Sare: «Ez dago inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteko»
Jendetza bildu da larunbat honetan Gasteizko erdigunean Sarek antolatutako manifestazioan parte hartzeko. Bertan ohartarazi dutenez, «ez dago inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteko» euskal errepresaliatuen aurka.
«Ez dago inolako justifikaziorik salbuespen juridikoari eusteko, eta, horregatik, konpromiso irmoa eskatzen diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, kartzeletan gaur egun ere pairatzen duten salbuespen egoera behingoz buka dadin». Hala nabarmendu dute Sareko ordezkariek larunbat honetan Gasteizen egindako manifestazioaren amaieran.
Bertan ohartarazi dutenez, «ez dago inolako justifikaziorik justizia politizatu batek segi dezan euskal presoentzat espetxe-araudi arruntaren aplikazioa ukatzen, eta espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakien kontra errekurritzen behin eta berriz, hirugarren gradura pasatzea edo espetxe baimenak ematea onartzen dutenean». Ainhoa Barbarinen egoera larri honen azken adibidea da.
«Askotan esan dugu ez dugula pribilegiorik eskatzen preso horientzat. Ez. Legezkotasuna eskatzen dugu. Estatuko espetxeetan dauden milaka preso horietatik edozeini aplikatzen zaion legezkotasun bera», gaineratu dute, izan ere «dagoeneko zigorraren urte asko bete dituzten pertsona batzuez ari gara hizketan. Zenbaitek 30 urte baino gehiago daramatzate kartzelan, zigorraren hiru laurdenak aspaldi bete zituztenak badira, eta ez dago legerik eragozten duenik gainerako zigorra espetxetik kanpo betetzeko aukera».
Nabarmendu dutenez, «zigorra Frantziako kartzeletan bete duten pertsonak dira kasu askotan, Espainiako Estatura estraditatu ondoren kartzelan emandako urte horiek kontuan hartu ez eta
zigorra hutsetik betetzen hasi behar izan dutenak. Europako esparru judizialean legez kontrakoa da hori. Kartzelan bete beharreko berrogei urteko zigorra -bizi arteko zigor ezkutua- jaso duten pertsonez ari gara hizketan, zigor hori Espainiako Konstituzioan jasota ez egon arren, ez eta justifikatuta ere birgizarteratu ahal diren presoen kasuan».
«Preso horiek, gainera, konparaziozko bidegabekeria jasaten dute, legearen aurrean berdinak izateko printzipioa deuseztatzen duena. Estatu-erabakiak tarteko edo inpunitatearen babesarekin hil, zauritu, torturatu edo beren boterea gehiegikeriaz erabili zuten gehien-gehienak ez dituzte epaitu, oro har, eta horietatik epaitu zituztenek berehala lortu zuten kartzelatik ateratzea. Euskal presoen kasuan guztiz kontrakoa gertatzen ari da: jazarpena eta eskubideen urraketa etengabekoak dira», diote.
Egoera horri aurre egiteko, eta presoak etxean egon ahal izateko «den-denok» lan egin behar dutela esan dute: «Hau ez da errebindikazio alderdikoia edo ideologikoa. Askatasunik gabe urteak eta urteak daramatzaten horien giza eskubideak errespeta daitezela exijitzen dugu, besterik ez. Horregatik guztiagatik, gure eskaera da batera egitea».
«Herriaren ahaleginak lortu du bukatzea urruntze politikak zekarren eskubide urraketa, 34 urte baino gehiagotan espetxeetan ez ezik senideen artean ere hainbeste sufrimendu eragin duen politika horrek. Etapa berri batean sartu gara: preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzeko bidea irekitzekoa: Etxera», azpimarratu dute.