INFO

This browser does not support the video element.

Chillida Leku, naturak magalean hartutako museoa

Chillida Leku. (Gorka RUBIO | FOKU)

Chillida Lekun sartzean, denbora pausatu egiten da. Belar moztu berriaren usainak, berde indartsuko zelaiek, espazioaren handitasun dotoreak eta zerurantz egiten duten eskultura tenteek bisitariaren pausoa eusten dute, eta arnasa geldotu. Eduardo Chillidaren museo monografikoan dena da museo, ez bakarrik sortzailearen piezak, baita horiek magalean hartzen dituen natura ere. Belarrak, pagoek, haritzek, magnoliek... dotoretutako museoa da.

Sartu orduko topatu dugu Jesus Mari Ormaetxea “Urki” belarra mozten. Hogei urte daramatza museoa osatzen duten hamaika hektareak zaintzen, bere etxea balira bezala. Dagoeneko ez omen du belar moztu berriaren usainik igartzen. Hogei urtetan horretara jarria dauka usaimena. «Egunero zazpi ordu eta erdi ematen ditut ingurua zaintzen. Hau baserria bezala da, lana ez da inoiz bukatzen». Chillida Lekuko bazter guztiak ondo ezagutzen ditu Urkik. Buruko minik handiena hosto garaian sortzen omen zaio: «Hostoak erortzen hasten direnean, beti lana izaten da hostoak biltzen». Eguraldiak agintzen du lorezainaren lanean, baina Chillida Lekun aparteko giroa daukate: «Hemen hezetasun handia dago, eta nahiz eta urtea lehor joan, belarra ondo hazten da. Toki espeziala da. Batzuetan galdetzen digute ea aspertsoreak ote ditugun. Hemen ez dago horrelakorik, tokia da apartekoa, hezetasun handikoa. Naturak agintzen du; eta lorezainak, noski».

Alazne Zigaran Lasa da erreserben eta bisiten arduraduna. «Chillida Lekun sartzean, zerbait berezia sentitzen da. Eduardo Chillidaren museo monografikoa da, nahiz eta gaur egun baserriko lehen solairuan beste autore batzuen lanak dauden. Kanpoko partean 40 eskultura daude, bereziki bi materialez osatuak, granitoz eta altzairuz. Eta baserriaren barruan eskultura txikiagoak daude, kontu handiagoarekin zaindu beharrekoak; alabastroa, brontzea… Chillidaren lehen urratsei buruz hitz egiten da batez ere baserri barruko erakusketan». Uneotan Phyllida Barlowken lanak daude museoan, eta horiek ikusteko aukera izango da urriaren 22ra bitartean.

1984. urtean erosi zituzten Eduardo Chillidak eta Pilar Belzuncek Zabalaga baserria eta inguruko lurrak. Chillidaren emazte Belzuncek begitandu zuen ingurune hartan museo oso berezi bat eraikitzeko aukera. «Chillida erabat sorkuntzara emana bizi zen eta bestelako erabaki guztiak Pilar Belzuncek hartzen zituen. Zortzi seme-alaba izan zituzten. Pilarren egitekoa izugarri garrantzitsua izan zen. 2019tik areto bat dauka Pilar Belzuncek museoan, eta bere ibilbidea kontatzen da bertan», nabarmendu du Zigaranek.

Zabalaga baserria Chillidak eta Joaquin Montero arkitektoak eskuz esku birgaitu zuten, presarik gabe, eraikina entzunez. Hamabi-hamahiru urteko lana izan zen. Erosi zutenean, baserria erortzear zegoen, eta Zabalaga baserria Chillidaren pieza oso pertsonala da, museoko beste bat. Europako arkitektura eskola dezentetatik gerturatzen dira Hernaniko museora Chillidak bertan egindakoa bertatik bertara ikustera, «arkitekturan ikasten dituzten arau asko bere modura egin zituen hemen Chillidak».

Bederatzi urteko etena

Museoa 2000. urtean inauguratu zuen Chillida familiak. Hamar urtez martxan egon ondoren, 2010. urtean itxi egin zuten arazo desberdinak tarteko, eta 2019an ireki zuten berriro, Hauser&Wirth museoarekin elkarlanean. Orain martxa bete-betean dago, uda sasoia izanik, ez zaio bisitaririk falta. Esperientzia berezia da Chillida Leku; kanpoko eskulturak ukitu egin daitezke; belar hezean jende asko oinutsik ibiltzen da; bisitak bisitariaren araberako neurriak eta moduak hartzen ditu. «Bisitak zenbat irauten duen galdetzen digutenean, ez dugu jakiten zer erantzun. Bada ordu pare batean alde egiten duenik eta bada eguna hemen pasatzen duenik ere. Bisitari askok esaten digute estresaren kontrako terapia dela museora etortzea», azaldu du Zigaranek. Museoan bada taberna bat eta kanpotik ere eraman daiteke jatekoa. Museoan ezin da ez jan eta ez edan, baina propio horretarako prestatutako txokoa daukate, aterpe eta guzti.

Modu librean bisita daiteke Chillida Leku, baina bada bisita gidatua egiteko aukera ere, bertako giden laguntzarekin. «Gidek informazio asko daukate pieza guztien inguruan, zuzenean familiak kontatutako detaile asko ezagutzen dituzte, eta informazio horrek guztiak lagundu egiten du Chillidaren lana eta ikuskera hobeto ulertzen».

Bisita gidatu horiek hizkuntza desberdinetan eskaintzen dira, baita euskaraz ere. «Euskarazko eskaria urria da oraindik, ez dizkigute euskarazko bisita asko eskatzen. Baina eskaintza badago».

Museoa euskal herritarrei gerturatzeko ahalegina

Chillida Lekun Euskal Herritik kanpoko bisitariak izaten dira nagusiki. Azken urteotan museotik bertatik saiakera berezia egiten ari dira museoa Euskal Herriko herritarrengana gerturatzeko, maiz gertu ditugun altxorrak ezezagunak zaizkigulako.

Igandetan, adibidez, familientzako bisita gidatuak izaten dira, euskaraz eta sei euroan -ohiko sarrera baino merkeago-. «Gidak ohituta daude eskoletako bisitak egiten eta dauden haurren adinaren arabera moldatzen dute bisita. Oso bisita parte hartzaileak izaten dira. Euskarazko bisita gidatuak 12.30ean izaten dira eta ordubete inguruko iraupena izaten dute. Erreserba egin daiteke webgunean, edo museoan bertan sarrerak erosi. Plan oso polita da familia osoarentzat».

Bestelako jarduerak ere eskaintzen dituzte. Esaterako, akordioak dituzte musika jaialdi desberdinekin eta museoa oholtza paregabea bihurtzen da emanaldi desberdinetan. Joan den asteburuan Txiki Jazz jaialdiaren kontzertuak izan dira, esaterako. Musika Hamabostaldiak eta Boga Boga jaialdiak ere aukeratu dute Chillida Leku beren eskaintzaren lagin bat bertan emateko (agenda osatua museochillidaleku.com webgunean).

Udan eskaintza sorta tentagarria prestatzen dute: zinema aire librean (abuztuaren 3 eta 5 bitartean); eskulturen arteko yoga eta gosaria uztaileko eta abuztuko larunbatetan; arkitektura tailerrak umeentzat; Chillidaren inguruko meditazio saioa abuztuaren 23an, haur eta gazteentzako udaleku irekiak ere izaten dira uda sasoian...

Nausica Sanchez museoko hezkuntza eta ikerkuntza arduraduna da. Bere esanetan, «martxan jartzen ari gara Chillidaren filosofia: hau da, Chillidak beti esaten zuen museoak topaleku bat izan behar zuela, eta horretan ari gara, jendea elkartzeko eta gustura egoteko espazioak sortzen ari gara. Museoa komunitatearentzat izateko lanean ari gara, gauzak gertatzen diren toki bat izan dadin».

 

Jakin beharrekoak

- Uztailean eta abuztuan, museoa egunero zabalik egongo da, 10.00etatik 19.00etara (astearteetan izan ezik).

- Honakoak dira prezioak: 14 euro, helduak; 10 euro, 10 pertsona baino gehiagoko taldeentzat, 65 urtetik gorakoentzat eta ikasleentzat; 7 euro, 18 urtetik beherakoentzat, desgaitasuna duten pertsonentzat eta langabetuentzat. Zortzi urtetik beherako haurrentzat, dohain.

- Bertara iristeko BU05 autobusa har daiteke, Donostia-Andoain bidea egiten duena. Museoaren atean dauka geltokia.