INFO

Inoiz baino bidaiari gehiago izan dira ekainean Bilbo eta Hondarribiako aireportuetan

Inoizko zifra altuenak erregistratu dituzte Bilbo eta Hondarribiako aireportuek pasa den ekainean: 600.000 bidaiari baino gehiago jaso zituen lehenengoak, eta ia 45.000 bigarrenak. Bidaiari asko izan ziren, halaber, Gasteizko Forondan, 30.000 baino gehiago.

Bilboko aireportuan hartutako artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Pasa den irailean marka guztiak hautsi dituzte Bilbo eta Hondarribiako aireportuek, inoiz baino bidaiari gehiago erregistratuta. Forondako azpiegitura gehituta, 680.000 pertsona baino gehiagok bidaiatu zuen hegazkinez aireportu hauetatik, edo hauetara, ekainean.

Bilboko aireportuak bere historiako hileko daturik onena lortu zuen ekainean: 604.247 bidaiari izan zituen, hau da, 2022ko hilabete berean baino %13 gehiago, Aena erakundeak jakinarazi duenez.

Trafiko motari dagokionez, Estatu barneko hegaldietan bidaiatu duten pertsonak %6,5 igehiago izan dira iazkoaren aldean, 357.235 bidaiarirekin. Nazioarteko bidaiak, berriz, %23,8 igo dira eta 245.939 bidaiari izan dituzte guztira.

Bestalde, hegaldiak ere gehiago izan dira 2022ko ekainarekin aireratuta. Guztira, 4.762 lurreratze- eta aireratze-mugimendu izan dira, %5,5 gehiago.

Urtarriletik ekainera bitartean metatutako datuei dagokienez, urteko lehen seihilekoan Bizkaiko azpiegiturak 2.826.775 bidaiari mugitu ditu, 2022ko aldi berean baino %32,6 gehiago. Gainera, 23.893 lurreratze- eta aireratze-mugimendu kudeatu dira, iazko urtarriletik ekainera baino %18,1 gehiago.

Hondarribiko aireportuak ere errekor historikoa erregistratu zuen ekainean: 47.612 bidaiari izan zituen. Bere historiako hileroko erregistrorik altuena izateaz gain, ekaineko bidaiari kopuruak nabarmen egin du gora 2022ko hilabete berarekin alderatuta, %22,1, guztira, Aenaren jarduera-balantzeak zehazten duenez.

Operazioei dagokienez, Gipuzkoako azpiegiturak 621 lurreratze eta aireratze zenbatu ditu, aurreko urteko ekainean baino %8,2 gehiago.

Hala, 2023ko lehen seihilekoan 216.335 bidaiari erregistratu ditu, 2022ko epe berean baino %37,8 gehiago, eta 2.831 lurreratze- eta aireratze-mugimendu, %21,3 gehiago.

Forondan, bidaiariak gora eta merkantziak behera

Gasteizko aireportua erabili duten bidaiarien kopuruak %36,2 egin du gora ekainean, iazko hilabete berarekin alderatuta. 30.143 bidaiari hartu ditu guztira. Merkantzien trafikoa, berriz, %2,6 jaitsi da, orotara 6.458 tona garraiatuta.

Pasa den hilabetean, 1.352 lurreratze- eta aireratze-mugimendu erregistratu ziren Forondan, hau da, 2022ko hilabete bereko aire-operazioak baino %11,9 gehiago.

Urteko lehen seihilekoan, halaber, Forondako aireportuak 146.826 bidaiari mugitu ditu, aurreko ekitaldiko epe berarekin alderatuta, %41,7 gehiago. Denbora tarte horretan 7.013 lurreratze eta aireratze erregistratu zituen, hau da, iaz baino %7,3 gehiago.

Merkantzien trafikoari dagokionez, aireko karga 36.118 tonara iritsi zen lehen seihilekoan, 2022ko urtarriletik ekainera bitartean baino %1,7 gutxiago.