INFO

Bero gupidagabea: itolarrian da Ipar hemisferioa eta estutzen segituko du

Bero bolada hilgarriak planetaren zati handi bat kolpatu du, iragarritako etorkizun kiskaltzailea hemen da. Txina eta AEBak, munduko kutsatzaile handienak aldeaz, klima krisiaz jarduteko bildu dira.

Kaliforniako Death Valley-n, munduko leku beroenetarikoan, tenperaturak marka guztiak hausten ari dira. (Ronda CHURCHILL | AFP)

Oraintxe bertan gertatzen ari da. Aspaldi iragarri zen klima aldaketak eragindako etorkizun bero eta hilgarria hemen da, luzaroan geratzeko etorria. Eta, berarekin batera, berri agentziek Ipar hemisferioan bero errekorrak hautsi direla esan eta iragarpen alarmistak zabaltzen dituzten une berean, urteroko erritual errepikakorra ere badator: osasun publikoko arduradunek beroak hil gaitzakeela ohartarazten digute, neurriak hartzera gonbidatzen dituzte hiriak eta hiritarrak, eta klimaren aldeko ekintzaileek beren mezu apokaliptikoak areagotzen dituzte. Eta ahalegin guztion gainetik, edo azpitik, beroak beste behin ere kolpatuko du, berriz ere hilko du.

Erredakzioan jasotzen ditugun teletipoak kontaezinak dira, eta denak errima berekoak: beroa Ipar hemisferioan neurri gabe hedatzen ari da, egoera nonahi larriagotzen ari da, Asia, Europa eta Ameriketako hainbat eremutan bero kiskaltzailea jasaten ari dira, eta datozen egunetan tenperaturek gora egingo dutela aurreikusten da. Urruti gabe, atzo bertako teletipoei gainbegiratu labur bat egitea egokia da egoeraren argazkia egin eta gordintasunaz jabetzeko.

Teletipo zaparrada

AEBetako Meteorologia Zerbitzuak Texasetik Kaliforniaraino doan bero kupula batez ohartarazi ditu milioika biztanle, «oso arriskutsua eta potentzialki oso hilgarria» izan daitekeen fenomeno baten berri emanez. Iparralderago, Kanadako Gobernuak aurten 10 milioi hektarea erre direla jakinarazi du, eta, bero boladaren ondorioz, kalteak areagotuko direla aurreratu du. Japoniako agintariek, herrialdeko 47 prefeturetatik 20tan, intsolazio alarmak zabaldu dituzte, erregistroak daudenetik bero errekorrak hautsiko direlako.

Eta txanponaren beste aldean, Hego Korean montzoiaren euriteek dozenaka lagun hil dituzte, beste dozena batek desagertuta jarraitzen du eta luiziek sekulako txikizioak egin dituzte. India iparraldean beste horrenbeste, baina adituen esanetan, «montzoia ohikoa den arren, aurtengoaren larritasuna oso bestelakoa da».

Europan, Italian «historiako bero bolada handiena» iragarri dute eta 16 hiritan alarma gorria piztu da. Sizilian eta Sardinian 48°C-tik gora izango direla diote. Atenasko Akropoliak, Greziako atrakzio turistiko nagusietarikoak, hiru egunez jarraian itxita segitzen du beroa dela-eta. Estatu espainoleko erdialdea, udako une gorenean, ohiz kanpokoa den bero bolada batek kolpatuko duela diote. Eta Europar Batzordeko Klimaren Agentziak zabaldu du munduak inoiz ezagutu duen hilabete beroena igaro berri den ekaina izan dela.

Negua den Antartikan ere, glaziarrak urtzen eta eguzkia biziagotzen doazen heinean, ohiz kanpokoak diren tenperatura altuak erregistratu dira. Hango neguan inoiz ezagutu ez den bero errekorra hautsi berri da 8,7ºC-rekin

Eta, egia esan, ez da ezustekoa, edo ez luke izan beharko. Izatekotan, ezustekorik gabeko ezusteko bat. Izan ere, Munduko Meteorologia Erakundeak aspaldi ohartarazi gintuen, eta urtero-urtero errepikatu du ohartarazpena: azken zortzi urteak erregistratu diren beroenak izan dira. Iazko udan bero errekorrak hautsi ziren, lehenbizi Asian eta gero Ipar Amerikan eta Europan. Eta aurtengoa bide beretik doa. Martxoan uda betean zegoen Argentinak bero errekorra ezagutu zuen. Maiatzean markak hautsi zituzten Vietnamek, Laosek eta Thailandiak.

Eta okerrera egingo du, okerrera baino ezin duelako egin. Martxoan, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak iragarri zuenez, planetak beroketaren 1,5°C-ko mugarria 2030. urtean pasatuko du. Beste ikerlari batzuek bero boladak gehiago, gogorragoak, sarriagoak eta hilgarriagoak izango direla esan dute. Europak, 2022ko bero boladen ondoren, 15.000 heriotzaren berri eman zuen, eta aurreikuspenak betetzen badira, heriotza-tasa altuagoak izatea, eta herrialde gehiagotan, denbora kontua baino ez da.

Bero globalaren markak El Niño fenomeno klimatikoaren eskutik datoz. Berkeley Earth institutuaren arabera, aurtengoa inoizko urte beroena izateko %54ko aukera dago, are ekainean beroak errekor denak hautsi dituelako

Faktura etxera iritsi da

Ez, arazoa ez da ezjakintasuna. Badakigu beroak hiltzen duela, badakigu sekulako txikizioak ekar ditzakeela. Milaka urtetan zehar mehatxu horren berri izan du gizakiak eta, hala ere, hari aurre egiteko estrategia falta izaten segitzen dugu. Gupidagabea den fenomenoaren aurrean, babesgabe. Klima-hondamendia arindu dezaketen estrategiak garatu dira, bai; baina erregai fosilen isurtzeak gora egiten segitzen du. Gauza jakina da arazoa, ezagutzen da, baina ezaguera horren aurrean ezer egin gabe segitzen da; hori da arazoa.

Milioika estatubatuar tenperatura itogarrien mende daude, goizeko hamarretatik aurrera paseatzea debekatua dute. (Ronda CHURCILL/AFP)
Milioika estatubatuar tenperatura itogarrien mende daude, goizeko hamarretatik aurrera paseatzea debekatua dute. (Ronda CHURCILL/AFP)

Ez, bero erasoaldi latz hauen aurrean gobernu gehienek ez dute nahikoa egin. Arazoaren eta bere balizko konponbideen ezagutzatik ez da ekintzetara pasatu. Noski behar direla etengabe berotzen doan gure planetan beroak heriotza-tasan eragiten dituen aldaketen gaineko ikerketak. Mugimendu sozialek berea egin dezakete ezagutza hori guztia eta justizia klimatikoaren ispiluan errefraktatu, agintariak esku hartzera behartuz. Oztopoak, baina, nabarmenak dira. Zer behar da gerrarako diru-inbertsio itzel horiek ahalegin honen mesedetara bideratzeko? Eta, gainera, aurrekariak badaude. Hiri gehienek estolderian eta ur edangarrian inbertitu dute, askok garraio publikoan. Hori behar da: jakintza pilatzea osasun publikoan inbertitzeko, gure hiriak hozteko prebentzioan, eta hori di-da egitea, askoz ere jende gehiago hil baino lehen.

Xinjiang eskualdean Txinako tenperatura errekorra hautsi da, aurreko marka (50,6ºC) aise gaindituta. Bertako meteorologia agentziaren arabera, eguzkipean tenperatura 80ºC-koa zen

Bestalde, bero bolada hauen arrazoiaren parte bat El Niño fenomenoaren etorrera da, baina klima beroago eta aldakorrago batekin lotzen den patroi klimatikoan. Gizakiok eragindako aldaketek klima aldaketaren patroi normalak asko anplifikatu eta muturreko fenomeno meteorologiko bilaka ditzakete. Beti egon baitira bero boladak, beti uholdeak, beti luiziak eta basoen suteak. Baina klima aldaketa aurrekaririk gabeko bero boladak sortzen ari da, asteetan luzatzen direnak, uholde sarriak eta megasuteak. Beldurgarria da planeta zein azkar berotzen ari den eta zer ondorio ekar dezakeen irudikatzea. Esku hartzeko obligazioa dago. Mende bat pasatu dugu ikatza, petrolioa eta gasa erretzen eta orain faktura etorri zaigu. Hori da egia, benetako egia.

Bi oilarrak mokoka

Testuinguru honetan, John Kerry, AEBetako klima politiken arduraduna, beroak kiskalita dagoen Txinara iritsi da. Ez da broma datua: 1951. urtetik Txinako hiriburuak, Pekinek, 40°C-ko tenperatura gainditu den 11 egun baino ez ditu ezagutu, eta horietatik sei, azken asteetan, historiako egun beroenaren errekorra barne. Eta AEBetan ere berdintsu dabiltza, muturreko bero boladek erasanda.

Munduko bi kutsatzaile handien arteko harreman hautsiak konpontzen saiatzea ez da gutxietsi beharreko kontua. Hainbat gai politikotan elkarri mokoka dabiltzalako, eta tentsio politiko-militarrak puri-purian dauden arren, klimaren gaiak sintonia berean aritzera behartu beharko lituzke. Sikiera horretarako baliagarria bada bilera, gaitz erdi.

Uda betean den Estatu espainolean, gaurko eta biharko beroaren intentsitatea «ohiz kanpokoa eta muturrekoa» izango dela iragarri du Aemet agentziak: 40-44ºC artekoa, bero olatuak iaz baino %5 gorago joko du

Klima-krisiaren inpaktuak zein larriak diren jakinda, bi herrialde erraldoi hauek gutxieneko kolaborazio bat izan beharko lukete. Elkarren arteko lehiaketaren logika hutsetik ez datorrelako atarramentu onik. Gogoratu behar da Nancy Pelosik Taiwanera egindako bisitaren ondoren eten zituela Txinak klimaren inguruko elkarrizketak. Kerryk aurreratu duenaren arabera, AEBek Txina presionatuko dute ikatzaren erreketak eta metano isurketak gutxitzera konprometitu dadin. Horretan «kontzesiorik ez dela egongo» gaineratu zuen. Pekinek, bere aldetik, eguzki-panel txinatarrei AEBek ezarritako muga-zergak kentzea eskatuko du. Eta bataren eta bestearen eskakizunak bi gai oso politiko direla aintzat izanda, aurrerapausoak izateko aukerak ez dira ugariak.

Egia da bi herrialdeek beren ekonomiaren deskarbonizaziorako bidean neurri eta inbertsio handiak bideratu dituztela. Baina ez da aski, eta oso kontraesankorra da hartu dituzten beste neurri batzuekin. Txinak, adibidez, 2030. urterako karbono isurketen goia jo eta 2060an karbonoan neutrala bilakatuko dela hitzeman zuen Xi presidenteak. Ibilgailu elektrikoetan punta-puntakoak dira, bai, baina argindarraren %60 ikatzetik ateratzen badute? Bestalde, energia garbietan liderrak dira; eguzki-energia ekoizteko duen ahalmena mundu osoarena batuta baino handiagoa da, eta energia eolikoari dagokionez, rankingean jarraitzen dioten beste zazpi herrialdeen baturarena baino handiagoa.

Leihoa ixten ari da, esnatu

Kontuak kontu, hausten den bero errekor bakoitza Lurra arriskuan dagoela dioskun abisu berria da. Klima aldaketaren aurrean eta sufrimendu handiagoak ekiditeko ez garela nahikoa egiten ari dioskun ohartarazpena. Baina gizakiok ez gara indargabeak, ez horixe. Jarraitu beharreko bidea argia da, erraza eta merkea ez den arren. Erregai fosilen makineria eraistea eskatzen du, eta energia garbi, berriztagarriekin eta zero isurketako teknologiekin ordezkatzeko.

Egunotako bero bolada latz hauek alarma bat dira: hondamendi klimatikoa ekiditeko aukeren leihoa ixten ari da. Esnatuko gara? Ala erabakia hurrengo muturreko klima fenomenoa etorri arte geroratuko dugu?