INFO

Herri bat agerian milaka ikurrinen bidez, eta aldarri nagusi bat: «Basques decide»

Euskal nazioaren aldarrikapena mundu osora zabaldu da lasterketa San Mamesetik abiatu bezain laster, eta Baionara heldu arte honela izango du, mugaren alde batean zein bestean. Izan ere, 120.000 ikurrina eta Nafarroako bandera banatu dira, baina ez hori bakarrik...

Bilboko irteeratik ikurriñek eta Nafarroako banderek osatutako pasabide batetik ibili dira txirrindulariak. (Gure Esku)

Nekez esango dute nazioarteko kazetariek lehenengo hiru egun hauetan Tourra Espainia eta Frantziaren arteko zonalde batetik pasatzen dela, Euskal Herriaren naziotasunaren aldarrikapena guztiz agerikoa izan baita tropela San Mamesetik atera bezain laster.

Bide bazterretan milaka ikurrina ageri dira; batzuk ofizialki banatutakoak, beste batzuk Gure Eskuren eskutik zabaldutakoak, bolondresen bitartez. Bi ekimenetan, antzeko kopuruak (60.000 eta 60.000), baina lehiarik ere haien artean. Gure Eskuren kanpainak elementu erantsia du, hori bai: Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen aldarrikapena. Hauxe da mundura zabaldu den mezua, ikur horietan:«Basques decide – Euskal Herriak erabaki».

«Euskal Herria zazpi lurraldeko herria da, erabakimen osoa duena eta bere burua autogobernatu nahi duena. Erronka globalei erantzuteko burujabetza osoa behar duen herria gara eta arloz arlo gizarte ekimenez ere eredu propioak garatzeko gaitasuna behin eta berriz erakutsi duena. Hori aintzat hartuta gure ekimena Euskal Herri osora zabaltzea aurreikusten dugu, alegia, Bidasoaren bi aldeetara herri bera dagoela irudikatu nahi dugu», aurreratu du Gure Eskuk.

Artxandan, Plentzian edo Mundakan ikur bereziki erraldoiak azaldu dira, 21 metro x 14 metrotakoak. Ikurrina zenbait kasutan; Nafarroako bandera besteetan.

Honezaz gain, presoak etxeratzearen aldeko aldarria edota ‘Independentzia’ lelo dutenak ageri dira han-hemenka.

Tropela pasa ondoren ere, kamerak jada itzalita egongo direnean, euskal jaia barreiatuko da Bilbo aldean: erromeria iragarrita dago Arriaga plazan eta Bilbo Kantari ekimena abiatuko da 19.30etan La Bolsatik.