INFO

Gorroñok ez du Gernikako alkatetza utzi epea gaindituta eta EAJ urduritzen hasi da

EH Bildu izan zen bozkatuena M28an Gernikan, baina aurretik izandako tirabirak alboratuta Jose Maria Gorroño berriz alkate egiteko apustua egin zuen EAJk, EH Bildu baztertzeko. Hartutako konpromisoa –hilabeteko epean kargua uztea– ez du bete Gorroñok eta orain egoera deserosoan dira jeltzaleak.

Gorroño, bere aldeko bozka ematen ekainaren 17ko udal eraketan. (Oskar Matxin Edesa | Foku)

Zaharrak berri Gernikan, Jose Maria Gorroño alkatearen inguruan. Oraindik aginte makilari eusten dio, zerrenda ezberdinak ordezkatuz 2007. urtetik etengabe egin duen bezala. eta duela hilabete emandako hitza (kargua utziko zuela) beteko ote duen zalantzan jartzen hasia da.

Parekorik gabeko ibilbidea du Gorroñok. EAko kide gisa lortu zuen kargua, gero EAJko hautagaia izan zen eta azken hauteskunde hauetan Guztientzako Herria hautagaitza independientearen buru bilakatu da. Maiatzaren 28an ez zen bozkatuena izan, baina ekainaren 17ko udal eraketan bere alde egin zuen EAJk, EH Bilduri alkatetzarako bidea isteko asmoz.

Konponbide harrigarria adostu zuten EAJk eta Gorroñok, osoko bilkura hartan jakinarazi zena: alkateak hilabeteko epean kargua utziko zuela hitzartu zuten. Detaile adierazgarri gisa, gainera, aginte makila ez zuela Guztientzako Herria hautagaitzaren bigarrenak hartuko, hirugarrenak baizik, iragarri zuen Gorroñok une hartan. Iñaki Gorroño da hirugarren hori; bere anaia, hain zuzen ere.

Kontua da hilabete jada pasa dela, astelehen honetan, eta Jose Maria Gorroñok ez du alkatetza uzteko urratsik eman, ez eta itxurarik agertu ere. Xabier Irazabal EAJko argi utzi duenez, ez dira batere fio. Zenbait hedabideri emandako adierazpenetan aipatu duenez, alkatetzari eusten badio ez du bere taldearen laguntza izango eta gutxiengoa izanik egingo beharko lioke aurre legealdiari.

Onartezintzat jotzen du EAJk Gorroñoren jokabide hau, nahiz eta orain arte egindakoengatik jada harridurarako tarte gutxi uzten duen politikoa den. Hain egoera deserosoan egonda, EH Bilduk Bermeon egindakoa txalotzera heldu da Irazabal jeltzalea. Izan ere, hemen alkate hautatutakoak alkoholemia-kontrol batean positiboa eman ondoren segituan utzi zuen kargua, ekainaren 18an hain zuzen ere, eta Gorroñok, aldiz, bereari eusten dio hartutako hitzarmenak baztertuz.

Kargua utziko duela berretsi du

Efe agentziari eginiko adierazpenetan, Gorroñok baieztatu du kargua uzteko «konpromisoa» bete egingo duela, baina berak ez zuela «denbora mugarik jarri». Dimisioa «Udala martxan jarri» ondoren emango duela azaldu du, gai «serioa» delako.

Era berean, «hiztun indiskretua» izatea leporatu dio alkateak EAJko ordezkariari.

Egoera argitu bitartean, hilabete honetan ez da Gernikan osoko bilkurarik egin. Eta EH Bilduk arazoaren iturria non den gogora ekarri du: indar hau baztertzeko EAJren nahiak eragiten du.

 

Maiatzaren 28an 6 zinegotzi lortu zituen EH Bilduk, 6 ere Guztiontzako Herriak, eta 5 EAJk. Baina EH Bildu izan zen botu gehien bildu zuena, 2.844 hain zuzen ere, Gorroñok batutako 2.628en gainetik.