INFO

Usurbilgo Zuhaitz-pe babeslekuak 26 urte daramatza animaliak jaso eta zaintzen

Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteak 1997an inauguratu zuen Usurbilgo Kalezar auzoan, Igeldotik gertu, kokatuta dagoen aterpea. Iaz 557 txakur eta 380 katu jaso zituzten. Erdiak baino gehiago berezko jabeek berreskuratu zituzten, baina beste asko adopzioan eman ziren.

Aterpean dauden katuetako batzuk. (Maialen ANDRES | FOKU)

Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteak urte asko daramatza kalean galdutako edo abandonatutako animaliak jasotzen. Donostia inguruko biztanle askok ezagutuko dute, adibidez, Usurbilen duten animalientzako aterpea. Baina elkartearen lana hori baino zabalagoa da, eta hobeto ezagutu nahi izan dugu.

«Babesleku hau 1997an inauguratu zen. Elkartea askoz lehenagokoa da, baina instalazio hauek 26 urte dituzte», aipatu digu Marisol Zubiaurre zuzendaritzako kideak, Kalezar auzoko egoitzara egindako bisitan. Aurrez, Altzan eduki zuten egoitza, Villa Lolita izeneko etxean, baina auzoa hazten joan ahala kexak hasi ziren eta lekuz aldatu behar izan zuten. Aldaketa horretan, eta elkartearen garapenean oro har, Marisolek Itziar Mintegi lehendakariaren lana eta ekarpena azpimarratu ditu bereziki.

Hala, bisita gidatuari ekin diogu: «Guztira 117.000 metro karratu hartzen ditu. Alde batetik, zelaiak daude, animalia desberdinak lasai egon daitezen, eta bestetik, eraikinen multzoa dago: katuentzako itxitura bat eta txakurrentzako, txakurtegiez gain, bi pisuko eraikin nagusia daukagu (Zuhaitz-pe izenekoa). Han daude itxarongela, gure bulegoa, denda txiki bat, albaitaritza klinika bat, ebakuntza-gela eta guzti, eta X izpien gela, erradiografiak ateratzeko. Baita langileentzako zerbitzuak ere: sukaldea, komunak, aldagelak... Bigarren pisua etxebizitza bat da, gaueko txanda egiten duen langileak hor igarotzen baitu gaua. Kontuan izan behar da hemen animaliak ez daudela inoiz bakarrik. Urteko 365 egunetan eta eguneko 24 orduetan norbait egoten da hemen», ekin dio azalpenari, talde desberdinei antzeko bisitak eskaintzera ohituta dagoen Marisolek.

Gaztetxo bat Igeldoko aterpea bisitatzen. Maialen ANDRES / FOKU

«Hiru langile mota ditugu hemen», jarraitu du. «Mantentze-lanetakoek goizeko eta arratsaldeko txandetan egiten dute lan, eta garbiketa izaten da beraien lan nagusia. Instalazioak bi aldiz garbitzen dira egunean: goizez, lehenik, eta 14.00etatik aurrera, bigarren pasaldia. Animaliei jaten ere ematen diete, garbitu egiten dituzte... eta abisuren bat dagoenean, animaliak jasotzera joaten dira. Bi furgoneta dauzkagu, horietako bat %100 elektrikoa. Gero, bulegoko langileak daude, egin beharreko kudeaketez arduratzen direnak: paper kontuak, jendeari arreta eskaini, telefonoa... Eta azkenik, bi albaitari daude. Bertako animaliak zaintzeaz gain, kanpo kontsultak pasatzen dituzte, diru-sarrera bat delako hori guretzat. Maskota bat duen edozein pertsona etor daiteke hona, izan txertoa ipintzeko, izan ebakuntza bat egiteko, edo dena delakoa. Elkartea babesteko modu bat ere bada pertsona horientzat. Ez du zertan hemen adoptatutako animalia bat izan».

Goazen, bada, animaliak ikustera. «Hemen behean etxe-katuak ditugu, otzanak, adoptatzeko prest daudenak. Beherago, txakur txenilen lehen errenkada dugu. Atzeko aldean zelaia daukate, lasai ibiltzeko, eta txakurrek bi gela dituzte, lo egitekoa eta airea hartzekoa. Goian beste 17 txenileko errenkada bat daukagu, txikixeagoak dira txakur txikiagoentzat, kumeak dituzten emeak bakarrik egon daitezen, arriskutsutzat jotzen diren arrazak lasai egon daitezen... Beti edukitzen dugu baten bat libre, txakur berriren bat heltzen denerako prest. Albaitariak ikusi arte edo jarri beharreko txertoak jarri arte hor egoten dira, badaezpada», argitu digu.

«Alboan egurrezko etxetxo bat daukagu gure txakurrentzat. Elkarteak badu bere txakur taldea adoptatuta, inork adopzioan hartzea oso zaila delako. Oso zaharrak direnak, hanka bat moztuta dutenak... horiek guretzat hartzen ditugu. Goizean etxetxo horretan edukitzen ditugu eta 14.00etatik aurrera, bisiten ordutegia amaitzen denean, aske uzten ditugu eta eremu osoan aske ibiltzen dira», zehaztu digu animaliak garbitu eta ilea mozteko gunearen aldamenetik igarotzean.

Marisol Zubiaurre, Animaliak eta Landareak Babesteko Gipuzkoako Elkarteko kidea. Maialen ANDRES / FOKU

«Eta atzeko aldean, 2.500 metro karratuko eremu bat daukagu itxita, katu erdi-basati deitzen diegunentzat. Kaletik datozen katuak dira, ez liratekeenak seguru asko etxe batera adopzioan joatera ohituko, eta hemen erdi-askatasunean daude. Korrika egin dezakete, jauzi egin, zuhaitzetara igo... eta beste animalia guztiei eskaintzen zaien arreta berdina eskaintzen zaie. Lo egiteko etxetxoak dituzte, egunero langile bat igotzen da janaria ematera, ura jartzera, lo egiteko lekuak garbitzera...».

Azkenik, “beste” animalien aipamena egin digu: «Sarreran poneyentzako eta astoentzako zelaia daukagu, bere bordatxoarekin. Alboan untxientzako gunea daukagu, tarteka oiloren bat edo arkumeren bat ere izan dugu, txerri vietnamdarren bat ere bai...». Izan ere, kasu kuriosoak izan izan dituzte. Zirku batek -italiarra zela zehaztu digu Marisolek- abandonatutako llama bat, esaterako, urte askoan han zaindu izan zuten.

Deigarria irudituta, astoen inguruan galdetu diogu Marisoli: «Normalean errepide batean galduta agertzen dira. Arriskutsua izaten da, istripu bat eragin dezaketelako, eta guri abisatzen digute bila joateko. Batzuetan jabeak etortzen dira, animalia horrek ihes egin duela esanez, eta jasotzera, baina ez bada horrela gertatzen, hemen geratzen dira», azaldu digu.

Galdutakoak berreskuratu

Baina jasotzen dituzten animalien gehiengo ia erabatekoa txakurrak eta katuak izaten dira. Datu batzuk lagungarri izan daitezke zertaz ari garen ulertzeko. 2022an 557 txakur jaso zituen elkarteak. Horietatik 243 berezko jabeek berreskuratu zituzten, eta 244 adopzioan eman zituzten. Katuei dagokienez, 380 iritsi ziren aterpera: horietatik 234 jabeek berreskuratu zituzten, eta 64 adoptatu egin zituzten. «Gure eginkizun nagusia kalean bakarrik dabiltzan txakur eta katuak hartzea da. Ez dira beti abandonatutako animaliak izaten. Kasu askotan galdu egin dira, besterik gabe, eta jabeak bila etortzen dira. Agian beldurtu egin dira, petardo bat lehertu delako adibidez, udan ohikoa izaten dena. Horregatik, beti esaten dugu su artifizialekin kontuz ibiltzeko. Animaliak korrika irteten dira, guk jasotzen ditugu, baina jabeek ez dute arazorik izaten berreskuratzeko. Gutxi gorabehera urtean hona iristen diren animalien erdiak jabeek berreskuratzen dituzte. Katuek ere batzuetan ihes egiten dute etxetik, edo leihotik alde egiten dute, eta jabeak bila etortzen dira», aipatu du Marisolek uste baino ohikoagoa den kasuistika horri buruz.

«Pertsona batek animalia bat galdu baldin badu, garrantzitsua da gure Facebook orria begiratzea: guk hona heltzen diren animaliei argazkia ateratzen diegu eta berehala argitaratzen dugu Facebooken, non aurkitu dugun esanez. Jabeak ikusten ez badu ere, gerta liteke lagun, senide edo auzokideren batek ikustea eta jabeari abisatzea. Noski, animaliak txipa jarrita baldin badu, legez derrigorrezkoa dena, ez da arazorik izaten; gure langileek txip irakurgailua daukatelako, eta modu horretan, jabearen informazioa eskura eduki dezaketelako, harekin harremanetan jartzeko. Aipatu dudan Facebook-aren aukera identifikatu gabeko animalientzat da erabilgarria, identifikatutakoen kasuan askoz ere errazagoa da dena».

Ia Gipuzkoa osoko animaliak jasotzen omen dituzte Usurbilen, baina Marisolek gogoratu duenez, udal bakoitzak bere hitzarmenak ditu, eta udaltzainak izaten dira horien berri ematen dutenak. «Guk Donostiako Udalarekin hitzarmena daukagu, eta animalia gehien bertan jasotzen ditugu, hiriaren neurriagatik normala denez. Gipuzkoa osoko beste zenbait udalekin ere baditugu hitzarmenak. Informazio hori udaltzainek ematen dute. Zuk egunen batean animalia bat aurkitzen baduzu kalean galduta, lehen urratsa udaltzainei deitzea litzateke. Eta gero beraiek dakite udal horrek zer hitzarmen dituen; izan daitekeelako inguruko beste elkarte txikiren bat, adibidez. Guri dagokigunean, telefonoz deitzen digute gure urgentzia telefonora, baita gaua bada ere. Guk beti daukagu albaitari bat guardia egiten, bai gure animaliaren batek ezbeharren bat izanez gero hura artatzeko, eta baita kalean animaliaren batek istripuren bat izan badu haren kargu egiteko ere. Oso gutxitan pasatzen diren gauzak dira, baina noizean behin gertatzen dira», argitu du.

Gaztetxo bat astoei jateko belar apur bat ematen. Maialen ANDRES / FOKU

Adopziorako gomendioak

Benetan animalia baten konpainiaz gozatu nahi bada, elkartetik adoptatzeko gonbita egiten dute, modu bikaina delako etxerik gabe geratu diren maskota horiei bigarren aukera bat emateko. Hori bai, prozesua modu oso kontrolatuan egiten saiatzen dira, gero ezustekorik ez izateko.

«Norbaitek animalia bat adoptatu nahi badu, hona etorri behar du presentzialki. Guk ez diogu animaliarik bidaltzen ezagutzen ez dugun inori. Guk gure instalazioetan buelta bat eman dezala eskatzen diogu, dauzkagun animaliak ikusteko, eta gustatzen edo interesatzen zaizkionak aukeratzeko. Lehen aukeraketa hori egindakoan, bulegora joaten da pertsona hori, eta animalia horien fitxak ateratzen dira. Animalia bakoitzaren sexua, adina, ezaugarriak, izaera... aztertzen dira. Orduan, galdeketa bat egiten dugu pertsona horren profila adoptatuko duen animaliaren profilarekin bat datorren ikusteko. Oso gaztea den txakur batek, geldirik egoten ez denak, ez luke adineko pertsona batekin joan behar, adibidez. Eta alderantziz, pertsona gazte aktibo batek, txakurra kirola egiteko edo mendira joateko nahi badu, ez du txakur zahar bat hartuko, jada sofan egoteko hobeto dagoena. Hemengo langileek ederki dakite hori, eta garrantzitsua da haien gomendioak jarraitzea ezustekorik ez izateko. Are gehiago, aukeraketa guk ez badugu argi ikusten, ez dugu adopzioa onartzen», jakinarazi digu Marisol Zubiaurrek, gaiari garrantzi berezia emanez.

Ezustekoa diogunean, maskotarekin aspertu eta animalia abandonatzea izan liteke muturreko erabakia, garai batean udan ohiko samarra izaten zena; baina zorionez azkenaldian ez da horrelako joerarik ikusten, elkartetik baieztatu digutenez.

«Orain dela hamabost edo hogei urte, uztaila eta abuztua iristearekin batera, animalien abandonu masiboa gertatzen zen. Baina azken urteotan dauden kasuak bertsuak izaten dira urtaro guztietan. Eta hori asko eskertzen dugu gure lanerako. Kontuan izan behar da gaur egun txakurrarekin bidaiatzeko askoz aukera gehiago dagoela. Landetxeetan, kanpinetan, hotel batzuetan ere bai... Leku askotan onartzen dira animaliak, eta horrek asko erraztu du animaliekin bidaiatzea. Txakurrentzako hotelak ere asko ugaritu dira. Zure oporretarako aurrekontuan horrenbeste suposatzen ez duen diru kopuru baten truke, zure animalia lasai utz dezakezu ongi zainduta. Abandonua ez da inoiz aukera bat; are gehiago, argi geratu behar da delitua dela».

Etxeko bizitzara ohitutako katuetako bat, kamerari begira. Maialen ANDRES / FOKU

Animalien Lege berria ere positibotzat jotzen dute, txakur eta katuen salmenta debekatzen dituelako, baina txanponak badu beste alde bat: gero eta gehiago dira indarkeria matxista kasuen ondorioz nork zaindurik ez duten animaliak edo kalean bizi diren pertsonek utzi behar izaten dituztenak. «Kasu horietan, funtzio sozial argi bat betetzen dugu, eta maiz egiten ez duten arren, hori behar bezala onartu behar dute erakundeek», aldarrikatu du Marisolek.

Horregatik, inork elkarteari laguntza eskaini nahi badio, modu asko ditu. «Irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat gara. Bazkideen ekarpena oso garrantzitsua da guretzat, eta horregatik animatzen ditugu animaliak maite dituzten pertsona guztiak bazkide egitera. Gure webgunean dute informazio guztia. Hilabeteko kuota bederatzi euro ingurukoa da, eta epe desberdinetan ordaindu daiteke: hiruhilekoa, seihilekoa, urtekoa... Noizbehinkako ekarpenak ere egin daitezke, "teaming" deritzona ere badaukagu hilabetean euro bat jarriz... Animaliak gure klinikara ekartzea ere bada guri laguntzeko modu bat, diru hori elkartearen beharretarako erabiltzen baita. Denda txiki bat ere badaukagu pentsua, lokarriak, oheak, xanpuak eta abar saltzeko, eta hor erosteak ere guri ekarpen bat suposatzen digu. Edozein ekarpen eskertzen dugu, eta horrek badu itzulera bat, gure lana Gipuzkoako jendarte guztiaren mesedetan egiten dugulako».