Urdaibaik surfeatu ditu hoberen Orioko olatuak eta Hondarribiak lider jarraituko du
Bermeotarrek lehen txandan aritu den Getariaren denbora onena hobetu dute eta estropadako bigarren izan den eta lider jarraituko duen Hondarribiari 12 segundo atera dizkiote. Donostiarra izan da hirugarren eta Zierbena, laugarren.
Gorka Aranberri zarauztarrak bikain ezagutzen du Orioko estropada eremua. Gaur egun Bermeoko Urdaibai taldean ari da patroi lanetan eta ederki erakutsi du igande honetan badakiela buelta ematen emaitza "txarrei". Larunbatean Bilboko erlojupekoan hirugarren izan ziren bizkaitarrak, baina gaur, itsaso zabalean eta olatuei aurre eginda, Urdaibaik nagusitasuna erakutsi du. Pentsa, 12 segundoko aldea atera dio bigarrenari, lider jarraituko duen Hondarribiari, alegia.
"Ama Guadalupekoak" sekulako borroka izan du Donostiarrarekin azken luzean. Bigarren postua tartekatuz aritu dira bi traineruak, baina azken biraketa ostean, Ioseba Amunarriz patroiak olatu ona hartu eta azkenean "Torrekua II" ontziari gailendu zaio helmugan, larunbatean bakarka lorturiko lidertza mantenduz. Zierbenak, denboraldi hasiera bikainari ezin zain dio jarraipena eman eta estropadan laugarren izan da. Sailkapen nagusian, lehen postutik hirugarrenera jaitsi da asteburu honetan.
Itsasoa zaila zegoen arrauna egiteko, baina Getariak, lehen txandatik, bikain aprobetxatu du denbora onena egiteko. Gipuzkoarrak azkarrenak izan dira biraketetan, eta azken luzean, gainera, tartea zabaltzen joan da olatu ona hartuta. Ondarroak, bestalde, behetik gora egin du eta Santurtziri presionatu dio, baina "Sotera"k maniobra ona egin eta aldeak mantendu ditu azkenean, nahiz eta estropadako sailkapenean Getaria eta Santurtziren artean Lekittarra sailkatu den.
Bigarren txanda gorabeheratsu aritu da Lekittarra. Lehen ziabogan Getariak egindako denbora hobetu dute bizkaitarrek; bigarrenean, ordea, ezin izan dute gainditu; hirugarren biraketan berriro sailkatu dira aurretik, baina azken luzea ez da espero zuten bezain ona izan eta Getariak eraman du ordurako denbora onena.
Hala ere, ohorezko txanda hasi denean zapuztu zaizkie esperantza guztiak. Donostiarra bi tosta buruan jarri da hasieran eta Hondarribia Urdaibairi itsatsi zaio, baina epaileek ez dute ezer esan. Hiru traineru hauek denbora bera markatu dute lehen ziabogan, Zierbena bi segundo atzetik etorrita.
Baina Hondarribiak segundo batzuk galdu ditu maniobra egin ostean eta Urdaibai jarri da aurretik bigarren luzean. Bermeotarrek ez zuten ezustekorik nahi eta olatu onak hartuta, aurrerantz egin dute. Hala, ikuskizun guztia atzean egon da. Izan ere, azken luzean Hondarribiak eta Donostiarrak sekulako borroka mantendu dute. Berdeek hobeto "surfeatu" ahal izan dute eta bigarren postua beraientzat izan da, Eusko Label Ligako lidertza mantenduz, gainera.
Bermeok eta Hondarribiak ospakizunetarako arrazoiak izango dituzte igande arratsaldean, euren arraunlariei harrera goxoa eginda.
Orioko XXXIII. Estropada - Orio Kanpina XI. Bandera:
1. Urdaibai 20:34.60
2. Hondarribia 20:46.70
3. Donostiarra 20:47.70
4. Zierbena 20:57.84
5. Getaria 21:05.14
6. Lekittarra 21:05.60
7. Santurtzi 21:20.66
8. Orio 21:22.80
9. Ondarroa 21:27.17
10. Kaiku 21.31.88
11. Samertolameu 21:35.04
12. Cabo 21:51.60
Sailkapen nagusia:
1. Hondarribia 54 puntu
2. Urdaibai 52
3. Zierbena 51
4. Donostiarra 39
5. Getaria 35
6. Orio 31
7. Cabo 29
8. Lekittarra 29
9. Kaiku 24
10. Ondarroa 18
11. Santurtzi 17
12. Samertolameu 11