INFO

2019an EHUn graduatutakoen %90 lanean ari zen iaz; gizonen okupazio tasa handiagoa zen

Lanbidek EHUko graduatuei buruz egindako ‘Laneratzeari buruzko azterlana’-ren arabera, 2019an graduatutakoen %90 lanean ari zen ikasketak bukatu eta hiru urtera. Gizonezkoen artean okupazio tasa handiagoa da eta batez besteko soldatak altuagoak.

2019an EHUn graduatutako ia guztiak lanean ari ziren amaitu eta hiru urtera. (Jon URBE | FOKU)

Euskal Herriko Unibertsitatean 2019an ikasketak amaitu zituztenen %90 lanean ari zen 2022an Lanbidek 4.369 pertsonei egindako inkestaren arabera. Gizonezkoen artean okupazio tasa bi puntu gorago dago emakumezkoena baino.

‘Laneratzeari buruzko azterlana’ izeneko ikerketak, halaber, lan egiten duten edo lana bilatzen ari diren pertsonen ehunekoa, hau da, jarduera tasa, %93koa dela ezagutarazi du. Enplegu tasa –lanean ari direnak pertsona aktibo guztiekiko–, aldiz, %84koa da eta langabezia tasa %10ekoa. Bestalde, titulazio batzuetan okupazio tasa %100ekoa edo ia %100ekoa da, batez ere zientzietako adarrekoetan.

Besteak beste, Euskal Filologia, Medikuntza, Odontologia, Erizaintza, Nautika eta Itsas Garraioa, Itsasketa, Industria Kimikaren Ingeniaritza, Industria Elektronikaren eta Automatikaren Ingeniaritza, Telekomunikazio Teknologiaren Ingeniaritza, Meatzaritza eta Energia Teknologiaren Ingeniaritza, Ingeniaritza Elektronikoa, Ingeniaritza Elektrikoa, Arkitektura Teknikoa eta Biokimika eta Biologia Molekularra.

Lan egoerari dagokionez, %75,19k besteren kontura egiten du lan; %3,66k norberaren kontura; %6,39k ikasten jarraitzen du; eta gainerakoen artean daude doktorego aurreko eta ondoko kontratuak dituztenak, langabezian daudenak, ezintasunen bat dutenak, kooperatibetako bazkideak eta abar. Ikasketei lotutako enplegu tasa (hau da, egindako ikasketekin lotura zuzena duen lan batean aritzea) %86koa da. Lan batean hasteko batez besteko denbora 3 hilabetekoa da, lana bilatzeari ekiten zaionetik hasita.

Lanaldi osoari dagokion batez besteko soldata 1.673 euro garbi da, 14 ordainsaritan. Arloaren arabera, hauek dira soldatak, handienetik txikienera: Osasun Zientziak (1.908 euro); Ikasketa Teknikoak (1.747); Giza Zientziak (1.620), Ekonomia eta Lege Zientziak (1.573), Gizarte Zientziak (1.538) eta Zientzia Esperimentalak (1.495). Emakumezkoen kasuan lanaldi murriztuen ehunekoa handiagoa da (gizonezkoek baino ia 5 puntu gehiago). Lanpostuen balorazioari dagokionez, hauek dira ondoen baloratutako alderdiak: lanpostuko eginkizunekin zerikusia daukatenak (7,9), lanean egonkortasuna izatea (7,6) eta soldaten zenbatekoa (7,0).

Lan merkatuan sartzeko bideen artean honakoak nabarmentzen dira: ingurune soziala eta profesionala (%26,9) eta oposaketak (%18,7). Horien ondoren agertzen dira curriculum vitae-a eta enplegu zerbitzuan alta ematea (%13,9), unibertsitate ingurunea (%13) eta eskaintza zehatzari emandako erantzuna (%12,9). Eta horien ondoren, garrantzia gutxiagorekin: prestakuntza osagarria (%5,5), curriculumetik kanpoko praktikak (%4,3) eta autoenplegua (%3,1).

Hizkuntzen erabilerari erreparatuz, inkestatuen %49k adierazi zuen egunero erabiltzen zuela euskara eta %33k ingelesa.

Genero arrakala

Okupazio tasan ez ezik, genero arrakala batez besteko soldatetan nabari dute. Gizonezkoen arten batez besteko soldata 1.673 eurokoa da eta emakumeena, ostera, 1.637 eurokoa.

Lanaldi partzialari dagokionez, gizonezkoen %16k du aukeratuta lanaldi mota hori, eta emakumezkoen %26k. Bestalde, aztertu den promozioko pertsonen %76 Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi da eta bertan egiten du lan, eta bakarrik %3k egiten du lan Estatu espainoletik kanpo.