blue Punisher’ drogaren 60 pilula zituen pertsona harrapatu zuten. Horretaz gain, Manchesterreko diskoteka batean ere droga hau salerosten zebilen pertsona ere harrapatu zuen poliziak.

Bistakoa da droga hau geroz eta hedatuagoa bilakatzen ari dela, eta horrek arrisku handia dakar, gehien bat gazteen artean. Horren aurrean, Europako zenbait herrialdeetako gobernariak droga honen kontsumoak ekar dezakeeenaren inguruan informatzen ari dira.