INFO

This browser does not support the video element.

Ehun Miliak, korrikalariak gustora sentiaraztean dago arrakasta

Asteburu honetan lehiatuko dira Ehun Miliak, Goierriko 2 handiak eta Marimurumendi lasterketak. XII. edizioa du probak eta urtez urte sona handitzen joan da. Aurten, hiru lasterketetan handitu da korrikalarien kopurua eta nabarmendu dute emakumezkoei dagokionez ere zifra errekorra lortu dutela.

Ehun Miliak probaren hasiera, Beasainen, 2019an. (Jon URBE | FOKU)

«Sona ona hartu du urtez urte lasterketak eta jendea oso gustora dagoenez hortxe jarraitzen dugu». XII. edizioa izango du aurten Ehun Miliak probak, bai eta barnebiltzen dituen Goierriko 2 handiak (88 kilometro) eta Marimurumendi (42 kilometro) lasterketek ere, guztiak Loinazko San Martin plazatik (Beasain) abiatuko direnak. Iñaki Mozo antolakuntzako kide eta komunikazio arduradunak NAIZi onartu dionez, bolondres taldean eta euskaldunok korrikalariak babesteko daukagun moduak ahalbidetu du probaren hazkundea.

«1.600 bolondreseko taldea daukagu eta nazioarte mailako lasterketa oso gutxitan ikusten duzu. Guk dauzkagun korrikalari kopurua kontuan hartuta, korrikalariko bolondres bat baino gehiagoko ratioa ateratzen da. Hori oso zifra adierazgarria», azaldu du.

Horrez gain, «euskaldunok korrikalariari ematen diogun babesa, bai animatzerakoan eta bai laguntzerakoan ere, asko eskertzen duten kontu bat da», gehitu du. «Esango nuke, Estatu mailan punta puntako lasterketa bat dela eta nazioartean ere hor dabil, bere oihartzuna pixkana-pixkana lortzen».

2010ean abiatu zuten proiektua dagoeneko egonkortu ez ezik, nazioartean oihartzuna izaten ari da. Aurten, 14 herrialde ezberdinetako korrikalariak lehiatuko dira, hiru probetan banatuta, eta inoizko parte-hartzerik handiena izango du. «Izen-emateak zabaldu genituenean, kopurua igo egin genuen eta hortik ikusi genuen parte-hartze kopuru orokorra ere igo egin dela», nabarmendu du Mozok. Hala, guztira, 1.369 korrikalari lehiatuko dira Ehun Miliak, Goierriko 2 handiak eta Marimurumendin.

Emakumezkoen kopurua igotzea beti izan da antolatzaileen asmo zuzena eta «ezer berezirik» egin ez badute ere, sorpresa hartu dute aurten, inoizko emakume gehien ariko baitira. Zifra errekorra lortu dute eta «oso pozik» agertu dira: «Parte-hartze orokorreko zifrak igo ditugu eta sorpresa jaso degu, hiru probetan emakumezkoen kopuruak gora egin duelako. Nahiko kopuru adierazgarritan egin du gora eta hori baloratzekoa da».

Kopuru orokorraren %11 soilik badira ere, iaz baino hiru laurden gehiago dira (154, %77 gehiago, alegia) eta hazkunde nabarmenena Marimurumendin eman da (73, %114 gehiago) baina azpimarratzekoa da Goierriko 2 handietan ere pasa den edizioan baino %70 gehiago lehiatuko direla (53). Ehun Miliak distantzian, bestalde, iaz baino 7 emakume gehiago arituko dira.

«Azken urteetan ikusten degu emakumezkoen kirola indartzen ari dela eta horrelako lasterketetan ere ikustea emakumezkoak badoazela kopuruan goraka, poztekoa da», baloratu du Mozok.

Goierriko 2 handiak lasterketan –ostiralean 23.00etan abiatuko da– izango dira korrikalari gehien (547) eta aurten ere proba honetako izen-emateak minutu gutxitan burutu ziren. Mozoren ustetan 88 kilometroko distantzia izanik, «nahiko eskuragarria eta egitekoa» da. Lau edo bosgarren ediziotik aurrera, hiruetatik lasterketa erakargarriena bilakatu da eta Mozok uste du baduela zerikusia azken urteetan Euskal Herrian mendi lasterketek izan duten gorako bilakaerarekin. Gainera, Euskal Mendi Federazioak antolatzen duen txapelketa da eta aldi berean Euskal Mendi Federazioak antolatzen duen Ultra Kopako proba puntuagarria da: «Erakartzeko amu ona izan da».

Ehun Miliak 168 kilometroko lasterketa da –ostiralean 18.00etan abiatuko da– eta hau jada, espezialistentzako gordeta egoten da gehienbat. Aurten kosta egin zaie iazko kopuruetara hurbiltzea, Pirinioetan, Arango haranean dagoen UTMB zirkuitoko lasterketa indartsua dela-eta. Dena dela, «guk gurera jarraitu dugu, korrikalari herrikoiari indarra eta babesa ematen, eta alde horretatik ezin gara kexatu, 472 partaide baititugu». 

Marimurumendiren txanda izango da igandean, 8.00etan. Maratoi distantziako proba honetan 350 korrikalari lehiatuko dira eta nabarmentzekoa da hauetatik %20 direla emakumeak.

Kopuruak gora kopuruak behera, proiektuaren asmo nagusia hasieratik proba osatzen duten hiru lasterketak borobil egitea dela nabarmendu du Mozok, «bai bolondresak gustora egotea eta baita korrikalari guztiak babesa ondo jasotzea ere, eta edozein arazo badute ere beraiek gustora joatea».

Javi Dominguez gabe

Aurtengo edizioan, Ehun Miliak lasterketan hutsune nabarmen bat egongo da: Javi Dominguezena, iazko txapelduna eta sei aldiz irabazle izan dena. Coloradon (AEB) lehiatzen den ‘Hard Rock’ ehun milia distantziako lasterketan egongo da. «Gure lasterketa kalifikagarria da hor parte-hartzeko eta aurtengoan baimena eman diogu», dio barre artean Mozok. Hala ere, iaz hirugarren izan zen Oscar Perez de Nanclares nabarmendu du, bai eta Ibon Manzisidor debarra ere, «Top 10ean ibiltzera ohitua dagoena».

Emakumezkoetan, erreferentziak txikiagoak dira baina Irene Guembe Ibañez nafarra, iaz bigarren izan zena, lehiatuko da, bai eta Uxue Fraile ere, azken urteetan nazioarte mailan punta-puntan dabilen korrikalaria. «Belgika edo Portugaldik ere badator jendea eta hemen Euskal Herritik ere beste hainbat partaide baditugu podiuma osatzeko moduan ibili daitezkeenak», dio.