Kubaren eta Euskal Herriaren arteko zubi bat, kantuen bidez
‘Kanterri, euskaraz kantatzen duen herria’, ikastaroa egiten ari dira Oiartzunen. Joseba Sarrionandia izan dute astelehen goizean eta Kubako kantuak Euskal Herrikoekin lotzearen aitzakiapean, nazioaz, iraultzaz eta kulturaz aritu da.
‘Kanterri’ ikastaroan murgilduta daude kantugintza zaleak Oiartzunen, bigarren edizioa dute, eta astelehen honetan ‘Abestiak eta herriak’ izeneko ikastaroa izan dute. Joseba Sarrionandiaren gidaritzapean hamaika hari mutur bi orduan sartzen saiatu dira; guztia ezin lortu, ordea. Nazioa definitu beharra behin baino gehiagotan iradoki du Iurretako idazleak, eta gaurkoan kantuen bidez definituko zuela uste zuten bertaratutakoek. Hasi aurretik, ordea, ohar bat egin du: «Agian pentsatuko zenuten euskal kantuen inguruan hitz egitera natorrela, baina horretaz nik baino gehiago jakingo duzue zuek, eta ni Kubako kantuez mintzatuko naiz». Eta hala abiatu da, garai bereko Kubako zein euskal kantu eta adierazpide kulturalak korapilatuz. Amaitzeko, nazioa ulertzeko moduaz, Euskal Herrian egiteke dauden etxeko lanez eta oztopoez mintzatu da. Ondorio nagusi bat ere plazaratu du: euskaldunok ez dugu identitate arazo bat, komunikazio arazo bat dugu.
«Musika nazionalista» XIX.mendearen erditik bigarren mundu gerrara bitarte sortutakoari deitu dio Sarrionandiak; «musika hegemonikoaz apartatuta» sorturiko kantugintza izan zen bere arabera, eta ondorioz Estatu dominanteek ez dutela inoiz musika nazionalistarik izan adierazi du; «nazio-Estatua izatea lortu ez duten kulturan egon da musika mota hau».
Kubaren kasuan sakondu aurretik, lehen azpimarran ohartarazpen bat egin du, guztia ezin baita nahi dugun moduan estrapolatu gure lurraldera eta gure garaira. Kubak independentziaren ostean eraiki zuen nazioa, eta hori datu garrantzitsua da haien kulturaren garapenean eta iraultzan, idazlearen ustez. Asmatutakoen zerrendan beste elementu bat ere gehitu du iurretarrak: kultura nazionala eta herri kultura eremu mestizoetan sortu zen. Hau da, «mendiko eta hiriko jendea nahastu» zenean, esklaboek eta burgesek eskubide berak lortu zituztenean… gerturapen horietan azken batean.
Kubako independentzia gerra baino pare bat urte lehenago abiatu zen kantugintza estilo hau Kuban Sarrionandiaren arabera, eta garai zein abesti ezberdinak adibidetzat hartuz musika kubatarraren historia laburra azaldu du, euskal kantuekin zubiak eraikiz. Izan ere, prozesu paretsuak eman ziren idazlearen ustez: «Diote globalizazioa oraingoa dela, baina ez da hala. Munduan inork ez du bakarrik funtzionatu, olatu berdinekin funtzionatu dugu guztiok».
Bilakaera labur bat, zubi
Hatueyren desagerpena (Kuban espainiarren aurka borrokatu zena) Milia Lasturrekoaren kantuarekin lotu du; bietan «erreketa edo desagerpen» bat kontatzen duela esan du, eta euskal letrei erreparatuta esan du «euskal literaturako irudi fuerteena» iruditzen zaiola Lasturrekoarena. Garai beretsuan kokatu ditu biak.
Baina jarraian ekarri duen adibideak antzekotasun handiagoak izan ditzake: ‘La Bayamesa’ (1851) eta ‘Ereserkia’ (1867) eta ‘Gernikako Arbola’ (1852). Herri baten ereserki izan nahi zuten guztiek Iurretako idazlearen iritziz, eta tartean 1851ean, Urruñan Lore Jokoak antolatzen ari zirela gogoratu du: «Gauza berak egiten geunden, garai berean».
Gauza antzekoak egiteko, baina, emaitza oso ezberdinak izan zirela mahaigaineratu du, eta galdera bat bota publikoari: «Kubak hain egoera arraroa izanik, nola lortu zuen independentzia eta euskaldunek ez? Guk ere mugimendu kulturala izanik, zergatik horrelako porrot politikoa? Nik argi dut, gerra karlistaren distortsioa». Sarrionandiaren ustez, nazioaren ideiak errepublikarena inplikatzen du, eta Kuban jakin zuten hori bermatzen. Gerra karlistan ordea, ez zuten gaitasunik izan eredu errepublikarra planteatzeko, nahiz eta Zumalakarregik bere azken urteetan aipatu. Idazlearen ustez, Sabino Aranak «ikuspegi kontraesankorra» zuen, Jainkoarengan jartzen zuen boterea, eta horrek «herria goitik behera egitea zekarren, euskaldunen eskubideak Jainkoak eman behar zituen ikuspegi horren arabera». Eta Kubako iraultzan, esklaboen eskubideak barnebiltzen ziren; «bi gizarteak batzen jakin zuten kubatarrek, esklaboena eta burgesena, eskubideak berdintzen, eta hemen ez», gaineratu du.
Kubako ‘Troba berria’ bezala izendaturikoa (Silvio Rodriguez, Bob Dylan, Victor Jara…) ‘Ez dok hamairu’ taldearekin konparatu eta «arrakasta kultural» handia izan zuten garaiarekin lotu ditu. Baina Kuban, «Salsaren booma» etorri zela aipatu du eta horrek iraultza-osteari eragin ziola: «Jendea lanera joan beharrean dantzara joaten hasi zen». Eta batez ere Kuban, baina baita oro har ere, letrak sentimenduekin lotzen hasi zirela nabarmendu du eta horrek gizartearen kohesioan eragin zuela; «ingelesezko terminotik eratorritako feeling musika hasi zen indartzen».
«Potaje bat»
Kubari begira jarraituz, «nazio kubatarra potaje bat» dela azpimarratu du, herri kulturako hiru osagai nagusi hartuta sortzen den jakia: indartsua, herritarra eta afrikarra. Gero, iraultza sozialista eman zela eta «sistema hankaz gora» jarri zuela azaldu du, baina bere ustez herri kultura «ganorabakoa» dutela egun: «Iraultzaren ondoren ez du ez diziplinarik, ez lan kulturarik ezta gizartea modu progresista batean egituratzeko gaitasunik ere».
Iraultza sozialista gauzatzeko kulturak ekarpen handia egin zuela kontatu du idazleak, baina kultura independentea zela iraultza horrekiko: «Kultura dependiente bat izango balute, ezingo zen egindako ekarpenik egin. Eta orain, berriz, kulturaren eragina oso txikia da gizartean». Iraultzaren arrakasta kulturala «porrot ekonomiko absolutua» izan zen Sarrionandiaren iritziz Kuban. Jesus Orta Ruiz errepentistaren hitzak ekarri ditu gogora: «Musikarik gabe, hegorik gabeko herria izango ginateke». Esaldi ederra iruditzen zaio iurretarrari, eta euskal kantutegiarekin lotu du: «‘Txoria txori’ etortzen zait gogora esaldi horrekin, gogoratu beharra dago hegoak izatea garrantzitsua dela, baina behin hegoak izanik leku onetara edo txarretara joan zaitezke…».
Nazioa definitzeko eginahalak
Kantuak eta herriak lotzeko baina, nazioa zer den definitu beharra dago Sarrionandiaren ustez. Izan ere, «oso ideia anbiguoak erabiltzen ditugu Euskal Herrian nazioa zer den definitzeko». Publikoari egin dio galde eta ideia ezberdinak bota dituzte bertan zeudenek: hizkuntza, borondate komun bat, historia partekatu bat… baina guztiei atera die punta iurretarrak: «Guk, euskadunok, nahi duguna eta daukaguna nahasten ditugu».
Beretzat, ezinbesteko bi printzipio daude nazioa definitzeko: «we-feeling edo gutasun sentimendua» eta «komunikazioa». «Bakoitzak identifikatzen den naziokoa izateko eskubidea izan beharko luke, gutasun kolektibo bat eraiki behar dugu, gu imaginario baten partaide sentitu; nire kasuan, euskaldun izatea litzateke». Alor psikologikoari loturik hori azaldu du, baina faktore soziopolitikoak ere beharrezkoak dira idazlearen iritziz, eta horretarako komunikazioa behar da.
Batetik, espazio geografiko baten identifikazioari egin dio erreferentzia –«Kultura bat sortzen joango da geografikoki konektatuta eta komunikatuta bagaude»–, eta bestetik hizkuntzari –«komunikazio modu zuzenena da hizkuntzarena»–.
Autoidentifikaziorako elementuen falta sumatzen du Sarrionandiak Euskal Herrian, eta «eskema okerren baitan» gabiltzala adierazi du: «Botere politikoaren kudeaketaren norgehiagokan gabiltza, garrantzia ematen diogu nork irabazten dituen udaletxeak… eta bitartean, kontsumo kulturalaren %90 espainiarra da». Beste adibide bat ere nabarmendu du komunikazioarekin loturan: «Frantsesa eskolatik kendu zutenean pentsatzen genuen abertzaleen lorpen bat zela, baina Ipar Euskal Herrira goaz, eta frantsesik gabe ezin dugu komunikatu, oztopo bat dugu parean, eta orduan erabakitzen dugu oporretara Hendaiara beharrean Benidormera joatea, eta horrek mugak handitzen ditu eta proiektu nazionalak –euskaldunak, noski– zaildu».
Halaber, euskaldunen identitatearen arazoa ez da egun euskal gizartean dagoen arazorik sakonena bere ustez: «Ez dugu identitate arazorik. Geure burua gobernatu ezin dugun jendea gara». Desjabetza arazoa da probema bere hitzetan. «Ez gara garenaren jabe», botere harreman oso asimetrikoak daude euskaldunen eta erdaldunen artean bere ustez, eta horiek komunikazio arazoak direla gehitu du. Luzatzeko gogoz geratu da, eta ikastaroan jarraitu eta bazkalostean eztabaidatzeko proposamena egin du: «Euskal Herrian eta Kuban, mahaiaren inguruan kantatu izan dugu beti».