INFO

Zaporeak elkarteak Grezian egiten duen lana aitortuko dute aurten Donostiako Piratek

Donostiako Piratek asteazken honetan aurkeztu dute abuztuaren 12an hasiko den Aste Nagusiaren egitaraua. Halaber, iragarri dute aurten Zaporeak elkarteak Grezian egindako lana aitortuko dutela. Abordatzea abuztuaren 14an izango da.

Asteazken honetan Donostiako Piratek egitaraua aurkezteko egin duten agerraldia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gutxi falta da aurtengo Aste Nagusirako, eta Donostiako Piratek asteazken honetan aurkeztu dute jaiez gozatzeko prestatu duten egitaraua. Jai «herrikoi eta parte-hartzaileak» antolatuko dituzte, Ezkila Kapitaina eta Mattiren laguntzarekin.

Prentsaurrekoan azaldu dutenez, «aurten ere Mattik aldarri bat eramango du besapean, gure baloreekin bat datorren lana egiten duen mugimendu, elkarte edo talde batek ordezkatuta. Martuteneko auzo elkartea, etxe kaleratzeen aurkako kolektiboa, abortu eskubidearen aldeko mugimendua, errefuxiatuak, Altsasuko Gurasoak, merkatari txikiak, Naizen elkartea edota Euskal Herriko Bilgune Feminista dira, besteak beste, urteotan jaiak gurekin ospatzen aritu diren eragileak».

«2023an, ordea, itsaso berriak nabigatzera goaz. Zaporeak elkarteko lagunak batuko zaizkigu festara. Europara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmo gabeko elkartea; egun, Grezian dauden errefuxiatu esparruetan janaria prestatzen dute, harrapatuta dauden pertsona zaurgarrienen bizi baldintzak hobetzeko helburuarekin. Haientzat gure begirunea eta aitortza», gaineratu dute.

Abordatzea, abuztuaren 14an

Egitarauri dagokionez, Piratek  iragarri dute egunean zehar askotariko ekintzak izango direla Flamenkan zein Donostiako beste zenbait txokotan: bertso saioak, kalejirak, kuadrilen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak…

Ez da faltako, noski, mugimenduaren ikur bilakatu den abordatzea. «Hilaren 14an, baltsak uretara bota eta edozer dugula posible aldarrikatuko dugu. Parte-hartzeari dagokionez, abuztuaren 1ean zabalduko dugu izen-ematea», adierazi dute. Haurrek ere partxea jantzi eta pirata sentitzeko aukera izango dutela iragarri dute, izan ere «hainbat egunetan haiei bereziki eskainitako ekintzak izango baitituzte: ur-jolasak, jockey tailerra eta abordatze txikia».

Ibil Bedi, Nøgen, Delirium, Niña Coyote eta Chico Tornado, Esne Beltza...

Flamenka eta Trinitate Plazako guneetako gauak girotuko dituen musika eskaintza ere aurkeztu dute. «Urtero egin ohi dugun bezala, tokiko musikariei lehentasuna emanaz, programazio anitza, euskalduna eta feminista osatu dugu: Flamenka osoa dantzan ipiniko duen Iratzar erromeria; Mugan, Ibil Bedi, Olaia Intziarte, Nøgen, Herenegun, Sua edo Janus Lester musikarien ahots gazteak; Esne Beltza, Delirium Tremens edota Niña Coyote eta Chico Tornado talde beteranoen ikuskizunak; Kilimaren runba goxoa; edota Ezpalak, La Excavadora edota XSakararen doinu gogorragoak».

«Trinitate Plazak iluntzeetan eskaini ohi duen kultur proposamenak osatuko du zerrenda, eskainza txikiagoen zale diren piraton gotorleku bilakatzeko xedez. Besteak beste, Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera edo Alarma Morea taldeak igaroko dira bertatik», esan dute.

Matxismoaren aurka

Bestetik, Piraten Lantalde Feminista martxan dagoela ohartarazi dute, eta «aurreko urtean hartutako lan ildoetan sakontzen jarraitzeko lanean ari gara. Piratok garbi daukagu erasorik gabeko festa eta hiria nahi ditugula jaietan ere, eta horien aurrean erantzuteko prest gaude. Bide horretan, kai gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dugu gurean eta, bertan salaketa egiteaz gain, beharko lukeenari, Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio».

«Izan ere, kontziente gara artatzeak pertsona profesionalek egin behar dituztela eta horregatik, Udalak, Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze gunea jarriko du behar duenari lehen arreta emateko. Gainera, aurten, Udalarekin egindako elkarlanaren ondorio, gune horren ordutegia zabalagoa izatea lortu da. Zehazki, egunean 21 orduz egongo da zabalik, eguerdiko 13.00etatik goizeko 10.00ak arte. Hala ere, Donostiako Piraten lantalde feministatik garbi ikusten dugu ez dela nahikoa hiri guztiko erasoak puntu bakar batean artatzearekin, eta hirian zehar puntu gehiago jartzeko eskaeran berresten gara», nabarmendu dute.

Halaber, erasoen aurkako barne mailako protokoloa landu dute, «Piraten barne egituretan arreta jarri eta harremanak zaintzeko, harreman horietan gertatu daitezkeen erasoekin lanketa berezia eginez». Azaldu dutenez, «erasorik gabeko jai guneak bermatzeko lanean gabiltzanez, Pirata guztiok erasoen gaineko formakuntza jasoko dugu».

Azkenik, abuztuaren 19an, arratsaldeko 19.00etan, matxismoaren aurkako salaketa ekimena egingo dutela iragarri dute, «erasoek jarraitzen duten bitartean aurrean egongo garelako, eta hauei aurre egitea denon ardura delako».