Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia egingo dute Donostian irailean
Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko kanpaldia egingo dute Donostian irailean «Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza» ekimenak deituta. Gaur, deialdia zabaltzeko protesta egin dute Lakuako Gobernuaren Etxebizitza Sailak Donostian duen egoitzaren aurrean.
Etxebizitza eskubidearen aldeko kanpaldia egingo dute irailaren 23an eta 24an Donostiako Antigua auzoko Sert plazan, «Etxez etxe, bizitzaz bizitza, euskal errepublika da giltza», bertako kide den Ehunek jakitera eman duenez.
«Etxebizitzarena da edozein bizitza proiektu aurrera ateratzeko oinarrizkoena den eskubidea. Etxerik gabe ez dago bizitzarik. Hala ere, normalizatuta dugu gutxien dutenak poliziaren indarrez kale gorrian uztea. Ia soldata guztia alokairura bideratu behar izatea. Gure auzo eta herrietatik, alokairuak ezin oradinduta, deserrira joan behar izatea… Kapitalismoan etxebizitza ez da eskubidea, negozioa da», nabarmendu du ekimenak.
«Kapitalismoak Euskal Herrian hartzen duen forma 78ko erregimenarena eta frantziar jakobinismoarena da. Erregimen hauek, denon ondasunak gutxi batzuen eskuetara pasatzeko mekanismoa dira, funtsean. Elektrikak, petrolerak eta hormigoiaren mafiak diren modu berean, etxebizitzaren negozioa ere, 78ko erregimenaren eta Frantzia jakobinoaren esentzia dira. Estatu aparatu guztiek, berriz, lapurreta hori legalizatzea eta erraztea dute helburu. Botere judiziala, botere legegilea eta botere exekutiboa, beraz, lapurreta legal horren zaintzaileak dira. Hori dira Estatu espainiarra eta frantziarra, ez besterik. Espainian eta Frantzian etxebizitza ez da eskubidea, negozioa da. Eta hau ezin da aldatu», gaineratu du.
Hori salatzeko kanpaldia egingo dute Sert plazan. Antigua auzoko toki horretan alokairu sozialeko 522 etxebizitza Black Stone funts putreari saldu zizkioten administrazio publikoek.
Kanpaldira deitzeko Lakuako Gobernuak Donostian duen Etxebizitza saileko bulegoetara joan dira etxebizitza bateko bihotzen den koltxoiarekin.