INFO

Oiartzunek eta Markina-Xemeinek iazko finala errepikatuko dute Euskal Herriko Herriartekoan

Aurten txapela garestiagoa egongo dela uste dute adituek eta txapelak nagusien partidan erabaki daitezke.

Markinako Alvarez jubenila sake bat egin aurretik. (NAIZ)

Oiartzunek eta Markina-Xemeinek jokatuko dute, bigarren urtez jarraian, Euskal Herriko eskuzko Herriartekoaren finala igande honetan Zumarragako Beloki pilotalekuan. Finalistak eta frontoia iazko berak izango dira, baina iaz gipuzkoarrek txapela errez antzean jantzi bazuten, lehia askoz estuagoa espero da aurtengo finalean.

Iaz Oiartzunek lehen bi partidetan finala erabaki bazuen, aurten gauzak estuago egotea espero da, kadete mailan Egurrola-Ibarzabal markinarrak faborito agertzen baitira Etxeberria-Olaizen aurka. Jubeniletan, aldiz, Oiartzuneko Zabaleta-Leonetek Alvarez-Calvori irabaztea espero da eta, pronostikoak beteko balira, finala hirugarren partidan erabakiko litzateke. Etxeberria-Landa izango dira oiartzuarren ordezkariak azken partida honetan eta Agirremalloa-Pujana izango dira txapelak Markina-Xemeinera eraman ditzaketenak.

Finalerdietan oso erraz

Euren herrialdeetako txapelketak irabazi ostean, Oiartzunek eta Markina-Xemeinek oso erraz gainditu zituzten Guardia eta Leitza finalerdietan, bi kanporaketak 3-0 erabaki ziren eta partida guztiak erraz atera zituzten aurrera finalistek.

Emozio guztia, hortaz, finalean batzea espero da eta finala ikusgarria suerta daiteke. Zumarragara gerturatzerik ez duten pilotazaleek finala telebistak ikusi ahal izango dute, ETB-4k zuzenean emango du jaialdia goizeko hamaiketatik aurrera.