INFO

Alokairuen araudia urratzen dela salatzeko ekintza hirukoitza burutu du Aldak

Landetako Saint Geours de Marennen, Bidarten eta Getarian. Hiru herri horietan alokairuen araudia urratzen dela salatzeko xedez ekintzak egin dituzte Aldako kideek. Hamarka herritarrek parte hartu dute etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko ekimen berri horietan.

Aldako kideak Bidarten deklaratu gabe alokagai dagoen etxean burutu dute ekintza bat gaur eguerdian. (Guillaume FAUVEAU)

Hiru ekintza egin ditu ostiral goiz honetan Alda mugimenduak, alokairuaren gaineko araudia betetzen ez dela-eta kezka adierazi asmoz.

Lehenengo protesta 10.00etan abian eman du etxebizitza eskubidea aldarrikatzen duen mugimenduak.

Landetako Saint Geours de Marenne herrira bertaratu dira ekintzaileak. Lapurdin hainbat etxebizitza kudeatzen dituen bertako higiezinen agentziaren jokabidea salatu dute.

Lan mugikortasunari aurre egin behar dioten maizterren egoera aintzat hartzen duen kontratu mota bereziari «iruzur egitea» egotzi diote agentziari euskal ekintzaileek.

Afixak jartzearekin batera, bulegora janari eta edariak eraman dituzte Aldako kideek, piknik bat irudikatuz.

Okupazioa, baina, espero baino laburragoa suertatu da, beraien oharrak fite aintzat hartu dituelako agentziaren arduradunak.

Edonola ere, aurrera begira ere zorroztasunez jarraituko duela aipaturiko agentziak Euskal Herrian hedatzen dituen alokairu eskaintzek fidantza-gordailuari buruz legeak zehazten duen bermea betetzen dutela baieztatzeko oharra egin du Aldak.

Kolektiboak azaldu duenez, iaz aurrera eraman zituen salaketa ekintzen ondorioz, Ipar Euskal Herrian higiezinen agentziek oro har alokairuari buruzko araudiak errespetatzen dituzte.

Hala ez dela gertatzen, ordea, bertatik bertara dagoen Landetako departamenduan erakutsi du, ordea, bertan Aldak egin duen lehenengo ekimenak.

Bidarte eta Getaria artean

Eguerdi aldera ekintzaileak etxebizitza anitz dituen Thierry Edwardsen etxera joan dira.

Erabilera aldaketaren berri jakinarazi gabe etxebizitza bat alokairuan jarri du pertsona horrek Bidarten duen jabetza handi horretan.

Aldako kideek Ipar Euskal Herrian indarrean dagoen legea bortxatu izanagatik 50.000 euro arteko isuna arriskatzen duela ohartarazi diotenean, honek argudiatu du bere etxebizitza nagusiaren ondoan dagoen bizitoki bat izanik, uste zuela ez zela beharrezkoa desmartxa hori egitea.

Alta, Edwardsek emandako azalpenak gezurtarazi zituzten berehala Aldako kideek etxejabe berdinari dagokion beste iruzur kasua azaleratu dutela hirugarren ekintzaren bitartez.

Getarian duen etxebizitza helbide nagusitzat deklaratu ostean astea mila eurotan alokagai jarri baitu bertan duen beste txaleta Edwardsek.