INFO
Interview
Uxue Fraile
Ehun Miliak probako irabazlea

«2021eko Chamonixeko gogortasunaren itxura hartu nion Ehun Miliak probari»

Uxue Frailek (Donostia, 1974) garaipen eskuratu zuen Ehun Miliak lasterketan (168 kilometro). Distantzia luzeetan lorpen handiak erdietsitakoa da donostiarra –hiru podium Chamonixen–, baina 2021etik ez zen lehiatzen ultra distantzian. Garaipenari baino, probako momentuei gehiago erreparatu die.

Uxue Fraile, Ehun Miliak probako sari banaketan, garaipena ospatzen. (Mikel DE LAS HERAS | EHUNMILAK)

Estreinako paregabea izan zen Uxue Frailerentzat Ehun Miliak proban: garaipena eskuratu zuen, arerioekiko nagusitasuna erakutsita. Bi urte zeramatzan horrelako distantzia luzeetan lehiatu gabe eta «erronka» moduan hartu zuen. Garaipenaz baino, bizitako momentuekin geratzen da, zailtasunez gaindi; «zoragarria izan zen».

Ederra garaipena, ezta?

Oso ondo, bai. Nahiko gogorra izan zen eguna. Lasterketa ere nahiko ausart hasi nuen; ez nuen horrelakorik bilatu, baina horrela etorri zen. Gau polita egin ondoren, larunbateko egunak luze jo zuen.

29 ordu, 19 minutu eta 43 segundo behar izan zenituen. Horrelako lasterketetan pentsatzen al da denboran?

Denbora konkretu bat markatu gabe atera nintzen. Hemen ehun miliak sekula egin gabe nengoen. Horrelako probak egin ditut beti beste egoera batzuetan, eta nahiko desberdinak. Duela bi urtetik ez nuen horrelako distantziako proba bat egiten. Ez daukagu ohiturarik denborak ezartzeko, ateratzen gara eta gure gorputza entzuten joaten gara. Horregatik harritu ninduen nola atera nintzen. Azkenengo kilometroak oso gogorrak izan ziren.

Zergatik?

Gogorra, azkenean bukatu egin behar duzulako. Ezinean zoaz eta ez duzu denbora asko galdu nahi. Niri kostatu egin zitzaidan, ez aurkariengatik, baizik eta aurkari okerrena gu geu izaten garelako. Sufritzen zoazenean edozein kilometrok luze jotzen du, eta horregatik egin zitzaidan gogorra. Egia esanda, lasaitu nintekeen, baina nik ere lehenbailehen iritsi nahi nuen. Ez duzu mendian denbora gehiago pasa nahi. Inguruko jendea ere helmugan zain zegoen eta ahalik eta azkarren bukatu nahi duzu.

Azkenean bi gau batu zitzaizkizun: ostiralekoa eta larunbatekoa, 1.00era arte.

Kasik inor ez zegoenean plazan (barrezka). Hori bai ez nuela pentsatu. Azkenean beranduago atera ginen, azkeneko zatian, ordubete pasatxo edo, pentsatu genezakeena baino gehiago kostatu zitzaidan.

Lehen aldia da halako distantzia egiten duzuna Euskal Herrian.

Bai, Euskal Herrian lehenengoa eta uztailean lehenengoa. Orain arte, abuztuan Chamonixen korritu izan dut UTMB. Diagonale des Fous, Reunion uhartean, eta Japonian Fuji mendiko ultra traila udazkenean egin nituen. Hau niretzat zen garai honetarako proba luzeena eta bereziena.

Eta zer dela-eta aukeratu zenuen aurten Ehun Miliak egitea?

Inguruko jende askok egin duelako, etxekoa delako. Bai, argi genuen geunden egoeran geundela, lasterketa aproposena eta erakargarriena zelako. Entrenatzaileak eta biok argi geneukan. Zoragarria izan da proba honetan lehiatu izana.

Bi urte pasatu dituzu distantzia hau egin gabe.

Bai. Chamonixeko UTMB proba azkenekoz 2021ean egin nuen, abuztuan. Ordutik oso lasterketa gutxi egin ditut, txipa aldatuta. Zentzu horretan, erronka bat zen. Urteak ere ez dira alferrik pasatzen, ez genekien nola erantzungo nuen. Argi genuen etxean lasterka egin nahi genuela.

Zer suposatzen du zuretzat garaipen honek?

Ez naiz oso kontziente garaipenez. Bai naiz kontziente bizi nuen momentuaz. Oso polita izan da, bai bertako giroa, jendea, lekua... Ze gogorra izan daitekeen Gipuzkoako ibilbidea! Eta horrekin bai naiz kontziente. Ez dut uste ezer gehiago suposatzen duenik. Ez diot horri erreparatu.

«Ez naiz oso kontziente garaipenez. Bai naiz kontziente bizi nuen momentuaz. Oso polita izan da, bai bertako giroa, jendea, lekua... Ez dut uste ezer gehiago suposatzen duenik»

Zein zentzutan izan da lasterketa hau gogoangarria?

UTMB guztiak gogorrak izan dira, baina gogortasun aldetik bai hartu nion 2021eko Chamonixekoaren itxura. Bukaeran ezin korrika egin, hanketako mina, arazoak... Izugarrizko beroa pasatu genuen, pendizak oso potenteak, batez ere beheraka. Anoagune askotan eseri egin nintzen, nik ez dudana kasik inoiz egin. Beste era bateko lasterketa izan da, beste garai batzuk dira, ni ere beste bat naiz.

Buruak ere beste modura batera jokatu du?

Bai, nik uste dut burua beste modura batera nuela, baina azken kilometroetan sentitzen nuen gauza bera: mamu batzuk azaltzen dira, ideia sabotatzaileekin borrokan egoten naiz tarte luze batean, baina betiko kontua da. Ehun Miliak-en packean doaz mamu horiek, gogortasuna, luzea, gaua, malkoak, tripak, eguraldia... Eta jakin behar dugu ezaugarri horiek guztiak kudeatzen.

Zeintzuk izaten dira mamu handienak?

Ufa! Ba ez dakit, ez nuke jakingo orain bertan hori identifikatzen. Sentsazioen arabera da, bakoitzak bereak izango ditu eta pasatzen laga behar zaie. Asko heltzen badiezu, beraiekin geratzen zara bide guztian, eta ezinegona sortzen du. Helmugara iritsi nintzen; beraz, borroka horretan irabazi nuen (barrez).

Gainontzean, nola deskribatuko zenuke urte hau?

Urteko hirugarren lasterketa zen. Normalean horrelako lasterketa luze bat uda bukaeran jokatzen nuen eta tartean beti sartzen nuen baten bat tarteko neurrikoa. Oraingoan ez dut izan aukerarik, ze ikusten dut orain errekuperazio denborak luze jotzen duela. Hiru proba besterik ez ditut egin: Estatuko txapelketa Kordoban, Nafarroako selekzioarekin, gero Zegama-Aizkorri mendi maratoia eta hauxe. Eta ez dut ezer gehiago aurreikusten.

Baina gustura egindakoarekin?

Bai, gustura. Lasterketa askoz ere gehiago egitea gustatuko litzaidake, baina horrela egokitzen gara gu.