INFO
Interview
Maribel Vaquero
EAJko Gipuzkoako zerrendaburua Kongresurako

«Ez gara inoren makulu izango, gure botoa garesti salduko dugu»

EAJren senataria izan da Maribel Vaquero azken legealdian. Orain, Kongresurako jauzia egingo du, jeltzaleen Gipuzkoako zerrendaburua izango baita uztailaren 23ko hauteskundeetan. Akordioak programaren puntuak betetzeko konpromisoaren araberakoak izango dira Vaqueroren esanetan.

Maribel Vaquero, Gipuzkoako EAJko hautagaia Kongresurako. (Maialen Andres | FOKU)

Orain arte Espainiako senatari postuan ikusi zaitugu, orain Gipuzkoako zerrendatik Kongresuko hautagai izatera igaro zara. Zer espero duzu jauzi honetaz?

Senatuko Ganberak eman dit esperientzia Madrilgo protokoloak bertatik ezagutzeko eta beraz, jakintza horrekin noa Kongresura; ahal den guztia egingo dut bertan Euskadik ahots propioa izan dezan.

Feijoo eta Sanchezen eztabaida horiek politikarekiko urruntze bat sortzen al dute?

Debateek ez dute atxikimendu handirik, bi hautagaien arteko monologo bat izan zen: gutxi entzuten zioten elkarri, bakoitzak bere mezua plazaratu nahi zuen, gogorra izan zen nire ustez eta errespetu gutxikoa. Euskadiri buruz ez zuten hitz egin, ETA ren inguruan hitz egiteko edo biktimen erabilera maltzurra egiteko soilik erabili zen. Ez zuten hitz egin Euskadik ekonomiarako eta sozialki behar dituen neurriei buruz, eta horrek argi uzten du Euskadik ahots propioa izan dezan beste alderdi batzuek ordezkaritza behar dugula, kasu honetan EAJk.

Kanpaina hasieran, EAJk Euskadiren aitortza nazionala proposatu zuen. Zein da hori lortzeko bidea?

Guk beti eramaten dugu Euskadiren nazio aitortza gure hauteskunde programetan, ez dugu amorerik ematen, behin baino gehiagotan egin dugu saiakera, inbestidura saioko akordioan ere Sanchezi esan genion eztabaida horri heldu behar ziola. Pentsatzen dugu arazo politiko horri irtenbide bat eman behar zaiola, elkarrizketa bidez.

Katalunian egin moduan, gai horretarako mahaiaren sorrera ere aplikagarria da Hego Euskal Herriaren kasuan?

Hemen bizi garenok adostu beharko dugu zer-nola. Guk esaten duguna da erabakitzeko eskubidea daukagula, eta erabakitzeko eskubide hori egia bihurtzea nahi dugu. Horregatik, berriro ere programan daukagu Espainiako hauteskundeetan, baina baita Europa mailan ere. Edozein lekutan gaudela EAJk erabakitzeko eskubidearen alde egingo du, eta Euskadi nazio bat dela aitortzea eskatuko.

EH Bildu eta ERCk kanpaina ekitaldi batean subiranotasun prozesuak abiarazteko indarra batera egingo zutela proposatu zuten. Baldintza horietan EAJ ere barnebildu daiteke?

Lehenengo Euskadin adostu behar dugu, gure artean, eta gero hori aurrera eraman. Egia esan atentzioa deitzen dit, askotan EH Bilduk ez du autogobernua defendatzen, eta gero, kanpaina bete-betean gaudela bestelako iniziatiba batzuk dituzte; egunero defendatu behar dugu Madrilen gure autogobernua, han autogobernuari eraso egiten dioten zenbait neurri hartzen dira, eta EH Bildu askotan ez dago defentsa horretan.

EAJk askotan aldarrikatu du Gernikako Estatutuaren eskuduntzen transferentzia. Zer egin behar da ekarri ahal izateko?

Badirudi tantaka lortzen ditugula transferentziak, hor geratu da aldiriko trenen transferentzia, adibidez. Berriro daramagu programan, batzuk lortu ditugu, kostatu arren; bizitzeko gutxieneko diru-sarreraren transferentzia lortu genuen, herritarrentzako dakarren onura handia izan da. Egia esan hamarkada asko pasa dira Gernikako Estatutua onartu zenetik eta oraindik horretan gabiltza. Alderdi Sozialistak eta Alderdi Popularrak, Estatu mailan gehiengoa izanik, ez dute intentziorik transferentzia horiek burutzeko.

«Egunero defendatu behar dugu Madrilen gure autogobernua, han autogobernuari eraso egiten dioten zenbait neurri hartzen dira, eta EH Bildu askotan ez dago defentsa horretan»


Etxebizitza legearen inguruan, EAJk nabarmendu du ez direla bertako eskumenak errespetatzen. Zeintzuk dira errespetatuko ez liratekeen legeak?

Hasteko Euskadik etxebizitzan konpetentzia esklusiboa dauka, lege batek etxebizitza arautu behar badu eta bakarrik disposizio finaletan baldin badago Estatuari dagokiona arautzea, lege horrek ez dauka zentzurik. Hiri-errentamenduen Legea delakoa aldatzearekin nahikoa izango zela esan genuen, Estatuak horren konpetentzia baduelako. Hori azaldu genuen alderdi abertzale guztiek bat eginik, EH Bilduk eta ERCk izan ezik; besteek ikusten dugun inbasio konpetentzial hori ez ikustea harritzekoa da.

Akordioei begira, Andoni Ortuzarrek aipatu zuen EAJren botoa garesti izango dela, zeintzuk dira baldintzak?

Emandako hitza betearazteko konpromisoa hartu beharko du Estatuko Gobernuak. Gu ez gara inoren makulu izango, gu bitartekaririk gabe goaz Madrilera, Euskadirentzako eta euskal herritarrentzat onena nahi dugu. Gu goaz guk emandako hitza eta aurkeztutako programa betetzera, gure eta Euskadiren interesak defendatzera, hori da garesti salduko duguna, adosten dugun hori betetzea eskatuko dugulako.

Nola ikusten dituzu PP eta PSOE?

Batzuek beti sartu nahi gaituzte multzo batean, EAJ Espainiako eskuin muturrarekin dagoela. Esan dugu behin baino gehiagotan: ez dugu itunik, ez dugu bitartekorik, gure hitza zuzena da, Madrilera goaz Euskadiren interesak defendatzera. Euskadin Alderdi Sozialistarekin itun bat dugu udal askotan eta baita aldundietan edo Gobernuan ere, funtzionatzen ari da, eta estabilitatea ematen die gure erakundeei.

Udal eta foru hauteskundetan PPren botoa jaso zuen EAJk alkatetza batzuk eskuratzeko. Babes horrekin eroso sentitu zarete?

Legitimitate guztia daukagu, Gipuzkoaren kasuan eserleku kopuru bera genuen 24, PPren eskuetan zegoen nork gobernatzen zuen. Eserlekuez gain, EAJren eta PSEren bozak batuta gehiengoa zen, gure alderdiak legitimitate guztiaren aurkeztu zuen Eider Mendoza.

Legebiltzarreko edo foru hauteskundetako datuak hartuta, ikus genezake euskal hautesleen aukera gustukoenak EAJ eta EH Bildu direla. Naziogintzan edota gobernatzeko ereduan nolatan ez da akordiorik ikusten?

EH Bilduri ere galdetu beharko zaio hori, Madrilen erraz sinatzen ditu itunak Alderdi Sozialistarekin eta aldiz, hemen ez du horretarako gogo edo asmorik. Hemen beti eszenatoki beltz bat irudikatzen du eta kolaboraziorako gogo gutxi.

«Kontuz ibili behar dugu eta hizkuntza erasoei aurre egin, guk hitza eman dugu lehen lerroan egongo garela eta uste dut batasunetik askoz hobe egingo dela»


Auzitegi Konstituzionala bete-betean sartu da EAEko udal araudian, albo batera utzi ditu euskara hutsezko udal dokumentuak. Hau konpontzeko zein pausu eman behar dira?

Lehenengo erasoei tinko aurre egin behar zaie. Euskaldun guztiok adi egon behar dugu mehatxu larri bat delako, eta mespretxu bat euskal hiztunentzako. Azken batean, hizkuntz eskubideak defendatu behar ditugu, izan ere, epai honek dioena da barne funtzionamenduan euskarazko testuek arazoak sortzen dituztela Estatuko botereen aurrean. Kontuz ibili behar dugu eta erasoei aurre egin, guk hitza eman dugu lehen lerroan egongo garela eta uste dut batasunetik askoz hobe egingo dela.

Hainbat lan eskaintza publikotan hizkuntza eskakizunak bertan behera geratu dira, Uliazpiko fundazioaren kasuan adibidez. Hizkuntza eskubide hauek zigilatzeko zer egin behar da?

Guk gure legeak ditugu, gure legeak eta hauen garapena defendatu behar ditugu. Euskal instituzioek hartutako erabakiak defendatu behar ditugu, eta hori autogobernua defendatzea da. Eta autogobernua defendatzeak eskubideak defendatzea dakar, ongizate soziala ematea. Horregatik da garrantzitsua atzera pausurik ez ematea konpetentzietan eta euskaldun guztiak babesten gaituen autogobernuan.

Legea aldatu behar da?

Legeak aldatzeko adostasuna behar da, baina dauden legeak betetzeko dira. Eta kasu hauetan guk ulertzen dugu legea ez dela betetzen ari edo ez dela ongi interpretatzen ari.

Memoria Demokratikorako Legea Espainian egon daitekeen olatu erreakzionarioaren ondorioz arriskuan ikusten duzu?

Hori jasotzen dute programan, legeak ezetatuko dituztela, arrisku hori badago. Lege batzuk bermatu behar ditugu, aurrerapausuak izan direlako giza eskubideetan. Oroimen politikoetan guk ez dugu onartuko inboluzio demokratikorik eta atzera pausurik. Baina inboluzio demokratikorako Voxek daukan programa larria da eta horri aurre egingo diogu.

La Cumbre juregiari dagokionez, zein da EAJk izango duen jarduna Kongresutik?

Oroimen leku bilakatzearen proposamena EH Bilduk egin zuen. Nik ez dakit zein eduki proposatu dituen zehazki. Baina kontuan hartu beharko da eraikin hori Donostian kokatzen dela, eta Donostiako Udalak zeresan handia izan beharko duela denok adostutako oroimen espazioa izateko.