INFO

Iraganeko ikasgaiek «ostadarrezko» matrikula eman diote Van der Poeli

«Nire ibilbideko garaipenik garrantzitsuena» bezala deskribatu zuen igandeko munduko titulua, Glasgowko zirkuitu konplikatuan, Mathieu van der Poelek. Iraganean izandako ikasgaiak bikain gainditu dituela argi eta garbi utzi zuen herbeheretarrak eta erakustaldia eman zuen berriz ere.

Mathieu Van der Poel, ostadarraren maillotarekin jantzita, Van Aert eta Pogacarren erdian. (Oli SCARFF | AFP)

Mathieu van der Poelek ostadarraren maillota jantzi ahal izango du datozen 365 egunetan; edo, hobeto esanda, datozen 366 egunetan, kontuan izanda 2024 bisurtea izango dela, bere balentriari ikusmira gehiago eman ahal izateko. 28 urterekin, Marianne Vos herrikideak bakarrik lorturiko balentria lortu zuen igandean Glasgowen: ziklo-krossean zuen munduko tituluari errepidekoa gehitzea. Ez hori bakarrik; izan ere, datorren larunbatean hirugarren aldiz izan liteke munduko txapeldun hiru proba ezberdinetan, beti ere BTT proban irabaziko balu. Txirrindulariak berak aukera gutxi ikusten ditu irabazteko, baina igandeko lasterketan gertatutakoak ikusita eta bere ibilbidea nolakoa izan den aztertuta, edozer gerta liteke.

Inork ez du dudan jartzen Van der Poelek duen maila, eta, beste kirolari asko bezala, iraganean hartutako erabakiek baldintzatu dute ziur aski bere ibilbide profesionala. Herbeheretarraren kasuan, ziklo-krossak ematen duen beste indar hori du hanketan. Raymond Poulidor txirrindulari ohiaren bilobak, bere aita Adriren pausoak jarraitu ditu, eta, haren bidez, gidaritzako trebetasuna eta forma fisikoa hobetu ahal izan zituen, bere garaian lehiatzen hasteko eta ondoren txirrindularitzako errepidera saltoa emateko.

Txirrindulari gehienek sasoia amaitutakoan atseden hartzeko aprobetxatzen duten bitartean, Mathieu van der Poel ziklo-kross zirkuituetara bueltatzen da, beste intentsitateko probetan parte hartzeko. Euskal Herriko zenbait txirrindularik ere gauza bera egiten dute; hala nola Ion eta Gorka Izagirre anaiek edo Jonathan Lastrak, esaterako. Kontuak horrela, diziplina honetan ikusi dira, azken aldian, lehiarik onenak Van der Poel eta igandean zilarra lortu zuen Wout van Aert flandriarraren artean.

Ikasgaiak gaindituta

Gauza bat da ziklo-krossetik errepidera emandako saltoa, eta beste bat errepidean bilatzen diren helburuak ez betetzea. Honetaz oso ondo daki Van der Poelek berak. Munduko Txapelketako 2019ko edizioan, zaleak bere maila zein zen ikusten hasi zirenean, ikasgai garrantzitsua jaso zuen. Erreleboetan erakutsi zuen eskuzabaltasuna eta tropelaren buruan indarrez hain erraz zihoala zirudienean, kale egin zuen. Atzean geratzen hasi eta Mads Pedersen eta Matteo Trentinengandik oso urruti helmugaratu zen.

Iaz, gainera, beste ikasgai bat jaso zuen Australiako Munduko Txapelketan. Lehiatu bezperan, neska gazte batzuekin liskarra izan zuen herbeheretarrak hotelean, hauek, gauean, logelara deika aritu ostean. Komisarian amaitu zuen, atxilotuta, eta begirada guztiak bere gainean izan zituen. Hala ere, ia lorik egin gabe, bizikletan igo eta lehiatu ahal izan zuen, kilometro gutxira, bizikletatik jaitsi eta bere irudia zikintzen amaitzeko. Abenduan, Sydneyko epaitegi batek arrazoia eman zion txirrindulariari, eta igandean lorturiko ostadarraren maillota zoritxar horiek guztiak pikutara bidaltzeko balio dezakete.

Van der Poel, Glasgoweko zirkuituko helmugara iristear. (Oli SCARFF/AFP)

Epika eta guzti

Glasgowko garaipena ez zen nolanahikoa izan. Bere tituluak epika pixka bat ere izan zuela aipa daiteke. Tourrean garaipenik lortu ez izanak kritika batzuk sortu zituen zaleen artean, baina herbeheretarrak inork baino hobeto irakurri zuen Eskoziako hirian diseinaturiko zirkuitu konplikatua eta Belgikako selekzio indartsuari gailendu zitzaion bera bakarrik.

Aurreikusita zegoenez, Van der Poel garaipenarengatik borroka egingo zuten beste txirrindulari batzuekin lehiatu zen: Julian Alaphilippe izan zen erasoan saiatu zen lehenetarikoa; eta ondoren, igandera arte munduko txapeldun zen Remco Evenepoelen, Mads Pedersenen eta Tadej Pogacarren saiakerei ondo eutsi zien.

Esloveniarra izan da aurten Monumentu bat irabazi dion bakarra. Flandrian izan zen. UAEko liderrak Tourrean ezin izan zuen Jonas Vingegaardi maillot horia kendu eta igandean bere aukera baliatu nahi izan zuen ostadarrarekin janzteko, Wout van Aertekin batera. Baina zirkuituak biraketa arriskutsu ugari zituen –gainera, lurra bustita zegoen euriarengatik– eta, horrekin batera, errepidean igoera motzak ere bazeuden, indartsuenek beren ezaugarriak baliatzeko.

Hala, Van der Poelek bikain mugitu zuen lasterketa. Lehenengo saiakera batean aurkariak probatu zituen, taldea murrizteko. Eta beste eraso bortitz batean, Montrose Street igoeraren zatirik zailenean alegia –bezperan, sare sozialetan oihartzun handia izan zuen bideoz grabatu zioten bere igoerak–, min egin zezakeen toki bakarrean, lider geratu zen bakar-bakarrik. Van Aertek ez zuen hutsunea bete, eta Pogacar eta Pedersen atzerago geratu ziren.

Garaipenari epika gehiago emateko, lurrera joan zen bihurgune batean, minutu eta erdiko aldea zuenean. Zapatila apurtzeaz gain, eskuinaldean min hartu zuen: ukondoan zauria zuen, kulota urratuta zuen eskuin izterrean, odola ikusten zitzaion... Hala eta guztiz, bizikletara berriro igo, iaz Australian kontrakoa egin zuena, aldeak are gehiago handitu eta, lasterketa amaitzean adierazi zuen moduan, «ibilbideko garaipenik garrantzitsuena» lortu zuen. Non dago Van der Poelen sabaia?