Urdaibaik liderraren sendotasuna erakutsi du Getxon eta Hondarribiak galerak txikitu ditu
Bermeoko traineruak denboraldiko bosgarren bandera irabazi du eta lidertzan sendo jarraituko du. Hondarribia bigarren izan da eta Donostiarra, hirugarren.
Ezin da oso ozen esan, baina Getxoko uretan ikusitakoak ikusita, esan daiteke Urdaibaik olatu ona hartu duela denboraldi honetan. Estropada eremu konplikatuan, inor baino hobeto aritu dira Gorka Aranberri patroiaren arraunlariak eta bosgarren bandera eskuratu dute lidertza sendotzeko. Hori bai, sailkapen nagusian bigarren den Hondarribiak galerak txikitu ahal izan ditu eta bigarren izan da, lehen ziabogan azkena izanda eta atzetik aurrera eginda.
Esan behar da "Ama Guadalupekoa" ontzia laugarren kaletik aritu dela eta bikain atera zaiola bigarren luzean hirugarren kalera joateren estrategia. Bertan lortu dute berdeek distantziak txikitzea. Are gehiago, estropadako lider jarri da momentu batean, baina Urdaibaik beste martxa bat sartu du orduan eta inor ez da kapaz izan bere erritmoan aritzeko.
Bigarren ziabogan, Urdaibai tartea handituz joan da. Gainera, Donostiarrari olatuek eraman diote maniobran, denbora galduz, nahiz eta bigarren jarri den bigarren luzean, eta Hondarribiko Manex Alday kapitainak zenbat palada eman behar izan ditu esku batekin.
Hala ere, Hondarribiak ez du galerarik jasan egoera honengatik eta bigarren amaitu ahal izan du, hegan egin duen Urdaibairen atzetik. Pentsa zer nolako erritmoa eraman duten bermeotarrek, helmugan 41 segundo atera diotela bigarren txandako azkarrena izan den Oriori. Donostiarra hirugarren izan da eta Zierbena, laugarren.
Bigarren txandan, ezusteko ugari
Bigarren txandan gauza asko gertatu dira. Lehen ziabogan, Cabok arraun txikia galdu du, maniobra egiteko erabiltzen dena, eta bigarren luzean, gainera, bandera zuria eta urdina atera diote epaileek, Lekittarrarengandik oso gertu baitzegoen.
Bigarren biraketan, Cabok ondo eutsi dio maniobrari, baina Lekittarra ataskatuta geratu da balizarekin, istriborretik pasa baita eta denbora asko galdu du, lehiagatik kanporatuz. Bizkaitarrak, azkenean, estropadako hamargarrenak izan dira.
Hala, hiru traineru aritu dira borrokan eta emozioa azken luzean iritsi da. Getariak aurre hartu du, baina azken ziaboga ondoren Orio aurretik ipini da eta bi traineruek oso lehia polita mantendu dute, epaileak adi egonda bi ontziak oso gertu zeudelako. Azken metroetan, «mirotzek» olatu ona hartu dute eta txandako garaileak izan dira, Getariaren atzetik, eta Cabo asko gerturatu ostean.
Lehen txandan, Ondarroak oso estropada konpletoa egin du. Alde batetik, ondo eutsi dio talde barruko arazoak gainditu dituen Santurtziri ondo eutsi dio. Eta, bestetik, azken luzean, borroka polita mantendu ostean, aurrea hartu eta nagusitasunez gainditu diete ondarrutarrek santurtziarrei, estropadako zortzigarren postua lortuz.
Getxoko XLV. Bandera:
1. Urdaibai 20:35.32
2. Hondarribia 20:44.04
3. Donostiarra 20:53.14
4. Zierbena 20:57.24
5. Orio 21:16.66
6. Getaria 21:20.82
7. Cabo 21:23.72
8. Ondarroa 21:40.30
9. Santurtzi 21:48.80
10. Lekittarra 21:51.06
11. Kaiku 21:57.46
12. Samertolameu 22:20.84
Sailkapen nagusia:
1. Urdaibai 88 puntu
2. Hondarribia 86
3. Zierbena 81
4. Donostiarra 66
5. Orio 55
6. Getaria 51
7. Cabo 48
8. Lekittarra 42
9. Kaiku 36
10. Ondarroa 31
11. Santurtzi 26
12. Samertolameu 14