INFO

Ikasle-ikertzaileentzako lan eskaintza publikorik handiena onartu du EHUk: 285 lanpostu

EHUren irakasle-ikertzaileentzako lan eskaintza publiko berriak 285 lanpostu jasotzen ditu, inoiz egin duen eskaintzarik handiena. Txanda irekian 229 lanpostu aurreikusten ditu, eta 56 barne sustapenean.

284 lanpostu aurreikusten ditu EHUk onartu duen lan eskaintza publikoak. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

EHUren Gobernu Kontseiluak irakasle-ikertzaileentzako 2023ko lan eskaintza publikoa onartu du, eta inoiz egin duen eskaintzarik handiena plazaratu du. Horrela, Lakuako Gobernuko Hezkuntza Sailak onartu ondoren, EHUk 285 lanpostu eskainiko ditu deialdi publikoan, hala txanda irekian nola barne sustapenean.

EAEko unibertsitate publikoak jakinarazi duenez, eskaintzak bi multzo handi ditu: txanda irekia eta barne sustapena. Txanda irekian 229 lanpostu eskainiko dira, eta barne sustapenean, 56. Lanpostuak oposaketara aterako dira, deialdiak gauzatu heinean.

Txanda irekirako onartutako lanposturik gehienak irakasle agregatuenak dira, eta barne sustapeneko lanpostuen helburua da irakasle titularren eta agregatuen karrera akademikoa bultzatzea, irakasle katedradun eta irakasle oso kategoriara igotzeko.

Lan eskaintza publiko berria Jokin Bildarratz buru duen sailarekin hitzartu ondoren onartu da, eta 35 lanpostu gorde ditu I3 edo R3 akreditazioa duten irakasle-ikertzaileentzat, hau da, Ramón y Cajal edo Ikerbasque bikaintasuneko programetan parte hartu dutenentzat. Gainera, azpimarratu da «apustu sendoa» egin dela euskal unibertsitate ospitaleetako plaza lotuak finkatzeko.

«Apustu estrategikoa»

Eva Ferreira EHUko errektorearen hitzetan, «lan eskaintza publiko honek sendotu egiten du euskal unibertsitate publikoak jakintza arlo guztietan karrera akademiko erakargarriak eta kalitatezkoak sustatzeko egindako apustu estrategikoa».

Ferreirak nabarmendu du lan eskaintza «pauso garrantzitsu bat» dela, «irakasle atxikiak arin egonkortzea» helburua bermatze aldera. «Gainera, barne promozioari dagozkion plazen kopuruak aurreko urteko eskaintzarenak bikoiztu ditu», zehaztu du errektoreak.

Ordezkoekin gatazka

Lan eskaintza publikoaren iragarpena EHUko irakasle-ikertzaileen lan baldintzen inguruko gatazkaren erdian iritsi da, ordezkapen politika berriak ekarriko dituen murrizketen harira. 

Izan ere, sindikatuek salatu dutenez, LOSUren ezarpenaren aitzakiarekin EHUko irakasle eta ikertzaileen lan baldintzak okertu egingo dira, ordezko irakaslearen figura berriarekin.

Hala, jardunaldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoak lanaldi partzialekoak izango dira eta lanaldi osoko irakasle-ikertzaileen ordezkoei «asko jota» soldata osoaren %34,29 ordainduko zaie eta hilean 800 euro kobratuko dituzte. LAB, Steilas eta ELAk ohartarazi dutenez, egoera konpontzen ez bada grebara joko dute ikasturte hasierarekin batera.