INFO

Trumpek esandakoak ezagunak dira, egindakoak frogatzea da gakoa

Trumpen aurka orain arteko auzibide eta epaiketak Etxe Zurira iritsi aurreko kausengatik dira (90eko sexu-erasoa edo 2016ko kanpainako legez kanpoko ordainketak porno izar bati) edo, bestela, presidentetza utzi ostean jazotakoengatik (dokumentu sekretuak eramatea Floridako etxera).

Gizon bat, Trumpen espetxeratzea eskatzen, agerraldia egin duen epaitegian. (Alex WONG | AFP)

Oraingo honetan, baina, agintean zela egindako delituak egozten zaizkio. Demokraziaren eta hauteskunde-legeen aurka agintean jarraitzeko egindakoak, hain zuzen ere.

Akusazio hau oso desberdina da aurrekoengandik, honezkero «aurrekaririk gabe» esamoldea higatuegi ere gertatzen ari den arren. Jardunean zela, boterean mantentzeko asmoz AEBko sistemaren oinarriari iruzur egiten saiatu izana leporatzen zaio; hauteskundeetan herritarrek bozkatutakoa manipulatu eta Etxe Zurian jarraitzea ahalbidetuko zion gezurrezko emaitza bat bortxatuz.

Orain artean Trumpen aurka egindako akusaziorik larriena da. Baina egia da, halaber, laugarren inputazioa duela, bosgarrena datozen asteetan irits dakiokeela Georgiatik, hauteskundeetako emaitzak aldarazteko egindako presioengatik, eta akusazioen zerrenda luzeak efektu narkotizatzailea ere izan dezakeela herritarrengan. 2024a Trumpen aurkako epaiketaz beteta egon liteke, alderdi errepublikanoa hauteskunde presidentzialetarako hautagaia ebazteko primarioetan dela, etengabeko interferentzia ekarriz, eta protagonismo berezia emanez Donald Trumpi, bidenabar.

Neurri handi batean, hortxe egongo da datorren urteko hauteskundeetara arteko jokoa, presidente ohia zurrunbiloaren erdi-erdian dela; gakoa da auzibideek, protagonismoa emateaz gain, botere-gosez edozertarako prest dagoen kriminal bat erakusterik izango duten. Osterantzean, itsu-itsuki jarraitzen dioten eta alderdi errepublikanoan nagusi diren trumpzaleek salatutako jazarpen eta sorgin-ehizaren leloa gailenduko da. Washingtonen, Chicagon edo New Yorkeko kaleetan zabiltzanean horren urrun dirudien mundu hori uste baino gertuago egon ohi da, Trumpen gezurrak sinesten dituen jende ugari aurkitu izan dut hilabeteotan; 2020ko hauteskundeak ostu zizkietela, esaterako.

Horregatik dute garrantzia Jack Smith fiskal bereziaren inputazioak eta hilabeteotan –batzuentzat luzeegi jo du – bildu dituen ebidentziek. Historia hurbileko epaiketa garrantzitsuenetakoa izango da AEBn. Mundu guztiak daki Trump gezurretan ibili zela, Trump gezurraren sinonimo dela. Baina gezurra esatea ez da delitua. Azken orduotan eztabaidaigai bihurtu dena da –interesatuki, noski, Trumpen defentsak sustatuta– adierazpen askatasuna bera jartzen ari ote den auzitan. Askatasunez mintzatzea epaituko ote den, alegia, baita esandakoa gezurra balitz ere.


Konspirazioan Trumpen sei laguntzaile aipatzen dira, baina izenik eman gabe. Gehiago dira, ordea. Fiskalarekin kolaboratzen ari diren seinale?

Smithen akusazioak berariaz heltzen dio horri, alabaina: Trump, hauteskundeetan iruzurra egon zela eta lapurreta egin ziotela esaten zuenean, gezurretan ari zen, baina horrekin batera, zazpi estatutako emaitzen dokumentuak faltsutzen saiatzen ari zen. Hauteskundeen zertifikazioak Washingtonera iristean, Kongresua bozketa egiaztatzeko tramitea (Bidenen garaipena, alegia) eragozten saiatu zen. Hortik aurrerakoa, denok ikusi genuen zuzenean 2021eko urtarrilaren 6an Kapitolioan.

Testuinguru honetan, alderdi errepublikanoan presioa handitzen ari da, primarioetako hautagaien orain arteko erreakzioak ohikoak izan diren arren: Trumpen alde irten dira Ron De Santis, Vivek Ramaswany enpresaria (behin eta berriz ari da errepikatzen indultua emango diola Etxe Zurira iristen bada) eta Tim Scott; eta presidente ohiaren aurka mintzatu dira alderdiko sektore moderatua ordezkatzen duten (eta inkestetan azken lekuak dituzten) Asa Hutchinson, Chris Christie eta Will Hurd. Nikki Haley, isilik.

Baina protagonismoa inork hartu badu, azken akusazio honekin, orain artean askorik nabarmentzerik lortu ez duen hautagaia izan da. Mike Pence presidenteorde ohiak, errepublikanoen lehian ia aukerarik gabe, orain arteko zorrotzen jarri du dantzan mihia Fox katean: «Presidenteak bozak ukatzeko eskatu zidan, bera Konstituzioaren gainetik jartzeko (…) akusazioak gogorarazi beharko liguke bere burua Konstituzioaren gainetik jartzen duenak ez lukeela sekula AEBko presidente izan behar».  Ia aukerarik gabe geratu da Pence honezkero primarioetan, baina argi salatu du agerian zer nolakoa izan zen Donald Trumpen jokabidea hauteskundeak galdu ostean.

Litekeena da gertatukoaren lekuko gehiago izatea fiskalak. Konspirazioan laguntzaile izan zituen sei pertsona aipatzen ditu –izenik eman gabe, horietako gehienak nabarmen egon arren, Rudy Giulianigandik hasita. Baina aipagarriagoa da zerrendan ez direnak, goi-kargudunetako batzuk Smithekin kolaboratzen ari direla nabarmenduko lukeelako, frogak eta datu zehatzak emanez.