INFO
Interview
Ion Olabarri
Olajauregi Hoteleko jabea

Olajauregi eta Arkea: Bost egunez Tourreko talde bati aterpea emanez

Ion Olabarri Durangoko Olajauregi Hotelaren jabea da eta Tourraren burbuilan sartuta egotearen esperientzia nolakoa den kontatu dio NAIZi. Arkea taldeak hartu du aterpe bertan: «Itzuliarekin ohituta nengoen, gure etxeko lasterketa da, baina nabaritzen da Grande Boucle goi mailako emanaldia dela».

Arkeako autobusa, Durango hotel txiki honetan aurrean. (NAIZ)

Hotelaren sarreratik Tourrak igaro zuen bihurgunetxo bat ikus daiteke, Durangoko kanpoaldean. Ion Olabarrik azkenik atsedena har dezake, bost egun ahaztezin bizi eta gero.  Bere hotelean, Olajauregin, Grande Boucle-ko talde bat egon baita bost egunez: Arkea-Samsic bretoia. «Barkatu eragozpenak», aipatzen da oraindik kartel batean, kanpoan itsatsita.  

Tourraren burbuila horren barruan egotea paregabea izan da langileentzat. Orain normaltasunera itzultzea dagokie.



Zenbat gela dauzka hotelak?

16 guztira. Eta Tourrean zehar denak beteta izan ditugu Arkearen taldearekin: hamar bi pertsonatakoak dira eta sei norbanakoak, hain zuzen ere. Beste batzuek Bilbon egin dute lo, baina hemen denek elkarrekin afaltzen zuten, adibidez. Zortzi ziklistak eta lan taldeko kideak.

Txirrindulari lasterketa bateko taldea hartzen duzuen lehen aldia al da?

Ez, iraganean Itzuliarekin hiru urtez lan egin genuen, gizonezkoa zein emakumezkoa. Gogoratzen dut UEA edota Movistar hemen egon direla. Baina egia esan Itzulia beti iruditu zait apur bat «etxekoa». Esan nahi dut erritmoak eta antolakuntza askoz mantsoagoak direla.

Zeintzuk izan dira aldaketarik handienak, Tourrari dagokionez?

Oso goiz etorri ziren hona Tourrarenak. Oker ez banago, 2021eko udaberrian jada agertu ziren hemendik. Nabaritzen da goi mailako ekimena dela. Denak oso serioak, presioa altua da. Itzulian, aldiz, askoz lasaiagoa izaten da dena.

«2021eko udaberrian jada agertu ziren hemendik Tourrekoak, nabaritzen da goi mailako ekimena dela, presioa altua da»

Zer begiratu edo kontrolatu nahi zuten?

Egin zuten aurreneko gauza email-a bidaltzea izan zen, Durangotik pasatuko zirela abisatuz. Hotelaren egoera eta erosotasuna ikusi nahi zuten batez ere. Kokapena ere interesatzen zitzaiela uste dut.

Eta behin adostasuna emanda, iragarri zizueten Arkea taldea etorriko zela?

Ez, ez. Bakarrik gure estruktura haien estandarretan sartzen zela egiaztatu ziguten. Guk aparkaleku handi bat daukagulako, esate baterako. Logelak ere gustatu zitzaizkien. Horrezaz gain, Durango Tourrarentzat eta oro har Euskal Herriarentzat puntu estrategiko oso egokia da; hemendik Bilbora edo Gasteizera edo Zornotzara joatea oso erraza da.  

2021etik aurrera beharbada zerbait aldatu nahi zenuten eta ezin izan zenuten?

Egia esanda, ez geneukan berritzeko ezer planteatuta. Hau da, 2021ean ikusi zuten hotela gaur egungoa da, ez dugu ezer ikutu. Marmolezko komunak dauzkate logelek, moketa lurrean, orain dela 30 urte bezala, gure familia hau kudeatzen hasi zenetik.

Nork ordaindu dizue? Tourrak ala Arkeak?

Tourra izan da. Azkenik «gonbidatu» gisa etorri da. Gero, noski, txirrindulari batek freskagarriren bat hartzen badu, hori bere kabuz edo taldearen bidez ordaintzen du.

Ordainketa «nahikoa» izan da? Agian Tourra dela eta prezioak igo nahi izango zenituzten, baina behin antolatzaileak etorrita...

Antzekoa izan da, azken finean. Baina egia da taldearekin lan gehiago egin dugula. Normalean bezeroek ez dute behar, ez dakit, gela bat masajeak hartzeko, edo jateko. Esate baterako, gehienak Bilbora joaten dira afaltzera edo bazkaltzera. Tourrarekin oso egun gogorrak izan dira lan aldetik baina tira, ongi atera da.

Zuen bezeroak nolakoak dira normalean?

Empresetako langileak, gau bat edo bi pasatzeko hona etortzen direnak. Betiko aurpegiak ikusten ditugu, egia esan, konfiantza asko dute gugan eta harreman politak mantentzen ditugu. Udan, berriz, turista asko dauzkagu, atzerritarrak ere bai. Aipatu bezala, Durangotik mugitzea oso erosoa delako.

Eta bezeroei zerbait esan behar izan diezue?

Tourra dela eta, orain etortzea ezinezkoa zela. Logelarik ez zen. Baina uste dut Durangaldean eta Euskal Herrian aspaldi logela guztiak salduta zirela. Grand Hotelean ere, hemen Durangon, bi talde egon dira; gurea baino askoz handiagoa da. Baina ez pentsa, ez dugu bakarrik Arkea taldea izan azken egunotan...

Ez? Benetan?

Ezkontza bat izan dugu, azken larunbatean hotelaren beste aldean eta jatetxe berezian. Imajinatu gonbidatuen aurpegiak, goizean edo arratsaldean etapa bukatu ondoren, Arkearen kotxeak eta abar ikusterakoan. Baina oso txintxo portatu ziren...

«UAEkoekin, Itzulian garagardo batzuk ez ziren falta, etapak amaitu eta gero. Arkeakoak oso lasaiak izan dira»

Eta Arkeakoak, nolakoak?

Oso lasaiak. Iraganean UAEkoekin, Itzulian, ez dizut esango parranda botatzen genuenik baina garagardo batzuk ez ziren falta, etapak amaitu eta gero. Oraingo talde honekin harremanak normalak izan dira, ‘Bonjour, bonsoir’, ‘Egunon, gabon’, ongi hezitakoak danak. Ez dakit Tourra honelakoa delako edo ez.

Konkretuki zer egin behar zenuten beraientzat?

Dena garbi-garbi mantendu, batez ere. Segurtasunari begira ez zegoen arazorik, hemendik ez delako ia inoiz pasatzen. Egunero 7.30etan esnatzen ziren, 8.30etan gosaltzera, gero supermerkatura joaten ginen, eskatzen zizkiguten janariak erostera: arraina, lentejak... haien sukaldariarentzat. Beren mesedetan ibili gara bost egunez.

Orain Arkeak nota eman behar dizue? «Merci por le support» eta abar?

Uste dut taldeak Tourrari gure «notak» bidaliko dizkiola. Dena den niretzat garrantzitsuena bezeroekin harremanak mantentzea da, Tourra izan ala ez.



Zu ziklistazalea zara?

Ez asko. Bide batez eskerrik asko azpimarratzeagatik Arkean italiar bat, Luca Mozzato, egon bazela, Baionako esprintean berarekin fijatu nintzelako [12. postuan bukatu zuen] Bestela ez nintzateke konturatuko. Lasterketa hemendik pasatu denean familia joan da karabana ikustera baina ni ez naiz hain zalea. Perretxikoen bila joatea nahiago dut.

Arkea agurtu ondoren, zer egin zenuen lehenengoz?

Dena konpondu genuen, gero siestatxo bat bota nuen eta ondoren padel jolastera joan nintzen, hemen gertu. Astelehen gauean dagoeneko beste bezero batzuk genituen.