INFO

Climate Social Camp eta Festival Alta Felicita topaketetan hartu du parte Araba Bizirik-ek

Aurten ere, Val di Susan bailaran ospatzen diren Climate Social Camp eta Festival Alta Felicita klima ekintzaileen nazioarteko topaketetan hartu du parte Araba Bizirik-ek. Askapenako brigada bat eta Iruñeko Koadro Eskolako beste bat izan dira ere milaka pertsona bildu zituen jaialdian.

Abiadura Handiko Trenaren aurkako protesta egin dute ere bilkura honetan. (Araba Bizirik)

Araba Bizirik-eko kideak Val di Susara joan dira aurten ere, Turinen, uztailaren 26, 27 eta 28an, Climate Social Camp klima eta gizarte ekintzaileen nazioarteko topaketetara, aurten ‘Hormigoia gelditu, ura defendatu’ lelopean egin dena.

Lurraldea defendatzeko ekimenak indarra hartzen ari dira Italia Estatu osoan, eta horregatik hainbat mugimenduetako kideek kanpamentuan parte hartu zuten, hala nola, Florentziatik gertu dagoen Coltanoko base militarraren aurkako borroka, Sizilia eta Italiako penintsula lotzeko zubi bat eraikitzearen kontrako mugimendua edo Milan eta Cortina d'Ampezzo artean ospatu nahi dituzten 2026ko Neguko Joko Olinpikoen aurkako borroka.

Uztailaren 27an mahai-inguru bat egin zen, eta bertan Araba Bizirik-ek Soulevement de la Terre, Askapena, El Sur Resiste karabana eta mugimendu kurduarekin batera parte hartu zuen. Eztabaidak interes handia sortu zuen eta 250 pertsona inguruk jarraitu zuten. Bertan, lurraldearen eta uraren defentsa, sistema kapitalistaren aurkako borrokaren funtsezko alderdiak izan behar direla argi gelditu zen.

Bisitaren bigarren hitzordua, Venausen, Val di Susan, uztailaren amaieran urtero ospatzen den Festival Alta Felicita jaialdia izan da. Aurten, uztailaren 29tik 31ra ospatu da eta milaka eta milaka pertsona bildu zituen (25.000 antolatzaileen arabera) bailararen aldeko eta abiadura handiko trenaren eraikuntzaren aurkako aldarrikapen nagusi baten inguruan. Egungo gerra testuingurua kontuan hartuta, aurtengo jaialdia gai ekologikoan eta klima-aldaketan zentratu da, Turingo Climate Social Camp erakundearen ikuspegiarekin bat eginez.

AHTko lanak eta polizi zaintza, ikusgai

Jaialdiaren bigarren egunean, Abiadura Handiko Trenaren obretara martxa bat egin zen, kasu honetan, San Didero eta Chiomontera. Horiek dira Italiako Estatuak, bailaran, AHTren lanak hastea lortu duen bi leku bakarrak, «obren eremua etengabe okupatuz, hesituz eta militarizatuz». «San Diderora abiatu zen martxa, ehunka poliziak gau eta egun zaintzen duten obra gunera sartzen saiatu zen, hesia apurtu eta botaz, eta bertan liskarrak eta tentsio momentuak eman ziren poliziarekin», azaldu du Araba Bizirik-ek.

Arabako antolakundeaz gain, aurten, Askapenako brigada bat eta Iruñeko Koadro Eskolako beste bat izan dira jaialdian, eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dute bailarako «borroka historikoa». «Horretaz gain, esperientziak partekatu ahal izan ditugu kapitalismoaren aurka eta lurraldearen defentsan borrokatzen duten beste mugimendu batzuekin, hala nola, azkenaldian hainbeste indar hartu duen Soulevement de la Terre mugimenduarekin», baloratu dute.