INFO

Baikok Iker Larrazabalen aldeko apustua berretsi du Gasteizko ferian ere sartuta

Aitor Elordi, egungo Buruz Buruko txapelduna, ez da Ogetan izango hiru jaialdi izango dituen torneoan. Baikoren aldetik Larrazabal-Mariezkurrena eta Peña II.a-Albisu ariko dira; Aspeko ordezkariak Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija izango dira. Lehen finalerdia abuztuaren 4an jokatuko da.

Txapelketan parte hartuko duten pilotariak, gaurko aurkezpenean. (Endika PORTILLO/FOKU)

Oraindik ere lehen mailako pilotarien artean eman dezakeen maila ikuskizun dagoen arren, Baikok argi utzi du Iker Larrabazalekin egin duten apustua erabatekoa dela eta Mastersean eta sanferminetan bezala, titular bezala iragarri du hiru jaialdi izango dituen Gasteizko Andra Mari Zuriaren ferian.

Arabarra izaki, erabakiak ez du inor ezustean harrapatuko, baina bada deigarria, enpresa bakoitzak bina bikote baino aurkeztuko ez dituen torneo batean amurrioarra hautatu izana onenen artean nola molda daitekeen probatu gabe. Hori bai, bizkarrak oso ondo babestuta izango ditu sasoi bikainean den Jon Mariezkurrenarekin –Iruñean ere Berriozarreko atzelariarekin arituko da–. Hiru jaialdi baino izango ez dituen feriako lehen jardunaldian jokatuko dute, Peña-Albisuren aurka, Baikoko finalerdian abuztuaren 4an. Euren aukeraren zain diren Jaka eta Artolak zain jarraitu beharko dute hortaz.

Elordi gabe

Asperen adarreko finalerdia bi egun geroago jokatuko dute Ezkurdia-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija bikoteek. Kasu honetan, egungo Buruz Buruko eta Binakako txapelduna, Aitor Elordi, kanpoan geratzea litzateke deigarria, baina Eibarko enpresan askoz aukera gehiago dituzte eta aurkezten dituzten bi bikoteak txapeldun izandakoak dira Binakakoan.

Bi kanporaketa hauetako irabazleak abuztuaren 8ko finalean arituko dira elkarren aurka. Ez da bestelako aparteko jaialdirik antolatuko, ohikoa izaten zen Buruz Buruko finalaren errebantxa Gasteizen jokatzea, baina aurten Aspek Donostiara eramango du Elordi eta Jokin Altunaren artekoa, uztailaren 18an.