Aste honetan mugan gertaturiko «antzerkeria» salatu dute Santiago zubian
'Ireki zubiak, ekartasuna eraiki' lelopean ekimena egin dute ostegun arratsaldean Santiago zubian. Oinezkoentzako zubia berriz irekitzea eta ondoren hestea «antzerkeria lotsagarritzat» jo dute migranteen aldeko elkartasun taldeek. Muga laburki blokeatu ondoren hilaren 22rako mobilizazioa deitu dute.
Herritar ugari bertaratu dira, ostegun honetan 18.30tik aurrera, Santiago zubian azken egunetan mugan izan den «antzerkeria lotsagarria» salatu duen ekimenera.
Migranteekiko elkartasuna aldarrikatzearekin batera, mugak behin betiko irekitzeko «denok batera» aritzeko tenorea dela nabarmendu dute.
Hala, zubia bi norabideetan ordu erdiz blokeatu ondoren hautetsiak eta herritarrak deitu dituzte hilaren 22an antolatu duten mobilizazioan parte hartzeko.
Oroitarazi dutenez, denek ardura hartzeko unea da, «mugen itxierak, etengabeko kanporaketek eta kontrol arrazistek giza eskubideak urratu eta hildakoak ere eragiten dituztelako».
Migranteen aurkako «ehiza» dronen bidez
Bederatzi migrante hil direla gero eta militarizatuago dagoen Hendaia eta Irun arteko mugan oroitarazi dute Santiago zubian eginiko elkarretaratzean.
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, ondoko hilabetetan dronak ere baliatzeko asmoa lukete frantziar agintariek pasabideen kontrola areagotzeko xedez.
Horren aurrean «zirkulazio askatasuna eta guztiontzat seguruak izaten diren bideak» bermatzeko beharra mahaigaineratu dute.
Iazko udazkenean «eragile, elkarte, sindikatu eta alderdietako kideek oinezkoendako zubia ireki genuen egoeraren zentzugabekeria salatzeko» gogora ekarri dute bertan bildutakoek.
Hain zuzen Erorbidearen zubian hesiak kendu zituzten ekintzaileek 2022ko azaroaren 1ean.
Astelehen honetan, Tourra Lapurdin sartzear zelarik, hesiak kendu zituzten Etorbidearen zubian.
Izan ere, biharamunean Prefeturaren aginduz berriz ere hesitu zuten pasabidea.
«Aste honetako antzerkeriak erakutsi du bakoitza bere aldetik ibilita ez dugula ezer lortuko, beraz premiazkoa da jendartea eta alderdi politiko guztietako ordezkariak elkarrekin lanean hastea, migrazio politika arrazista eta hiltzaile hauekin bukatzeko», adierazi dute gaur arratsaldeko protestaren sustatzaileek.
Elkartasuna ez dela delitua oroitarazita, pertsona migranteen aurka eta baita horien alde elkartasunean jarduten duten elkarte eta herritarren kontrako jazarpena amaitzeko galdetu dute.
Elkarretaratzea amaitu ondoren 2021ko urtarrilean Pirinio Atlantikoen Prefeturak mugak ixteko hartu zuen deliberoa bertan behera uzteko prozedura judiziak berria abian emateko aukerak aztertzen ari da abokatuen talde bat.
Desmartxa horren aldeko sinadurak biltzen amaitu da Santiago zubian Bidasoa Etorkinekin, Irungo Harrera Sarea, Diakite-Etorkinekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Bagera, SOS Arrazakeria, Bizi!, LAB, FSU, Solidaires, EH Bai, EELV, NPA eta Mugak Zabalduz Karabana eragileek deitui duten protesta.