INFO

Bozkatzeko adina 16 urtera jaistea aldarrikatu du Ernaik

Gazteak parte-hartze politikoan eta mugimendu ugaritan trebatuak dira eta euren etorkizunaren inguruko erabakiak hartzen dituzte. Hori dela eta, bozkatzeko adina 16 urtera jaistea aldarrikatu du Ernaik.

Ernaiko kide Ane Alava-Artuch eta June Iartza Almandoz, Donostian egin duten agerraldian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gazteen parte-hartze politikoa sustatzeko bozkatzeko adina 16 urtetara jaistea beharrezkoa dela nabarmendu du Ernaik. Hauteskundeei buruz Donostian komunikabideen aurrean izandako agerraldian Ane Alava-Artuch eta June Iartza Almandozek azaldu dutenez, hiru arrazoi nagusi daude aldarrikapen hau plazaratzeko.

Lehena, gazteek belaunaldi erantzukizuna dutelako da. «Askotan esaten digute etorkizuna garela. Beraz, etorkizuna erabaki nahi dugu, 16 urtetatik ere», adierazi dute. Bigarrena, gazteek politikarekiko konpromisoa dutelako da eta politikan eragin nahi dute. Izan ere, oso gaztetatik militantzia politikoan murgildurik daude. Hirugarrenez, 16 urterekin betebeharrak dituztenez logikoa ikusten dute eskubideak ere izatea.

«Krisian hasitako belaunaldia gara eta belaunaldi-krisiaz hitz egiten gabiltza azkenaldian. Gazteok bagara nor gure eskubideak, gure etorkizuna eta gure erabakien gaineko erabakimena borrokatu ahal izateko. Hauteskunde hauetan ere badugu eginkizuna oldarraldi faxistaren aurrean antolatzeko, faxismoa belaunaldi berrietan hegemonikoa ez bihurtzeko. Belaunaldi bezala erantzun bat ematera goaz. Etorkizuna gurea delako, guk ere marrazten dugulako eta erabakiak guk ere hartu nahi ditugulako», azaldu dute.

Parte-hartze politikoan trebatuak

Militantzia eta parte-hartze politikoan ere aritzen dira gazteak hainbat esparrutan, ekologismoa, feminismoa edo euskara bezalako balioak sustatzeko. «Gure helburuetako bat, parte-hartze politikoa sustatzen dugunean, gazteen ahotsa espazio desberdinetara eramatea da. Zeresana badugu eta gero eta espazio eta botere gune gehiagora joateko anbizioz jokatu behar dugu», esan dute.

Horren aurrean, sistemak gazteei buruz bultzatzen duen irudi despolitizatu, dependiente eta infantila bultzatzen duela ohartarazi dute. «Eta guk horri ezetz diogu. Gu gazte antolatuak gara, konprometituak eta militantzia politikoan berresten gara», adierazi dute.

Gauzak horrela, dituzten erronkei aurre egiteko prest direla nabarmendu dute. Krisi klimatikoari edo faxismoaren oldarraldiari erantzuteko edo mugimendu feministak planteatu dituen aurrera urratsetan zein euskararen erasoen kontrako mobilizazioetan parte hartu dute. «Guzti horietan bagaude formatuak, bagaude heziak. Borroka sozial guzti hauetan lidergotza hartu dugu. Atzera itzuli nahi ez duen gazteria garen heinean gure ahotsa inoiz baino gehiago balio izatea ezinbestekotzat jotzen dugu. Faxismoari ateak ixteko mobilizatuak gara kalean eta mobilizatuak egon beharko ginateke ere hautetsontzietan», nabarmendu dute.

Hauteskundeak momentu politiko bezala ulertzen dute, bozkatzea ekimen politikoa dela azpimarratuz. «Ez da egunero egiten dugun lan militante eta konprometitu horretik at, baizik eta gehigarri edo beste ekimen bat gehiago bezala gure prozesu horretan. Independentziarako bidea herriz herri eta auzoz auzo jorratzen joan behar gara eta horretarako botereguneak lehiatu behar ditugu prozesu independentistaren mesedetan kokatzeko».

EH Bildu bozkatzeko deia

Ernairen arabera, hori guztia islatzen duen proiektua EH Bildu da eta horren aldeko botoa eskatu dute. «Faxismoa gelditzeko instituzioetan dugun tresnarik eraginkorrena EH Bildu da. Parte-hartze politikoa, bozka ematetik at, ulertzen duen mugimendua da EH Bildu. Euskal Herriaren burujabetza eta askapen prozesuan ekarpen eta tresna moduan ulertzen dugun prozesua EH Bilduk markatzen duena da. Madrilen partida dagoen bitartean gu Madrilen egongo gara eta, antifaxismoarekin lotuta, ez diogu utziko bloke erreakzionario eta ultraeskuindarrari gure herriaren eta gure bizitzen gaineko erabakiak hartzen utziko».