INFO

Bestaren gakoak eskuratu dituzte baionarrek

Baionako hiri erdiko hiru auzo historikoak ordezkatzen dituzten gakoak jaso ditu, zapi gorria lepoan eta kantuen artean, Askatasun plaza bete duen jendetzak. Hiru oren lehenago giro beroan abiarazi dituzte Zizpa gaztetxeko kideek Patxa plaza topakelu nagusitzat duten besta alternatiboak.

Gakoen jaurtiketarejn hasi dira ofizialki Baionako Bestak. (Guillaume FAUVEAU)

Leon erregearen begiradapean Baionako Herriko Etxearen balkoia bete dituzte berdin kirolariak zein gonbidatu ospetsuak.

Harmonie Bayonnaise orkestraren ereserkiak behin eta berriro kantatu dituzten milaka eta milaka herritarrentzat bestaz jabetzeko ordua heldu da 22.00ak pasatxo.

Hiru gako, bat hiri erdiko hiru auzo historiko bakoitzeko -Baiona Tipia, Baiona Handia eta Santizpiritu-, haizeratu dituzte balkoitik Gregory Patat, Denis Marchois eta Camille Lopez Baiobako Aviron taldeko ordezkariek, Beñat Marmissole korrikalari zuberotarrak eta 'Cap Optimistist' erronkaren bost partaideen izenean Alexandra Luxek (itsas sorospen zerbitzua) Askatasun plaza betetzen zuten bestazaleen pozerako.

Orduan bai, «mascleta» delakoaren burrunbapean, bestak eztanda egin du lau egun eta bertze hainbat gauerako Lapurdiko hiriburuan.

Baionako Zizpa gaztetxeko gazteek, ordea, aurrea hartu diote aurten ere hasiera ofizialari.

Hala, 19.00tan, 'Les Pyrennees' ostatuaren gaineko balkoitik hasiera eman diete gazte asanbladakoek Patxa plaza topaleku nagusitzat duten besta alternatiboei.

Urtean zehar hirian pizturiko borrokak, berdin Maurizia egitasmoa zein Herrian Bizi-Se Loger au Pays etxebitzaren eskibidearen aldeko pataforma dituzte Lukas Hiriart eta Eneka Barnetche besta alternatiboen bozeramaleek.

Jendetza bildu da tenore horretan San Andres plazan «besta herrikoi, euskaldun eta feminista» horien hasiera ospatzeko, tradizioa bilakatu denez Banakoa dantzatuz.

Egiari zor, idekieera ekitaldi horien aurretiaz ere «atzera-kontuari» egin dio Errobiko hiriak.

Hala, kirola eginez edo tripa betez, giro ederrean dastatu dute bestetako aperitifa baionarrek.

Abiatze osasuntsua

Bestazaleen Lasterketak marka guztiak hautsi ditu aurten. Biarritzetik abiatu eta Angelutik igaro ondoren, Baionan helmuga duen krossa herrikoian 7.000 bat lagunek parte hartu dute.

Goizeko 8.30ean egin zioten korrikaldiari, Biarritzeko Euskaldunen Kostatik abiatuta.

Iaz bezala, Urruty bikotea izan da garaile. Pierre Urruty iritsi da azkarren, bere seigarren garaipena eskuratuz, eta Betty Urruty izan da helmugara heldu den lehenengo emaztea.

Korrikalariek baino pixka bat geroago, beste 3.000 lagun inguruk oinez osatu dute Angelun hasiera izan duen ibilaldia.

Iazko parte hartzea biderkatu du aurten ibilbide laburragoa izan duen kirol frogak.

Gorputza astindu eta gero, bestetako ezinbesteko hitzordu gastronomikoa den Munduko Biper Moletaren Txapelketaren txanda heldu zen eguerdi partean.

Merkatuaren inguruan txokoetako sukaldetan trebatutako sukaldariek, iazko bero sapa ahantzita, aro freskoa lagun izan zutela, su gainean zartagin handiak astintzeari ekin zioten.

Haiz Egoa Peñak eraman du zaporez beteriko saria.

Berdin Udalak sustaturiko egitaraua zein besta alternatiboen antolatzaileek eginiko proposamenak aintzat hartuta, ondoko igandera arte Baionan badago zer egin, eta nola gozatu zalantza gutxi.

Ba da zer egiterik Baionan

Lapurdiko hiriburuak ospatzen duen besta nagusiaren antolatzaileek hainbat zenbaki eman zituzten besta abiatzear zelarik, eta, zifra soilak begiratuta, ospakizunaren tamaina agerikoa da.

Udalak eta Besta Batzordeak elkarlanean osaturiko egitarauan 200 musika, kirol eta kultur hitzordu baino gehiago agertzen dira.

Milatik gora musikarik girotuko dituzte hurrengo lau egunetan hiri erdiguneko karrikak, tartean 74 musika talde, 34 banda edo fanfarre, 30 talde tradizional eta 10 abesbatza.

Ostegunetik hasita, 5.000 haur igurikatuak dira Poterne eremuan, 120 bolondresek lagundurik, Haurren Egun tradizionalaren baitan.