Ezkurdiak eraginkortasuna berreskuratuta, iazko bidetik ekin diote Mastersari txapeldunek
Partida oso bizi baten zati oso luzean markagailuan aurretik joan diren arren, Peña-Rezustak amore eman behar izan dute nafarren ahalaren aurrean.
Hasiera ikusgarria izan du udaren ardatz izango den Mastersak Urrestillan eta bertan egungo txapeldunek, Joseba Ezkurdia eta Jon Mariezkurrenak iazko bidetik ekin diote lehiaketari, ez lanik egin gabe, Peña-Rezustari 22-18 gailenduta. Denbora zeraman bere mailarik onenera gerturatu ezinik, eraginkortasuna eta oldarkortasuna berreskuratu du gaur Joseba Ezkurdiak –azkenerako 12 tanto amaitu ditu– eta arbizuarra horrela izanda, faboritoen artean oso kontuan hartzeko bikotea osatzen dute.
Erritmo bizian jokatutako partida izan da Masterseko lehena eta bi zati oso desberdin izan ditu. Lehen erdi luzean gipuzkoarrak joan dira aurretik eta 11-14 ere joan dira markagailuan aurretik. Beñat Rezusta ere oso fresko aritu da partida hasiera horretan eta Jon Mariezkurrenak ezin izan du espero zena bezainbeste agindu. Bergararrari bizi irten dio pilotak ezkerretik eta erabat deseroso ez, baina pilotak nahi bezainbeste gozatu ezinik aritu da Baikoko atzelaria. Jon Ander Peñak ere erraz antzean amaitu ditu tantoak eta markagailuaren ekimena eurena izan da minutu askoz.
Partida gogortu
Zailtasun une horietan, ordea, partidari eusteko dohaina izan dute Ezkurdia eta Mariezkurrenak. Partida gogortzearen aldeko apustua egin dute eta hor eroso sentitu da aurrelari arbizuarra. Etengabe arerioak zigortzen aritu da piloteoari erritmoa sartu eta ezker gantxoz ere jokaldiak amaituz –8 tanto amaitu ditu airez eta 3 bi paretaz–.
Partida asko gogortu da eta, pilotak gastatu ahala, nafarrek gero eta gehiago agindu dute piloteoan. Fisikoki ere osoago heldu dira azken txanpara eta ondo landutako garaipen batekin ekin diote aurtengo Mastersari.
FITXA TEKNIKOA
Ezkurdia-Mariezkurrena: 22
Peña II.a-Rezusta: 18
Pilotakadak: 699. Iraupena: 64,10 minutu. Markagailua: 2-1, 2-4, 3-4, 3-6, 6-6, 6-10, 10-10, 10-12, 11-12, 11-14, 13-14, 13-15, 19-15, 19-17, 21-17, 21-18, 22-18. Egindakoak: 12 Ezkurdiak, 0 Mariezkurrenak, 5 Peña II.ak eta 2 Rezustak. Galdutakoak: 6 Ezkurdiak, 5 Mariezkurrenak, 5 Peña II.ak eta 5 Rezustak. Gorabeherak: Sarrera bikaina Urrestillako Txikuri pilotalekuan. Dirua gorri hasieran.
Oier Etxebarriaren agurra
Pilota profesionala eta bere ingeniari lana bateragarriak egitea ezinezkoa egin zaionez, gaur jantzi ditu, azken aldiz, takoak azken aldiz Bermeon Oier Etxebarriak. Danel Elezkano lagun, ez dute 22ra heltzerik izan Dario eta Eskuzaren aurka (22-17), baina horixe da gutxienekoa, beste askotan bezala, etxekoen eta lagunen babesa sentitu baitu egun horren berezi batean.
Jaialdi honetako estelarrean, Altuna-Martijak 2022ko Binakakoaren txapeldunek 22-17 irabazi diete Elordi-Zabaleta, egungo txapeldunei. Jokoan 11 tanto amaituta, aurrelari amezketarra izan da partidako protagonista.
Gaskue, hilabete kanpoan
Bestalde, Aspek jakitera eman duenez, Andoni Gaskuek hiru eta bost aste inguru artean eman beharko ditu kantxetatik kanpo, eskuin eskumuturrean izandako haustura baten erruz. Larraintzarreko atzelariak asteleheneko entrenamenduan hartu zuen min eta hilabete inguru jokatu gabe egon beharko du, partidak pilatzen diren garai honetan.
Gauzak horrela, Eibarko enpresak bi atzelariren hutsuneak pilatu ditu denbora gutxian eta aukerak gutxiagoren artean banatu beharko dituzte aurrerantzean.