INFO

Guggenheim Urdaibairi ezetz esateko kalera atera dira Gernikan, Ernaik deituta

«Gazteontzat bizitza duinak nahi ditugulako» kalera atera dira ehunka gazte ostiral arratsalde honetan Gernikan Guggenheim Urdaibai proiektua arbuiatzeko. Turismoa beharrean, lehen sektorea eta industria oinarri dituen Busturialdea defendatu dute.

Mobilizazioa, Gernikan. (Aritz Loiola | Foku)

Guggenheim Urdaibai museo berriaren proiektuari ezetz esatera atera dira kalera Gernikako ehunka gaztek ostiral honetan, Ernaik deitutako manifestazio batean. «Turismo masiboak sortuko lituzkeen lan prekarioen» aurka eta biosfera mantentzearen alde mobilizatu dira.

Proiektu honi ezetz esateko arrazoien artean, honako hauek nabarmentzen dituzte: 130 milioi euroko diru publikoko gastua; jada galzorian dauden 85 espezieei mehatxua; udan 140.000 turista erakartzeko aurreikuspena; 729 fauna espezie, 821 flora espezie, 86 habitat eta 52 puntu geologiko dituen zonaldea dela; 60.000 metro koadroko proiektua dela; 45.000 herritarrek ur-murrizketak izango lituzketela; Busturialdean %15,5ko langabezia tasa dagoela, eta biztanleen %70ak eskualdetik kanpo lan egiten duela.

«Urdaibai Biosfera babestua eta zaindua izatea nahi dugu, eta ez gutxi batzuen intereserako suntsitua. Herritarron eta gazteon nahiak asetuko dituen eskualde eredua behar dugu, eta ez turismo masiboan oinarrituko dena», laburbildu du gazte antolakundeak.

Ondorio linguistikoetaz ere ohartarazi dute manifestazioan. Ernairen arabera, «nahiz eta Busturialdean euskara beste toki batzuetan baino indartsuago egon, egoera gero eta ahulago eta hauskorragoan dago». «Guggenheimak ekarriko lituzkeen ondorio linguistikoen inguruan hausnartu al dute ‘bai ala bai’ egin nahi duten agintariek?», gaineratu dute.

Beraz, egoeraren aurrean antolatzera dei egin dute, «bertako herritarren gehiengoarentzat bizigarria den Busturialdea nahi eta behar dugulako». Horrela, ekonomiaren oinarria turismoa ez izatea eta lehen sektore eta industria «euskaldunak eta jasangarriak» bultzatu nahi dituzte.

«Ez da Guggenheimari ezetza esatea bakarrik, dagokien agintariek gure eskualdearekiko duten utzikeria amaitu dezaten ere eskatzen dugu», laburbildu dute mobilizazioaren amaieran.