INFO

Alerta gorria ezarri du Lakuak hiru ordutan (15.00etatik 18.00etara), beroa dela eta

Lakuako Gobernuak asteazkenean izango diren tenperatura altuak direla eta, alerta laranja ezarri du (eta gorria 15etatik 18etara) eta zenbait prebentzio neurri hartzeko gomendatu die hiritarrei. Kostaldean 34 gradu inguru espero dira eta barnealdean 40 gradutara iristea espero da.

Bizkaia eta Gipuzkoan 34 graduko tenperaturak eta Araba eta Nafarroan 40 gradukoak espero dira. (Luis Jauregialtzo | Foku)

Asteazken honetan Bizkaia eta Gipuzkoan 34 graduko tenperaturak eta Arabako eta Nafarroako barnealdean 40 gradukoak espero dira. Hori dela eta, Lakuako Gobernuak 12.00tatik 21.00tara ezarri du alerta laranja (eta hiru orduz, gorria ere bai, asteazkenean bertan jakinarazi duenez). Eta horrekin batera, tenperatura altuen ondorioak arintzeko neurriak hartzea gomendatu dute.

Gutxieneko tenperaturak ez dira gehiegi jaitsiko; alegia, Aemeten arabera, Bizkaian eta Gipuzkoan 26 eta 27 gradu arteko tenperatura minimoak izango dira eta Araba eta Nafarroan, bereziki barrualdean, 30 gradu arteko gutxienekoa espero dira. Hala ere, Onintze Salazarrek, Euskalmeteko meteorologoak, nabarmendu zuen ezin dela bero olatu bezala izendatu, soilik egun batean izango baitira tenperatura hain altuak.

‘2023 Bero Planean’ hainbat gomendio ezarri zituen Osasun Sailak eta hurrengo osteguneko tenperaturak direla eta «birgogorarazi» nahi izan ditu. Horien artean, deshidratazioa saihestea berebizikoa dela adierazi du Osasun Sailak. Horretarako beharrezkoa da uneoro ura edatea, eta kafeina, alkohola edo edari azukredunak ekiditea, «deshidratazioa errazten baitute». «Izerdiaren ondorioz galtzen diren gatz mineralak berritzeko gomendagarria da entsalada, barazki edo fruta jatea», jakinarazi dute adituek.

Horretaz gain, bero gehien izango diren orduetan jarduera fisikoa ekiditea ere gomendagarria da, baita beroa sortzen duten makinak erabiltzea saihestea. Gainera, tenperatura altuekin lotutako sintomak ordubete baino gehiagoz nabarituz gero, osasun langileei kontsultatzea izango litzateke hoberena.

Osasun Sailak nabarmendu nahi izan du «pertsona ahulenak» kontu handiagoarekin ibiltzea beharrezkoa dela; hau da, haurrak, emakume haurdunak, bularreko haurrak, adinekoak eta gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak. Egoera larri baten aurrean 112 zenbakira deitu behar dela gogorarazi du.

«Gehiegizko tenperaturak herritarren osasunean duen eragina prebenitzea eta murriztea du helburu Bero Planak, bereziki, urteko hilabeterik beroenetan, eta arreta berezia jarriz egoera ahulenean dauden kolektiboei», jakinarazi du Lakuak.

Eguraldiari buruzko NAIZen webgune bereziak aurreikuspen zehatza eskaintzen du.