INFO
Interview
Jean-Paul Carrere
Baionako Txokolatearen Akademiako presidentea

«Txokolatea gaitzat hartuta, hamar elkartek Corso egitea aitortza zinez ederra izan da»

Baionan bakarrik ez, «txokolateak euskal lurralde osoan lau mendetako historia duela» oroitarazi dio Jean-Paul Carrerek NAIZi. Sei bat ekoizleren bultzadapean, Txokolatearen Egunak antolatzen dituen akademia sortu zen 1993an. Aurtengo bestetan Corsok omendu duen egitura horren presidente da Carrere.

Jean-Paul Carrere. (Guillaume FAUVEAU)

Lapurdiko hiriburuan bakarrik ez, «txokolateak euskal lurralde osoan lau mendetako historia duela» oroitarazi dio Jean-Paul Carrerek NAIZi.

Izen handiko sei bat ekoizleren bultzadapean, Txokolatearen Egunak antolatzen dituen akademia sortu zen 1993an. «Baiona txokolatearen hiruburu frantziar gisa sustatzea» xede duen egitura horren presidentea da Carrere 2020az gero.

Txokolatearen historia eta jakintza babesteko helburuz, “Artisau sortzaileak-Baionako Txokolateak” labela sortzeko asmoa ezagutzera eman zuen akademiak, «Baionak bere txokolatea ospatzen du» izenburupean, iazko udazkenean egin zuten hiru eguneko ekimenean, aitortza ofiziala lortzeko.

Aurten Baionako Txokolatearen Akademiak 30 urte bete dituenez, opari berezia jaso du. Corso desfilea sustatzen duten auzo elkarteek txokolatea hartu baitute gaitzat, besten amaiera erakutsi duten gurdien desfilean.

Baionaren eta txokolatearen artean lotura azkarra dagoela ezaguna da. Baina benetako aitortza izan da hiriko hamar elkartek Corso desfilean erakusten dituzten gurdietan txokolatearen gaia hari ezberdinetatik jorratzea. Aurrera egiten jarraitzeko bultzada ematen digun memento zinez berezia. Erakustaldi zirraragarria bizi dugu asteburuan, Baionako Besten karietara.

Zu zeu bertaratu zinen gurdien prestaketa lanak behatzeko. Nola pasatu da elkarlan hori?

Gure asmoa izan da elkarteei eta auzoei gure sostengua adieraztea. Ideiak ematea, zalantzak argitzea, hala behar bazuten. Aitzinetik jakinda, gurdiak ez zirela txokolatez egin behar, e! (barre egin du). Lanaren emaitza ederra izan da. Gurdi batean herri azteka, beste batean Afrikako mozkinak, hirugarrenean Baionako portuko zamaketariak kakao jasotzeko lanetan, hurrengoan txokolategileen laborategia... Hamar gurdiz osaturiko Corso izugarri ederra osatu arte! Zer nahi duzu esatea? Elkarte bakoitzak txokolatea goraipatzeko bere bidea bikain atzeman du.

Udazkenean eginen duzuen 30. urtemugaren ospakizunaren aitzin, dastaketa goxoa, beraz.

Aurten azaroaren 3, 4 eta 5ean iraganen dira “Baionak bere txokolatea ospatzen du” hiru eguneko jardunaldiak. Urtean zehar hainbat ekimen eginen baditugu ere, hori da urteurrenerako hitzordu nagusia. Mugaz bestaldean lagun ditugun ekoizleak ez ditut ahantzi nahi; azken finean, txokolateaz ari garela, historia komun baten lokomotor bezala irudikatzen dut Baiona.