INFO

«Morriña»

Ambiente previo al encierro. (Gorka RUBIO | FOKU)

Beste zapi gorri bat. Patata arrautzan bustia eta txupinazoaren frenesia. Ardoak zikindutako lehen kamiseta eta kuadrillako enegarren argazkia. Harrigarria da lagunek, hainbeste estimuluren artean, sanferminetako segundo bakoitza dokumentatzeko duten gaitasuna. Harrigarria eta aldi berean gogaikarria atzerrian borondatez bizi garenontzat, hor kanpoan, unibertso iruindarretik kanpo, gehiago izango dira eta –I want to believe–. «Morriña», herrimina, da egunotan senideei behin eta berriz entzun diedan hitza, eta lagun galiziar batek gogorarazi dit, txantxetan, badela jaialdi bat izen horrekin: Morriña Fest.

Argazki jario bukaezinak ez du etenik, are gehiago Instagramen sartzen banaiz. Kaleak pozez gainezka, zalaparta kutsakorra eta musika txoko guztietan. Pankarten irudiak ere ez dira falta, kaleetan zehar dantzan, herri baten asmo kolektiboen seinale. Oraindik ere badirela jaiak ziegan biziko dituztenak gogorarazten digute batzuek, eta berdintasunerako bidean falta diren pausoak, besteek. Sare sozialen lubakietan ugaritu dira horiek eta TVEko pantailetan zabaldu. Telefonoa ez askatzeko beste arrazoi bat. Soilik hamar minutu gehiago...  

Oraingoan berriz ere lagunak Whatsapp taldean, Alde Zaharrean zehar sakabanatuta eta elkarren bila, aspaldi ikusi ez dituzten ezagunekin topatu eta inora ez doazen eztabaidetan galdu direnen zain. Egia esan, ez ginen hirian hazi, eta agian horregatik ez gara inoiz sanferminen zale amorratuak izan, baina ez dago alde egitea bezalakorik une berezi horiek faltan bota eta jai hau (hori) «paregabe» bihurtzen duten aldarrikapenak neureago egiteko.

Halere, giza interakzioa argazki lauso, sticker eta audio deszifraezinekin ordezkatzen denean, mugikorra deskonektatzeko ordua iritsi dela esan genezake. Baina bizitza erreal eta birtualaren malabaristak gara aspaldi, eta bi munduetako elkarrekintzak orekatu nahian bizi gara, biengandik erabat ihes egin ezinik eta, finean, guk geuk sortutako beharrak ase ezinda. Beraz, beste argazki bat irekiko dut, pultsio autosuntsitzailea elikatuz. Ez da kamiseta zuririk geratzen eta badirudi nik bakarrik gogoratuko dudala atzoko egunaren sekuentzia osoa. Behintzat ajea saihestu dut, baina morriñak nirekin dirau.