INFO

Erein argitaletxeak gezurtatu egin du Igelak ateak itxiko dituenik

«Erein argitaletxeak ez du erabaki Igela argitaletxea gelditzea. Aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den». Esaldi hauek laburbildu dezakete Ereinek euskal kultura astindu duen berria gezurtatzeko bidalitako oharra.

Yukio Mishimaren ‘Maskara baten aitortza’, Igelaren azken itzulpena. (Maialen ANDRES | FOKU)

Astelehen goizean albiste batek astindu du euskal kulturaren unibertso txikia: Igela argitaletxeak abenduan bere ibilbidea etengo zuela iragarri baitu argitaletxe beraren azken editoreak, Lander Majuelok, hedabideei bidalitako komunikatu batean. Sare sozialetan ere zabaldu da oharra eta, jarraian, hainbat erantzun eta dolumina jaso dira sareetan.

Handik ordu batzuetara, Ereinek albistea gezurtatu eta zera argitu du: editorearen kontratoa bertan behera gelditu dela.

Literatura unibertsaleko harribitxiak euskarara ekartzen 34 urteko ibilbidea egina du Igelak eta, Lander Majueloren oharrean aipatzen zuenez, «arazo ekonomikoak» ziren ixtearen arrazoia: «Lagunok, bukatu da. Igelaren jabeek, arazo ekonomikoak direla medio, argitaletxea gelditzea erabaki dute».

Haserrea nabaria da Erein argitaletxeak handik ordu batzuetara zabaldu duen oharrean. «Igelaren ’jabe diren enpresariak’ enpresa bakarra da –argitu du– eta bere izena da Erein argitaletxea, orain hiru urte, orduko jabeak jubilatzera zihoazela eta, argitaletxe hori erosi baitzuen, Nafarroan eta Euskal Herri osoan argitaletxe horren beharra dagoela iritzita», aipatu dute.

«Orain dela hiru urte Erein argitaletxeak pentsatu zuen langile bat hartzea Iruñean –gizarte hartan sortua eta garatua baitzen Igela argitaletxea ordura arte– eta hari autonomia guztia ematea. Langile hari soldata bat esleitu zitzaion eta errentagarritasunaren gaineko helburu eta eginkizun batzuk itundu zituzten hiru urtean, urtero-urtero, errebisatzekoak», gehitu du Ereinek.

Langile hori Lander Majuelo zen, eta «uneoro izan du egoeraren gaineko berri zehatza eta lan egiteko askatasun osoa», argitu dute. «Hiru urte pasatu direnean, eta besteak beste, aurrez itundutako helburu eta eginkizun horiek bete ez direnez, langile horren gaineko kontratua bertan behera utzi behar izan du Erein argitaletxeak».

Beraz, gezurtatzen du argitaletxearen jarduna geldituko duenik –«aurreneko kasua izango litzateke munduan kaleratutako langile batek erabakitzen duena enpresaren jarduna noiz gelditzen den», diote–, hitzartuta dauden liburuak argitatzeko asmoa duelako «eta gero erabakiko du aurrerantz zein modutara jarraituko duen argitaletxeak».

«Aurreratu dezakegu, irakurleen eta euskaltzaleen lasaitasunerako, noski, Igelaren katalogoa eskuragarri egongo dela eta Ereinek ahal duen guztia egingo duela proiektu editoriala aurrera ateratzeko orain arte egin duen bezala», bukatzen du.

Ereinek berak aipatzen dituen aurreikusitako liburuak Igelaren izenean Majuelok aipatzen zituenak ziren: abendura bitartean, bidean dauden bost liburuak «argitaratzeko konpromisoa» hartu dutela aipatzen zuen. Liburuok Joyce Carol Oates, Fiodor Dostoievski, Adania Shibli, Zadie Smith eta Annie Ernauxen lanen itzulpenak izango dira.

Igela argitaletxea 1988an sortu zuten Xabier Olarra, Joseba Urteaga eta Jose Manuel Gonzalezek Iruñeko erdigunean, eta hiru hamarkada baino gehiago eman ditu literatura unibertsaleko harribitxiak euskarara ekartzen. Orain hiru urte, Xabier Olarra jubilatu zenean, Ereinek erosi zuen.