INFO
Eukene Larrarte txirrindularia Europako Txapelketako zilarrezko domina eskuetan duela.
Jon URBE (FOKU)
Interview
Eukene Larrarte
Bizkaia-Durangoko txirrindularia

«Batzuetan nahikoa da zerbait lortzeko, pertsona batek zuregan sinistea eta konfiantza izatea»


Orain dela bost hilabete Eukene Larrartek (Tolosa, 1998) zilarrezko domina lortu zuen pistako Europako Txapelketan (Suitzan). Momentuan ez zuen «guztiz dastatu»; orain, «patxadaz hartzeko» denbora izan du. Glasgown jokatuko den Munduko Txapelketa du begiz jota, eta urrunera begira, Olinpiar Jokoak.

This browser does not support the audio element.

Otsailaren 8a betirako iltzatuta geratuko zaio Eukene Larrarteri: zilarrezko domina lortu zuen pistako Europako Txapelketan scratch proban. Oroitzapen «polita» du, baina zalantza bat geratzen zaio tolosarrari: «Gurpilak ondo izan banitu, zer gertatuko zen?». Bi gurpilak ez zituen ondo puztuta.

Pistan «beste pauso bat» eman du, eta orain Glasgown jokatuko den Munduko Txapelketan lehiatuko da, gaurtik abuztuaren 13ra. Scratchean eta Omniumean arituko da. Madisonean, ordea, ez; ez baitute sailkatzea lortu. Olinpiar Jokoei begira, Larrarterentzat Eskoziako hirian lortzen duena «oso garrantzitsua» izango da, baina horren ondoren oraindik, baditu beste aukera batzuk.

Jokoei begira, ez da «erotzen» puntuekin, beste pertsona batek egiten dizkio kalkuluak. Emaitzez haragoko helburuetan jartzen du arreta: erregularra izatean eta hobetzean, besteak beste. Pistan ez bezala, errepidean ez du zorte askorik izan, erorikoak tarteko.

Alemanian jokatu zen Europako Txapelketan, maiatz bukaeran, min hartu zenuen sorbaldan. Zer moduz zaude?

Bost bat aste pasatu dira sorbalda hautsi nuenetik, eta pixkanaka joan naiz. Lehen hamar-hamabost egunetan geldirik egon nintzen eta ahalik eta azkarren arrabolaren gainean jarri nintzen. Hasieran ezin nuen besoa eskulekuan ezarri, orduan sistema bat asmatu nuen goma batzuekin, sorbalda eskulekuan guztiz ez finkatzeko. Gerora, esan zidatenean hezurra ondo zegoela, errepidera atera naiz, eta orain errehabilitazio lana egiten ari naiz. Mugikortasun guztia ez dut, min ematen dit batzuetan, baina egia da bizikleta gainean ez didala eragozten pedalei gogor ematea; beraz, pozik.

Zilarra lortu zenuenetik denbora pasa da. Orain izango zenuen astia gelditzeko eta pentsatzeko zer lortu zenuen.

Beti imajinatzen nuen Europako Txapelketan zilarra lortu eta gero dena desberdin pentsatuko nuela: zilar bat, pisua kentzen duzu, helburu handi bat bat lortu duzu... Baina dena oso azkar joan zen. Europako Txapelketa eta gero, Munduko Kopak etorri ziren. Sailkatzeko probetan galbahe oso gogor bat pasa behar zen gero korritu ahal izateko, eta hiru txanda ziren. Bidaia luzeak ere; Indonesia, Kairo eta Kanada. Ez da Europa, ez da etxetik gertu. Gainera sailkatzeko lehen txanda ez nuen pasatu eta hurrengo bietan presio handia nuen: sailkapena lortu behar nuen bai edo bai. Eta horretaz guztiaz gain unibertsitatean nengoen, eta betiko gorabeherak. Europako Txapelketa hori, zilar hori, ez nuen guztiz dastatu, ez nintzen geratu eta ez nuen disfrutatu. Etxean egon nintzen egun gutxietan elkarrizketa batzuk egin nituen, lagunekin eta familiarekin pixka bat ospatu nuen, baina gutxi. Orain lesioarekin pixka bat gelditu naiz, patxadaz hartu dut. Eta pixka bat barneratu dut.

Nola gogoratzen duzu egun hura?

Jartzen naiz pentsatzen eta atera baino lehen hotelean zaude, zu zure buruarekin lasai, motxila prestatzen... Eta anekdota bat da, baina nire nezeserrean errimela eta makillaje pixka bat ikusi nuen, eta esan nuen: «Imajinatu podiuma duzula...» Baina pentsatu nuen: «Zer esaten duzu Eukene?» eta hor utzi nuen. Eta gero podiumera joan nintzenean esan nuen: «Begira, errimela ez daukat» [barrez].

Scratchean erasotzera atera nintzen, eta saiatzera. Baina gurpilean arazoekin hasi nintzen, atera nintzen bezain laster bi gurpilak hustuta zeudela igartzen nuen. Mekanikoei saiatu nintzen esaten ea zer arazo zegoen eta neure buruari esaten nion: «Gurpilak ez daude ondo puztuta». Horrek arreta galtzea eragiten du, baina ezin izan nuen bizikleta aldatu lasterketa oso mugituta hasi zelako. Gainera, hori ez da ohikoena gure scratch probetan; hasieran erritmo bat egoten da, lasaiagoa, baina horrela tokatu zen, eta erabaki oso azkar bat hartu behar izan nuen: «Jarraituko dut horrela edo ez?» Hasieran arreta erabat galdu nuen, eta esan nuen: «Horrela jarraituko duzu eta kito». Eta erabakia ona izan zen; ez dakizu bestela zer pasatuko zen, baina planari eutsi nion eta aurrera egin nuen.

Orain oroitzapen polita dut, baina atsekabe puntu hori dut. Gurpilak ondo izan banitu, zer gertatuko zen? Aurkaria baino indar gehiago ari nintzen uzten... Orain ematen du zilarrarekin konformatu egin naizela, eta inola ere ez. Kontua da banekiela nire egoera zein zen, eta helmugara iristen banintzen... asko! Baina pena ere ematen dit.

Adibidez, Maria Martins portugaldarrak [lehena egin zuenak] eta biok asko ezagutzen dugu elkar, urte mordoa daramagu bata bestearen aurka, eta justu kontrako ezaugarriak ditugu. Bera ni baino azkarragoa da. Duela aste batzuk Portugalen izan ziren txapelketa batzuetan, berari aurre egiten nion erasotzean, eta berak niri, esprintean. Orduan, esprint hori baino lehen erasoa jo nezakeen, baina bizikletaren baldintzek ez zidaten utzi. Badaukat pena puntu hori, ez baitakizu inoiz maillot hori gertuago edukiko duzu.


Bigarren egin zenuen, eta sekulakoa izan zen, baina urrea hain gertu egonda normala da hori pentsatzea.

Bai, baina hori orain hotzean esaten dizut. Momentuan gogoratzen naiz entrenatzailearen [Emaitz Izaguirre] bila joan nintzela ero baten moduan, uste nuelako behean zegoela, pelousean [belodromoko erdiko gunea], eta azkenean ikusleen artean zegoen. Halako batean ikusi nuenean, ez dut inoiz ahaztuko berarekin eduki nuen besarkada.

Gauza asko pasatu ditugu elkarrekin, hasieratik nago berarekin, eta lan asko egin dugu, ez digute inoiz ezer oparitu. Nire barrenean banekien entrenatzen nuela eta gauzak gogor egiten nituela egunen batean hau lortzeko. Hori alde batetik, baina bestetik, agian  bera izan da pertsona bakarra, nire familiarekin batera, sinisten zuena nik hori lortuko nuela; eta batzuetan nahikoa da pertsona batek zuregan sinistea eta konfiantza izatea. Gogoratzen naiz negar egin nuela eta malkoak atera zitzaizkidala, baina gero esan nuen: «Podiumean irribarre handi batekin aterako naiz».

Zer esan zizun entrenatzaileak?

Ezer ez, nik orain galdetzen diot eta esaten dit: «Banekien egun batean egingo zenuela». Bera oso pozik ikusi nuen eta dena oso azkar zihoan, baina gogoratzen naiz podiuma lasterketa bukatu eta ordu erdira zela. Orduan, mugikorra hartu nuen eta etxera deika hasi nintzen. Amari deitu nion eta bat-batean bideodeian amonarekin zegoen, eta biak negarrez, ni ere negarrez... Sekulakoa izan zen, oraindik negarra egingo dut. Etxera deitu nuenean aitarekin ere hitz egin nuen, builaka zegoen [barrez].

Gero jartzen naiz pentsatzen beraiek nola bizituko zuten lasterketa; emozio askokoa izan zen, ez zekiten iritsiko nintzen edo ez nintzen iritsiko... Nik gero barrez esaten nien: «Zer? Gaizki pasa duzue e?». Oso polita izan zen.

Scratchean ez ezik, hamargarren egin zenuen Madisonean Laura Rodriguezekin batera –Espainiako marka berria ezarrita, 4.28.54ko denborarekin– eta Omniumean 11. postua egin zenuen. Txapelketa biribila izan zen?

Bai, behin jada zilarra lortu nuenean saiatu nintzen arreta mantentzen. Oraindik proba olinpikoak geratzen zitzaizkidan eta hori zen garrantzitsuena, helburu nagusia luzera begira Olinpiar Jokoak zirelako. Scratcha bide horretatik kanpo dago, beste proba bat da eta ez du Jokoetarako kontatzen. Gogoratzen naiz scratcheko gau horretan ez nuela lorik egin, mugikorra mezuz beteta nuen, hedabide guztietan atera nintzen, telebistan, Teleberrin... Orduan saiatu behar zara hortik ateratzen, eta berriro ere lehiaketan arreta jartzen. Omniumean ez zitzaizkidan gauzak atera, baina horrek askotan ez du zure aldarte fisikoa erakusten. Batzuetan ez zaizu lasterketa ateratzen eta emaitzak zenbaki bat dira. Orokorrean oso pozik nago Europako Txapelketarekin.

Scratch-a Jokoetarako puntuagarria ez den arren, lortutakoak esperantza emango dizu horiei begira, ezta?

Bai, ez naiz inoiz bere buruarengan sekulako konfiantza duen pertsona bat izan. Horrez gain, selekzio batean zaude zeina ez baiten Italia bat, arrakasta handia duena eta dominak binaka lortzen dituena. Orduan, hor ere ez da berdina Italia nola sartzen den konfiantza osoarekin belodromora edo zu nola sartzen zaren. Beti konfiantza hori lantzen aritu naiz. Zilarrak emozionalki denerako ematen dizu konfiantza. Baina gauza bat da Olinpikoak diren probetan lehiatzea edo Olinpikoak ez direnetan. Olinpikoak ez direnetan gehiago arriska dezakezu, eta Olinpikoak direnetan, nahiz eta Omniumean nahi nuen emaitza ez lortu, esan daiteke ez zela izan sekulako hutsa. Sailkatzeko aukerekin jarraitzen dut.

Nola zoaz puntuen aldetik?

Gai honekin ez naiz erotzen. Duela gutxi bukatu dut unibertsitatea eta pentsatzen dudan azken gauza da puntuena. Nire ondoan pertsona bat dut lan hori egiten didana eta lan asko kentzen dit. Esaten dit: «Hemen indartsu joan», eta pedalei gogor eragiten diet eta kito. Gaur egun badakit Olinpiar Jokoetarako barruan izango nintzatekeela, baina oraindik Munduko Txapelketa bat geratzen da. Zenbatgarren postuan egin behar dut 200etik? Ez da horrela, azkenean, beste ziklisten emaitzen araberakoa ere bada. Munduko Txapelketara goaz ahalik eta hoberen eta aurreen egitera, eta uste dut azkena egin ezean edo ez bukatu ezean, oraindik aukerak izango nituzkeela sailkatzeko. Hori eta gero Europako Txapelketa bat geratzen da, lehengo urtekoarekin alderatuta, hobetu nezakeena, eta gero beste hiru Munduko Kopa. Oraindik bidea geratzen da, Munduko Txapelketa oso inportantea da; bizirik jarraitzen duzu edo ez, baina horren ondoren badaude beste aukera batzuk.

«Ematen du zilarrarekin konformatu egin naizela eta inola ere ez. Kontua da banekiela nire egoera zein zen, eta iristen banintzen helmugara... asko!»

Indonesian jokatu zenuen lehen Munduko Kopan hamargarren geratu zinen Rodriguezekin batera taldekako jazarpenean, Nazioen Kopan ere lehiatu zinen Egipton, Onmiunen hamargarren izanda eta Madisonen hamaikagarren. Aurten hobeto ibiltzen ari zara pistan?

Bai, aurten beste pauso bat eman dut. Proba Olinpikoek beti beste koska bat dute; selekzio bakoitzeko indartsuenak edo faboritoak normalean hor daudelako. Aurten lortu ditudan emaitzak hedabideetan atera dira, eta Olinpiar Jokoetarako, Kairon hamargarren egin nuen, eta nire etsai zuzenena izan zitekeenak aurretik geratu zen sekulako Omniuma egin ostean. Orduan ematen zuen emaitza txarra zela... Baina ez, ni pozik nago; Munduko Kopa batean eta gainera Olinpiar Jokoen aurretik, beti maila asko igotzen dela, hamargarren egin nuen. Jokoetarako aurkari hori sartu zaidala aurrean? Luzea da. Beste pauso bat eman dut lehiaketa ofizialetan, gero gertatzen da Munduko Txapelketara joaten zarela eta ez zaizula ondo ateratzen. Baina egin ditut bi Munduko Kopa eta bi emaitza oso onak lortu ditut; hamargarren eta hamabigarren Kanadan.

Glasgown duzu Munduko Txapelketa. Madisonean eta Omniumean lehiatuko zara?

Ez, hor izan dugu beste arazotxo bat. Azkenean bi aukera genituen; bata zen Omniumean nik bakarrik parte hartzea; eta bestea, Madisona egitea Laura Rodriguez nire bikotearekin. Aurten asko borrokatu dugu, gure taldeekin kanpora joan gara puntuen bila, eta selekzioarekin Munduko Kopetara ere bai. Egia da emaitza hobeagoak lortu ahal genituela; ez genituen lortu eta azkeneko momentuan Munduko Txapelketarako kuotak atera direnean kanpoan geratu gara. Nahiko polemikoa ere bada, Espainiak erreklamatu zuen gure kuota, eta Kanada kanpoan geratu zen kalkuluak gaizki atera zituztelako. Eta, adibidez, Mexiko gure aurretik sartu dute, ez zegoenean aurretik.

Eta arrazoia da hurrengoa: Munduko Txapelketara joateko baldintzetako bat da zuk zure herrialdean nazioarteko lasterketa bat antolatu behar duzula, eta Mexikok ez du antolatu. Gure lana ere bazen puntu nahikoa edukitzea Mexikoren aurretik egoteko eta hori horrela da. Gauza askotan akatsak egin dira eta nire erorikoak ere ez du laguntzen. Alemanian Madisona genuen eta nahita hara joan ginen Madisoneko sailkapena ziurtatzera. Nire entrenatzailearen kalkuluak horrela ziren: goazen Alemaniara Munduko Txapelketa ziurtatzera. Baina bikote bakarra da, eta bat erortzen bada ez dago ordezkorik. Abantaila izan da 100 puntu eskasekoa edo gutxiagokoa. Beraz, horrekin barruan egongo ginen. UCIri erreklamatu genion Mexikorena eta kontsideratu zuten haiek baliabide gutxiago zituztela Espainiak baino. Orduan, beraiek barrura. Madisonean Munduko Txapelketatik kanpo geratzen gara eta bertatik kanpoan geratzen bazara Olinpiar Jokoetarako ere kanpoan zaude. Lehenak gaude erreserban eta edozer gerta daiteke baina...

Zein izango da helburua?

Helburuak ezin du zenbaki bat izan. Hamargarren egitea ez dago zure esku, beste 23 daudelako topera joango direnak. Helburua Omniuma da, horrek emango dizkit puntuak Olinpiar Jokoetarako. Scratchean ere parte hartuko dut, denbora asko daramadalako lehiatu gabe lesiotik. Hor saiatuko naiz Europako Txapelketako taktika bera jarraitzen, eta Omniumean oraindik puntu hori falta zait prestakuntza aldetik. Orain egonaldi batera joango naiz Portugalera eta hor neurtuko ditut nire indarrak non dauden, eta horren arabera, Omniuma planteatuko dugu ahalik eta erregularren eta aurreen egiteko, eta hortik aurrera gure kalkulagailua aterako dugu. Baina helburuak ez du izan behar; «goazen egitera Txekiar Errepublika baino aurrerago». Ez.

Pistan ez bezala, errepidean ez duzu zorte askorik izan, eta ez zara hainbeste lehiatu.

Bai, urtea ondo hasi nuen; Valentziako Vueltako etapa batean 11. egitea lortu nuen. Niretzako oso emaitza ona da, sekulako maila baitzegoen. Urtea oso zaila izan da; pistak indar asko kentzen zizkidan eta unibertsitateak ere bai. Gero ere arazo fisikoak izan ditut; estresagatik tripetako arazoak izaten hasi nintzen, eta maiatzean errepidean Espainiako Vuelta, Burgosekoa eta Itzulia korritu nituen, eta ez nintzen batere ondo sentitu.

Itzulian eta Vueltan erori egin nintzen. Erorikoen bolada txarra izan dut, lehengo astean egin nuen proba bat tripetakoa eta esan zidaten birus bat nuela, eta horren guztiaren arazoa zein zen aurkitu dut. Tripak ez baldin badituzu ondo, gorputza ere ez dago ondo. Urte honetan izan dut emaitzarik politena, baina beste aldea ere bizitu dut. Errepidean ez dut zortea izan; ez ditut izan ez sentsazio onak ezta emaitzak ere.

Pena eman zizun Itzulia ez amaitu izana?

Bai, handia. Azkenean, profesional mailako tropelera salto egin dut eta etxeko lasterketa asko ez ditut korritu. Lehen Euskaldun Torneoetan edo Espainiako Kopan lasterketa asko egiten nituen, baina orain gero eta gutxiago. Itzulian, hirugarren etapa Donostian zen, Jaizkibelen, Hernanin... Inguru horiek oso ondo ezagutzen ditut, eta gogoa nuen etxean korritzeko eta disfrutatzeko. Baina bigarren etapan erorikoa izan nuen, eta gainera, buruan. Etxera joatea erabaki genuen. Hortik aurrera, errepideko denboraldia pixka bat goitik beherakoa izan da.

Gero Alemaniara joan zinen eta bertan min hartu zenuen sorbaldan. Geroztik errekuperatze lanetan egon zara. Italiako Giroa galdu duzu, iaz korritu zenuen. Pena duzu?

Bai, taldekideak ikusi ditut hor sufritzen. Oso giro gogorra izan da; ia egunero sailkapen orokorreko lehen hamarrak iristen ziren aurrenak, lehenengo kilometroetatik sekulako triskantza egoten zen. Beste Giro bat bizkarrera botatzea beste esperientzia bat da. Indartu egiten zaitu eta pena ematen dit. Egia da horrek beste aldaketa bat ekarri didala. Behintzat, etxean egoteko aukera izan dut; izan ere, aurten etxetik kanpoko egunak asko izan dira. Familiarekin denbora pasatu dut, lagunekin batez ere, indarrak hartu ditut eta aprobetxatu dut azkeneko azterketak gainditzeko. Beraz, gauza batek kendu didana beste era batera hartu dut. Alde positiboa ateratzen saiatzen naiz.

Itzuli handietan nabari da tropelean aldea handia dela txirrindularien artean.

Bai, aurreko batean entrenatzen hitz egin nuen hori txirrindulariak diren nire lagunekin; Usoarekin [Ostolaza], Naiarekin [Amondarain], Idoiarekin [Eraso]. Eta esaten nien: «Neskak, aldaketa guztia bizitzen ari gara». Hasi ginenean ez zegoen aukera profesionala izateko, eta orain nire hiru lagun horiek Laboral Kutxan profesionalak dira eta soldata bat dute. Hori lehen ez zegoen; orain Joane Somarribak zer esaten du?

Orain ziklista on bat ia milioi bateko soldatara iristen da, eta horrek prestakuntza on bat izango du; aldiz, oraindik gutxieneko batzuetara iristen ez garen beste batzuk ere bagaude. Horrek ekartzen du alde handi hori. Tropelean batez ere kantitatea falta da. Ez da ez dagoela, baizik eta neska gehiagori baldintza hobeak eman behar zaizkiela; talentua badago. World Tourrean ere zer ari da gertatzen? Egutegia gero eta zabalagoa dela. Ia lehenengo urtetik, talde asko sei txirrindularirekin beharrean bostekin hasten ziren. Ziklista multzoak hamabikoak dira. Bi lesionatzen zaizkizu, beste bat gaixotu, eta zenbatekin bikoiztu dezakezu lasterketa? Ezin duzu, eta taldeetan ere diru gehiago behar da; eta pixkana ari da sartzen. Dena batera ari da etortzen; laguntza oro ona da, uzten ari garen arrastoa ere bai, baina orain dena berriz ondo jarri behar da.

Hurrengo urtera begira UCIk baldintza batzuk jarri behar ditu talde bakoitzak gutxieneko batzuk bete ditzan.

Bai, iritzi desberdinak izan ditut gai horrekin. Kontua da hurrengo urtean Espainiako UCIko taldea izateko, bigarren mailakoei gutxieneko batzuk exijituko zaizkiela: soldata bat izatea, talde teknikoan zuzendariek eta mekanikoek soldata bat izatea, eta dena horrela. Orduan, UCI maila Kontinentaleko zazpi talde baldin badaude Espainian, uste dut batek bakarrik beteko dituela baldintza horiek. Zuk atera kontuak: ia 50 txirrindulari gera gaitezke talde gabe bat-batean. Alde batetik, iruditzen zait beharrezkoa den neurri bat dela, eta hori egiten dela profesionalizatzeko bide horretan. Baina beste alde batetik, neurri hauek jartzen dituzte, baina ez dute ezer egiten laguntzeko. Txirrindulari asko geratuko gara, eta ni barne, hurrengo urtean agian talderik gabe, eta ez dakigu ezer. Bere alde ona eta txarra ditu.

«Txirrindulari asko geratuko gara, eta ni barne, hurrengo urtean agian talde gabe, eta ez dakigu ezer»

Italiako Giroari ez dakit kalte egiten dion gizonezkoen Tourrarekin bat egiteak...

Hemen errealitatea hau da: jendeari oraindik telebista piztu eta emakumeen kirola ikustea, ez bakarrik txirrindularitza, kostatu egiten zaio, ez du ikusten. Hori da lehenengo puntua, baina uste dut telebista kateek eta antolatzaileek estrategia bat egin dezaketela jendea txirrindularitza ikustera bultzatzeko, eta hor eredu dira Klasiketan Flandes eta hauek denak antolatzen dituztenak. Aurten erabili duten estrategia da mutilen ondoren neskena botatzea. Eta horrekin lortu dutena da mutilak ikusten hasten direnek, gero esatea: «Ea zer dagoen». Eta neskak ikusten bukatzea. Emaitza oso onak lortu dituzte, pila bat jendek ikusi du eta hori da nire ustez ekitatea. Berdintasuna bultzatzea estrategia desberdinak erabiliz.

Kasu honetan zer gertatu da Giroarekin? Txirrindularitzan gehien mugitzen duen lasterketa dela Tourra, eta nesken Giroak horrekin bat egitea... Ba estrategikoki ez digu batere mesede egiten. Bestela ni seguru nago Giroa jendeak ikusiko lukeela. Beste pauso bat eman behar dela? Argi dago, baina kasu honetan estrategikoki huts handia egin dute.

Tourra Euskal Herritik pasatu da, baina gero, Gipuzkoan, gazte mailako lasterketak bertan behera geratu dira. Txanponaren bi aldeak dira?

Bai, alde batetik, ondo iruditzen zait Tourrak berak eta Gobernuak lasterketan egin duten inbertsioa. Euskal txirrindularitzarentzat eta Euskal Herriarentzat ona da. Zer irudi ikusten ziren, gure kostaldea, gure mendiak... oso harro ikusi nuen Tourra. Jendeari eta munduari erakustea, “begira, hau da Euskal Herria”. Iruditzen zait erakutsi zela identitate bat eta herri nazio bat oso polita dena; eta baita errespetuzko publiko bat ere.

Beste alde batetik, hemendik urte batzuetara nahi badugu Ion [Izagirre] eta Pello [Bilbao] gehiago egotea, oinarrian lana egin behar da, eta orain  gertatzen ari dena da oinarrian ez garela lanik egiten ari. Lasterketak kentzea, motoen loturarekin egon zen arazoa... hori zaindu behar da, eta gustatuko litzaidake Gobernuak horri ere begi bat botatzea.

Emakumezkoen harrobian zuloa ikusten al duzu?

Bai, badago. Txirrindularitza eskoletan hamabi mutil badaude, neska bat egongo da, edo bi. Adibidez, Oriakoan, Tolosan, beti neska asko ateratzen dira; baina, esaterako, Donostiako Irukin badakit haur mailan soilik bat dagoela. Gogoratzen naiz lehen, Gipuzkoako Pista Taldean, hasiera batean kadeteentzako eta gazteentzako eskola klub bat atera zela, eta Gipuzkoako txirrindulari guztientzat ateak irekita zeudela, denok hor egoteko. Gipuzkoako Aldundiak baliabideak jartzen zituen neska guztiak hor hazteko, baina hor ere kluben arteko gerra bat egoten da, eta batzuetan falta dena da denak norabide berdinean aurrera egitea. Niri orain gustatuko litzaidake laguntza ematea, eta prest nago hurrengo urtean eskoletara joateko. Erreferenteak falta dira. Ez da berdina ikastolara etortzen zaizunean gizonezko ziklista bat, urruti ikusten duzuna eta ez dena guztiz zure erreferentea, edo etorri eta esatea: hau emakumea eta profesionala da. Erreferentzia guztiz aldatzen da. Hori aldatu behar da eta nire laguntza txiki bat izan daiteke hori, eta saiatuko naiz hemendik aurrera horrelako gauza gehiago egiten.

Klubena aipatu duzu. Euskal Herrian hiru daude: Laboral Kutxa, Sopela eta Bizkaia Durango. Denak indarrak batuta hobea izango litzateke?

Bakoitzak bere interesak dauzka. Noski, egongo nintzateke horren alde, baina bakoitzak bere interesak ditu. Baliabide gehien dituena Laboral da, baina hurrengo urtean agian Sopela bat edo Bizkaia bat desagertuko da, ez dakit. Batzuetan hainbeste talde egotea ez da beharrezkoa, behar dena da talde bat eta nahikoa izatea. Argi dago Bizkaia Durango talde euskalduna dela, baina bi euskaldun bakarrik gaude oraintxe, eta hori horrela da. Sopelan ere ez dakit zenbat euskaldun diren, baina gutxi.

Profesionalak ez diren taldeek ere egon behar dute, eta nesketan ez da inoiz argi egon zer den profesionala eta zer den amateurra. Profesionala nintzenean ere Espainiako Kopa eta Euskalduna korritzen nituen, eta orain ez, baina lehen bai. Mutiletan amateurra zarenean amateur mailako lasterketak korritzen dituzu eta profesionaletara salto egiten duzu, eta kito. Baina nesketan ez dago argi. Adibidez, Zatika bezalako nesken talde bat, ez dena profesionala, horrelako taldeak behar dira. Eta lan oso ona egiten dute, baina laguntza behar dute.