INFO

Gasteizko jaietan preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde mobilizatzera deitu dute

Sare eta Etxeratek datorren abuztuaren 5ean, Andre Mari Zuriaren jaietan, Gasteizen preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde mobilizatzera deitu dute. Diotenez, salbuespen neurriak eta eskubide urraketak «arau» dira oraindik eta elkarbizitzarako presoen auzia konpondu behar da.

Gasteizen aurkeztu dute datorren abuztuaren 5eko mobilizazioa. (Raul BOGAJO | FOKU)

«Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea» delako, datorren abuztuaren 5ean, Gasteizko jaietan, Andre Mari Zuriaren plazatik 20.00ean abiatuko den manifestazioarekin bat egiteko dei egin dute Sare eta Etxeratek.

Sare eta Etxerateko ordezkariek ostalaritza ekimenarekin, Gasteizko Txosnak-ekin, Gasteizko Blusak eta Neskak-ekin eta senideekin, besteak beste, asteazken honetan Arabako hiriburuan eskainitako prentsaurrekoan urruntze politika gaindiu izanak «euskal presoen eskubideen urraketen amaiera» ez duela berekin ekarri dute gogora.

Horren harira, «etxerako bidea oztopatzen duten» salbuespen neurriak eta eskubide urraketak «arau» direla oraindik salatu dute. «Etengabeak dira Fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean itzaltu nahi dutenak», zehaztu dute, azken hilabeteetan eman diren gradu erregresioak aipatuz.

«Inongo pribilegiorik» ez dutela eskatzen ohartarazi dute eta ‘Etxera’ aldarrikapena kalean ikustearen garrantzia azaleratu dute, eta «ozen aldarrikatzea elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugula preso, iheslari eta deportatuen auzia».