INFO

Arturs Kurucsek eta Steven Enochek ez dute Baskonian jarraituko

Hegaleko letoniarrak zortzi denboraldi eman ditu Gasteizko taldean baina bertan izan ez dituen minutuak bilatuko ditu bere talde berrian. Pibot estatubaturrak ez du esperotako garapenik izan eta Zurbaoko klubak ez dio kontratua berritu.

Zortzi urteren ondoren Kurucs eta Baskoniaren bideak banatu egin dira. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)

Arturs Kurucs hegaleko letoniarrak eta Steven Enoch pibot estatubatuarrak ez dute Baskonian jarraituko datorren denboraldian, Gasteizko taldeak gaur prentsa ohar baten bidez jakitera eman duenez.

Gauzak horrela, Baskoniak eta Kurucsek bukatutzat eman dute euren arteko harremana zortzi denboraldiren ostean. Letoniarra 2015eko udan iritsi zen Gasteizera, eta agur esango dio «beti bere etxea izango denari», 161 partida jokatu ondoren (ACB Ligako 91 eta Euroligako 70).

Kurucs 15 urte besterik ez zituela heldu zen Gasteizko taldeko harrobira, eta zortzi urte eman ditu Baskoniaren egituraran, junior eta Zilarrezko LEBeko taldeetan, lehen taldera iritsi arte. Bere garaipen zerrendan 2020an Valentziako azken fasean lortutako ACB Liga dago.

«Saski Baskoniatik munduko zorterik onena opa nahi diogu Artursi bere etapa profesional eta pertsonal berrian. Buesa Arena beti izango da zure eta zure familiaren etxea. Mila esker, Arturs!», adierazi du Zurbaoko taldeak bere webgunean. Letoniarrak urte hauetan guztietan ez du entrenatzaile desberdinen konfiantza askorik izan eta Gasteizen izan ez dituen minutuak bilatuko ditu bere talde berrian.

Enochek ez du esperotako garapenik izan

Bestalde, gauza jakina zen arren, Saski Baskoniak  gaur egin du ofizial Steven Enochen irteera, bi denboraldiren ondoren. Estatubatuarrak 122 partida jokatu ditu Gasteizko taldearekin. Azken denboraldian, 7.6 puntu, 5 errebote eta 9.2 balorazio kreditu lortu ditu batez beste Endesa Ligan; Euroligan, aldiz, 5.1 puntu, 2.9 errebote eta 5.5 kredituko balorazioa izan ditu. Potentzial handiko pibot bat bezala heldu zen talde arabarra, baina ez du esperotako garapenik izan bere jokoan eta Baskoniak Diop eta Monekeren apustua egin du hurrengo denboraldirako.

«Klubak eskerrak eman nahi dizkio Steven Enochi bere konpromiso eta profesionaltasunagatik gure elastikoa jantzi duen denboran, eta zorterik onena opa dio etorkizun profesional eta pertsonalean», esan du Baskoniak oharrean.